Komunitatea dantzan Euskal Jaian Deportiboaren mendeurrena ospatzeko

Euskal Jairako dantza entsegua, 2024-05-10. Argazkia: Oier Araolaza – Dantzan cc-by-sa.

Dantzaren funtzioetako bat herrikideak batu eta dantzaren plazera elkarrekin partekatuz komunitatea jostea dela diote adituek. Eibarko Klub Deportiboaren 100. urteurrena ospatzeko Eibarren inoiz dantzan aritutako guztiei zabaldu genien gonbidapena elkarrekin dantzan aritu eta plazaratzeko. Entseguetan bizi izan dugun giroa, ilusioa eta elkarrekin dantza egitearen poza ikusita, dantza antropologoei arrazoia eman beharrean gaude. Herrikideak elkarrekin dantzan arituta, komunitatea egin eta trinkotzen dela sentitu dugu entsegutik entsegura.

Euskal jairako entsegua 2024 - 02

Euskal Jaira begira dantzarien entsegua, 2024-01-11. Argazkia: Oihane Llorente – Kezka dantza taldea. CC-by-sa.

Txistularien kalejirak

Dantzariak dantzarako prestatzen aritu badira, txistulariek ere tresnak puntuan jartzeko gonbidapena izan dute eta garai bateko eta gaur egungo txistulariak entsegutan aritu dira aurtengo Euskal Jaian kaleak inoiz baino gehiago txistu soinuz betetzeko. Larunbatean eguerdi partean txistulari talde ederra kalez kale ibiliko da eta igandean Euskal Jaiko kalejira nagusian parte hartuko dute.

Txistularien entsegua 2024

Txistularien entsegua, 2024-05-17. Argazkia: Idoia Lahidalga.

Iribastik Imotzera

Kezka dantza taldearen historian garrantzia berezia izan duen errepertorioa hautatu dugu elkarrekin lantzeko eta dantzatzeko: Iribasko ingurutxoa eta Imotzeko esku-dantza. Biak Nafarroako dantzak dira eta biak Donostiako Argia dantzari taldeak bildu eta ezagutzera eman zizkienak Euskal Herri osoko dantza taldeei. 1968. urtean Iribasen Juan Bautista Lasarterekin ikasi zuten ingurutxoa Juan Antonio Urbeltzek eta Marian Arregik.

Argia - Iribasko ingurutxoa 1971 - 02

Argia dantzari taldea, Donostiako Trinitate plazan Imotzeko esku-dantza dantzatzen. 1971-09-11. Argazkia: Arturo Delgado – Kutxateka

Argiarekin egiten zituzten dituzten emanaldietan Iribasko ingurutxoaren ondotik Imotzeko esku-dantza egiten zuten. Dantza taldeek biak lotuta jaso bazituzten ere, elkarrekin emate hori Urbeltzen eta Arregiren ekarpena izan zen. Eta ez hori bakarrik, Imotzeko esku-dantza bera Argiakoek egindako birsortze lana izan zen.

Urbeltz ingurutxoa Dantzan Ikasi 2011

Juan Antonio Urbeltz ingurutxoa irakasten, 2011. urtean. Ikasleen artean Kezka eta Dugunako dantzariak.

Iribasko ingurutxoa eta Imotz-eko esku-dantzak berehalako arrakasta izan zuen herri askotan, baita Eibarren ere. 1970eko hamarkada hasieran Kezka dantza taldeko emanaldietan eskaintzen hasi ziren eta 1974an, Eibarko Klub Deportiboaren 50. urteurrenean Arraten eskainitako dantza-saioan dantzatu zen. Hortik aurrera Kezka dantza taldearen emanaldietan dantza kuttuna izan da.

Kezka Iribas Arraten 1974

Iribasko ingurutxoa Kezka dantza taldearen eskutik Arraten, 1974. urtean, Deportiboaren 50. urteurrenean. Irudia: Emilio Ayastui.

Kezka Iribas 1983cc

Kezka dantza taldea, Iribasko ingurutxua eskaini berri Untzagan, 1983 inguruan.

