60 urte ondoren Euskal Jaiak dantzan jarraitzen du

Euskal Jaia, Eibar, 2025-05-25. Argazkia: Felipe Loiola

Eibarren Euskal Jaia 1965ean abiatu zutenean, pentsatuko al zuten 60 urteren buruan horren beharra izango zela? 2025eko Euskal Jaian bizi izan dugun festa eta komunitate ospakizun giroak berretsi digu baietz, Euskal Jaiaren beharra dugula orain ere. Gizartea aldatu da, Eibar aldatu da, eta Euskal Jaiaren funtzioak aldatu dira, baina eibartarrok frogatu dugu beste behin urtean astebetez besterik ez bada behar ditugula kaleak hartu eta euskal kulturarekin, euskal musika, kantu eta dantzak eskaintzen digun gozamenarekin berotu zenbaitetan hain “hotz” gertatzen zaizkigu kaleak.

Eibarko Euskal Jaia 2025
Txistulariak eta dantzariak kalejiran. Eibar, 2025-05-25. Argazkia: Felipe Loiola

Kalez-kaleko giroa

Txistu eta trikitixa doinuek, kantuak eta dantzak busti ditu maiatzaren 25ean larunbatean Eibarko kaleak. Eibarko txistularien eta trikitilarien kalejirek goizetik arratsaldera girotu zituzten herriko kale nagusiak. Toribio Etxebarrian artisau eta baserritar azokarekin batera, herri kirol erakustaldia izan da, bertsolarien jardun eta taloen usainez zipriztinduta.

Eibarko Euskal Jaia 2025
Dantzariak prest kalejiran hasteko. Eibar, 2025-05-25. Argazkia: Felipe Loiola
Eibarko Euskal Jaia 2025
Eibarko Euskal Jaia. Eibar, 2025-05-25. Argazkia: Felipe Loiola

Duguna-Kezka gazte-trukea

Iruñeko Duguna dantza taldearekin martxan dugun gazte-truke programaren baitan, Duguna eta Kezkako gaztetxoen emanaldia izan dugu Deportibo aurrean. Soka-dantza, trokeo-dantzak, ezpata-dantzak, fandango, arin-arin, jauzi eta kalejira, ikusle ugari batu ziren gaztetxoen dantzekin gozatzera.

Eibarko Euskal Jaia 2025
Kezka eta Dugunako gazteak. Eibar, 2025-05-24. Argazkia Oier Araolaza

Bentazaharreko mutiko alaien kantu-jira eta kantu afariarekin musika, kantu eta kalejiran jarraitu du larunbatak ordu txikiak arte.

Sorgin-dantza ez da sorginen dantza

Igande goizean, Urkizutik Untzagara ohi bezala kalejiran etorri dira txistulari, gaitero, trikitilari eta dantzariak eta ikuslez betetako harmailek txaloz egin diete ongi-etorria deneri. Dantza jaialdia hasteko Kezka dantza taldeko dantzari gaztetxo eta hain gaztetxoek Oriako Sorgin-dantza egin dute Kezkako txistularien doinura. Sorgin-dantza esaten bazaio ere, ez du zerikusirik akelarreetako sorginekin eta bikote arteko jokoa du dantza honek oinarrian.

Oriako sorgin-dantza esaten zaio, Lasarte-Orian gorde zutelako beste toki batzuetan galdu zen bitartean, baina esaten dutenez Bergaratik joandako langileek eraman zuten Oria aldera eta Antzuolan ere dantzatzen da. Garai batean Mutrikun edo Zarautzen ere dantzatzen omen zen. Ez bakarrik Euskal Herrian, Europako beste hainbat tokitan, Norvegian, Frantzian, Katalunian eta abar, dantzatzen da doinu hori antzeko jokoak eginez. Hain zuzen ere, orain urte batzuk, 2013an, Euskal Jaiaren baitan antolatuako Ezpalak jaialdian horrelako hainbat adibide ikusteko aukera izan genuen. Kezkako dantzari txiki eta handiek plazaratu dute sorginen dantza ez den sorgin-dantza.

Eibarko Euskal Jaia 2025
Kezka Dantza Taldea Sorgin-dantza dantzatzen. Eibar, 2025-05-25. Argazkia: Mikel Lahidalga
Eibarko Euskal Jaia 2025
Kezka dantza taldeko ikasleak Sorgin-dantza dantzatzen. Eibar, 2025-05-25. Argazkia: Felipe Loiola

Arkaitz, Gipuzkoako dantzen ordezkari

Tolosako gaitero eta Urolako ttuntturro ohiko gonbidatuez gain, aurtengo dantza talde gonbidatua Añorgatik heldu da: Arkaitz, Añorgako dantzariak. Ehungarren urteurrena ospatzeko bezperatan eta Boiseko Jaialdira euskal dantzarion ordezkari joango diren urtean haien dantza-emariaz gozatzeko aukera izan dugu Eibarren. Mendeurrenera forma bikainean iritsiko direla erakutsi digute añorgarrek. Ezpata-dantza, agurra, soinu zahar bat, uztai txikiena, makila handiena eta zinta-dantzarekin Gipuzkoako dantzen interpretazioan puntako erreferentzia zergatik diren agerian jarri dute Arkaitz taldeko dantzariek.

Eibarko Euskal Jaia 2025
Akraitz Añorgako dantzariak. Eibar, 2025-05-25. Argazkia: Felipe Loiola
Eibarko Euskal Jaia 2025
Arkaitz Añorgako dantzariak. Eibar, 2025-05-25. Argazkia: Mikel Lahidalga

Larrain-dantza Euskal Jaian

Larrain-dantza Lizarratik dator, dultzaineroak bezala, eta bietarako ere afizio latza dago Eibarren. Euskal Jaiko eguerdiko dantza ekitaldiaren hirugarren partean Eibarko Euskal Jaiko klasiko bat plazaratu da: larrain-dantza! Urtero dantzatzen da arratsaldean birritan, baina aurten eguerdian ere dantzatu da.

Eibarko Euskal Jaia 2025
Larrain-dantza dantzatzen. Eibar, 2025-05-25. Argazkia: Felipe Loiola

Eibarren lehen aldiz 1969ko San Juan egunez dantzatu zen larrain-dantza, eta Eibarko Klub Deportiboko dantzariek, Kezkako dantzariek egin zuten. Baliteke aurten dantzatuko dutenen artean egon 1969ko ordu hartan dantzatu zuen norbait ere izatea. Izan ere, iaz Deportiboaren 100. Urteurrenaren aitzakian Eibarren inoiz dantzari izandako guztiak gonbidatu genituen dantzara eta aurten ere ireki dugu gonbidapena, eta 100 lagunetik gora aritu dira azken hilabeteetan larrain-dantza prestatzen. 150 dantzari, adin eta molde guztietakoak batu dira Untzaga plazan larrain-dantza elkarrekin egitera.

Dantzariak bakarrik ez, musikarien aldetik ere nobedade berezia izan da, Eibarko musikari talde eder batek jarri baitu larrain-dantzarako musika. Ez bakarrik gaiteroak edo dultzaineroak, baizik eta metal eta perkusioekin, Musika Eskolako eta Ustekabe txarangako kideek lagundutako banda eder bat montatu baita emanaldirako.

Eibarko Euskal Jaia 2025
Larrain-dantza dantzatzen. Eibar, 2025-05-25. Argazkia: Felipe Loiola

Patxi eta Konpania, 25 urte plazak dantzan jartzen

2000. urte bueltan Le Ball de Europe jaialdira gonbidatu zuten Patxi Perez dantza irakaslea. Han ezagutu zuen dantzaldi gidatuak egiteko moldea eta horrekin batera plazako dantzetako errepertorio dibertigarria: chapelois, circle circassien, schottis, alunelul, e.a. Plazak dantzan jartzeko molde hori Euskal Herrira egokitu eta mende laurden bete ditu dantzaldiak gidatzen. Askotan izan da Eibarko Euskal Jaian eta aurten ere plaza bete dantzazalek gozatu du Patxi eta Konpainiaren dantzaldian hamaika dantza-jauzi, fandango, arin-arin, balts, sorgin-dantza eta txapeloaz, borobila, ezkotixa eta abarrekin. Zorionak Patxi eta beste 25 urtetan dantzan jarrai dezagula.

Eibarko Euskal Jaia 2025
Patxi eta Konpainia. Eibar, 2025-05-25. Argazkia: Oier Araolaza
Eibarko Euskal Jaia 2025
Patxi eta Konpainia. Eibar, 2025-05-25. Argazkia: Oier Araolaza

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude