- Eibartik irteera: 7:30 etan.
- Parte-hartzaileak: Andoni, Julián, Agustin, Iñaxio, Roberto, Garate, Pintado, Josetxo.
- Autoak: Roberto, Andoni.
Baztan.en dagoen Berroeta auzotik hasi gara oinez 8:45etan. Herriko Ego aldean Elorregi.ra doazen marra zuri -horiak (PR-NA-1) hartu ditugu. Ordu erdi daramagunean ibiltzen (9:15) pista utzi eta eskumara jo dugu marrei jarraituz, aldapaz gora joanez pagaditxo batean erdi erorita dagoen txabola handi batera iritsi gara (9:40), hemen marrak utzi eta zuzen gorantz jarraitu dugu ekarri dugun norabidea mantenduz (Hego- Ekialde). Zelai aldapatsuan gora egin dugu Elorregitik datorren errekatxoa gure eskuman mantenduz, goi aldean berarekin bat egingo dugu Abartan eta Elorregi artean dagoen lepora ailegatu baino zerbait lehenago. Behin lepoan (10:25) Elorri mendia gure eskuman eta Abartan gure ezkerrean dauzkagu, hemen elurra zapaltzen ari gara, eguraldi hotza eta lainotsua. Ezkerrera hartu dugu (Ipar aldera) azkeneko aldapak igotzeko, laster gaude tontorrean, Abartan (1.095 m) (10:45). Laino itxiak ez digu ezer ikusten lagatzen eta dabilen haize hotzak laster bidali gaitu puntatik. Beherako bidea beste aldera hartu dugu, Ipar aldera, Iruñetako zelaietara jaisteko. Gure aurrean ikus ditzakegu; ezker aldean Urlegi (harrizko tontorra), erdi aldean Urdintz (forma biribila eta belartsua) eta eskuman Aizkoa (luzanga eta haitz batzuekin). Lehenengo Urlegi (922 m) (11:12) igo dugu eta gero Urdintz (912 m) (11:23). Altitude hauetan ez daukagu ez lainorik ezta elurrik ere eta ibilaldia erosoago bihurtu da. Urdintz.aren tontorretik zuzen behera egin dugu Ipar-ekialderantz, bera eta Urlegi artean sortzen den pista hartzera. Pistak siga-sagan beherantz egiten du Aniz herri aldera. Berroeta gure ezkerrean ikusten dugu eta gure parean dagoenean lehenengo aukeran pista ezkerrera hartu dugu (12:20), pista berriz eskumara egitera doanean, gure ezkerrean , zelai bat zeharkatzen duen (Berroeta alderantz) bidezidor antzeko bat ikusi eta bertatik belardi osoa gurutzatu dugu bide zabal batekin topo egin arte, bertatik beherantz eginda Berroetara iritsi gara (12:50).
Herriko plazan iturria daukagu bere aska eta guzti, bertan garbitu gara.
Bazkaltzera Donestebera jo dugu, Santamaría jatetxera, Menua 15 € da, kafea barne, urteko ardo onekin eta mantela eta eskuzapiak telazkoak, zerbitzua ere ona. Patxaran bakoitzeko 2,5 €. Gustura irten gara.