Kezka Iribas 2010

Kezka dantza taldea, Iribasko ingurutxoa dantzatu berri, 2010-06-18. Argazkia: Iñaki Zugasti.

Eibarko dantzaren historian azken 50 urteotan hainbat une berezitan plazaratu dira Iribasko ingurutxoa eta Imotzeko esku-dantza, eta beraz, Eibarko dantzarientzat esanahi berezia hartu duen errepertorioa da. Horrela, Eibarko Euskal Jaiaren 50. urteurrenean ere Iribasko ingurutxoa eta Imotzeko esku-dantza elkarrekin dantza egitera plazaratu ziren 150 bikote.

Eibarko Iribas 50. Euskal Jaia

Iribasko ingurutxoa Eibarko 50. Euskal Jaian, 2015-05-31. Argazkia: Fernando Retolaza.

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: Taldeko argazkia

100 bikote baietz?

2024ko Euskal Jairako, Eibarko Klub Deportiboaren 100. urteurrena ospatzeko 100 bikote baietz erronka bota genuenean berehala ohartu ginen erraz bilduko ginela kopuru hori. Baita gehiago ere. Entseguetan izan den giroa eta elkarrekin dantza egiteko ilusioa ezin da zenbakietan jaso, baina uste dugu 125-130 bikote inguru, beraz, 250 dantzaritik gora bilduko garela maiatzaren 26an elkarrekin dantzara Untzaga plazan.

Eibar Iribas 2024 entsegua

Iribasko ingurutxoaren entsegua Errebalen, 2024-05-17. Argazkia: Oier Araolaza – Dantzan cc-by-sa.

Urtarrilean hasita maiatza bitartean Errebalen egin dugun entsegu bakoitza festa bat izan da. Lehen egunetan billantzikoarekin urduritasun apur batzuk izan baziren ere, elkarri lagundu eta gozatzeko zegoen gogoak tentsio guztiak erlaxatu eta dantzaz eta taldeaz gozatzera eraman gaitu denok. Euskal jaiko igandea egun handia izango da, baina aurretik elkarrekin bizi izan ditugun dantza-egunak ere halakoak izan dira, hamar entsegu, hamar festa handia, eta igandean hamaikagarrena.

Euskal jairako entsegua 2024 - 01
Euskal jairako entsegua 2024

Euskal Jairako entsegua Errebalen, 2024-05-10. Argazkia: Oier Araolaza – Dantzan cc-by-sa.

Duguna eta Gathubi

Aurten 75 urte betetzen ari den Iruñeko Duguna dantza taldea izango dugu Euskal Jaian dantza-gonbidatu nagusia. Larunbat arratsaldean Dugunako dantzari gaztetxoek eskainiko dute emanaldia Eibarko gaztetxoekin batera. Igande eguerdian Duguna dantza taldeak berak Sanferminetako trokeo-dantzak eta soka-dantza eskainiko dituzte. Arratsaldean, Dugunako musikariek osatzen duten Gathubi taldeak jarriko dantzaldiaren musika.

Duguna 2023 trokeo-dantzak

Duguna dantza taldea, 2023-10-21. Argazkia: Alex Berasategi.

Txistu eta dantza Euskal Jaian

Maiatzak 25, larunbata
12:00 Txistu-poteoa eta triki-poteoa.
18:30 Duguna eta Kezka dantza taldeetako gaztetxoen emanaldia Toribio Etxebarrian, Klub Deportibo aurrean.

Maiatzak  26, igandea
11:00 Eibarko dantzarien eta txistularien argazkia Untzagan
11:30 Kalejira Untzagatik Urkizura.
12:00 Euskal Jaiko kalejira Urkizutik Untzagara.
12:30 Euskal Jaiko dantza jaialdia Untzagan Duguna dantza taldea eta Kezka dantza taldearekin.
17:30 Dantzaldia Untzaga Plazan Gathubi taldearekin.

Eibarko 59. Euskal Jaia


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude