Lurraldea Nafarroa
Mendikatea Adi
Altuera 1457 m.
Kokapena 43.01954,-1.44522
Ikusi Google Mapsen
Ikusi OpenStreetMapen
Mendiaren beste izenak <>
Ibilbidea egindako eguna 2017-03-23
Ibilbidearen tracka Deskargatu
Ikusi Wikiloc-en
Ibilbidearen abiapuntua Zilbeti
Ibilbidearen helmuga Zilbeti
Denbora igotzen 2:15 h.
Denbora guztira 4:15 h.
Distantzia 15,8 km.
Igoera desnibela 955 m.
Jeitsiera desnibela 955 m.

Adi

  • Eibartik irteera: 7:00etan
  • Parte-hartzaileak: Pintado, Andoni, Julian, Garate, Iñaxio.
  • Autoa: Julian.

7etan irten Eibartik eta Iruñera abiatu gara, bere saihesbidea zeharkatu eta Uharte aldera joan gara, Orreagara doan errepidea hartzeko, Erroko mendatea igotzen ari garela Zilbeti herrira jo dugu. Inguru guztia zurituta agertzen zaigu, bailarak eta arbolak lantzurdeaz estalita , mendiak eta goiko basoak elurturik. Hodeiak mendi tontorretan, eguzkia beraiekin borrokan, eguzkitan ere hotz.

Zilbeti herri parean, bertara sartu gabe, kotxea aparkatu dugu erreka ondoan. Oinez hasi gara erreka gure eskuman dugula (8:50) eta laster (8:54), bai erreka eta bai pista bitan adarkatzen direnean , ezkerrera hartu dugu zirkular bat egiteko, Leñardiko lepotik igoko gara Adira eta, gero, Lizartxuko lepotik jaitsiko gara, berriz puntu honetara itzultzeko.

Pista zabaletik gorantz egingo dugu eta ia ordu bete martxan daramagunean (9:42) ezkerretara hartu dugu. Haize suabe batek zuhaitz adarretan dagoen elurra gure gainera zabaltzen du, negu giroko ibilaldi eder bat. Lepo batera ailegatutakoan (9:50) Ipar-sortaldera jo dugu eta bideak Liñardiko aterpera eraman gaitu (10:20). Atseden motz bat hartu dugu eta berehala berrekin diogu txangoari, ekarri dugun norabidea mantenduz (ezkerrera dagoen pista utzita), bidea hitoekin markatuta dago. Laster basotik irten eta aldapa piko, gaur elurtuta, bati heldu diogu tontorrera ailegatzeko, Adi (1.457 m) (11:05).

Izugarrizko haize hotz eta indartsu batek eman digu ongietorria, nekez lortu dugu argazkiak ateratzea. Jaitsierari ekiteko, bizkar gainetik, hego-sortaldera hartu dugu, zeharo elurtuta egon arren, nabarmena den bidetik. Bizkarretik jarraituz, gure ezkerrean Pilotasoroko tontorra utzi eta bidegurutze den lepo batera ailegatu gara (12:00), eskumara jo dugu, mendebalera, eta bide zabalak Lizartxuko lepora jaitsi gaitu (12:10), hemen, orain haizerik gabe, zerbait jan-edateko gelditu gara. Jaitsierari berrekin diogu eskumara, ate-sare bat pasatuz. Pista eroso bati jarraituz heldu gara Zilbetira (13:05).

Bazkaltzera Zubirira jo dugu, galdetu eta gero, Gau-Txori jatetxera joan gara, menua 12 €tan, edarietan, baina, ura bakarrik dago barne. Janaria eskatu orduko, ederki sartu zaigun, arrozko odoloste eder bat oparitu digute. Ardo gorri nafarra eskatu dugu (9€/botila). Oso ondo bazkaldu dugu, baina kafeekin eta patxaranekin ( 2,5 €) 18,3 €tan jarri da.

Powered by Wikiloc