Arrateko dantzak: hamargarrena

Konturatu orduko hemen da hamargarrena. 2005ean abiatu genituen Arrateko Amaren dantzak, eta itxaropena genuen hamar urteren buruan errotuta izango zirela bere festan. Gaur egun Arrateko eguneko argazki ohikoetakoa da ezpata-dantzariena, komunikabideetan behintzat. Hamar urteotan irailaren 8ko goiz eta eguerdiko ospakizunek apur bat behera egin dutela ere sumatzen dugu. Ulergarria da. Aurten ere astelehen buruzurian egokitu da Arrate eguna, eta dantzarion artean ere asko dira lanean izanik jai hartzeko modurik ez dutenak. Lanean hasi berriak ditugu batzuk gainera, eta horiek oraindik zailago lanean hasi eta astebetera jai eguna eskatzea. Eta hala ere 40 lagunetik gorako ezpata-dantza plazaratuko da aurten ere Arraten.

Aurretik ere izan dira dantzak

Bai horixe. 2005. urtea baino lehenago ere makina bat dantzari, talde, txistulari eta dantza plazaratu izan dira Arraten. Hain zuzen ere, Arraten dantzak ezinbesteko osagai zirela ohartu ginelako erabaki genuen ezpata-dantza eta trokeo-dantzak bertarako prestatzea. Arrateko dantzak prestatu aurreko urtean, 2004. urtean zer dantzatu zen Arraten? Gipuzkoako ezpata txiki-en dantza eta prozesioaren ondoren agurra. Horra 2004ko Arrate eguneko bi argazki, bietan Josu Garate ageri da, meza nagusian ezpata-dantza egiten eta prozesio ondoren elizaren atarian agurra dantzatzen.

Arrate 2004 09 eta 65

Aurreko urte eta hamarkadetan Zumarragako ezpata-dantza eta Gipuzkoako ezpata-dantzak izan dira gehien dantzatu direnak Arraten irailaren 8an. Bi ezpata-dantza hauek egiterakoan, baina, ezpata txikien partea soilik eArrate XVIII mendeko grabatuagiten zen Arraten. Dantzari bakarra batzuetan, bi beste batzuetan, eta talde handiagoak, baita zortzikoak ere beste batzuetan, baina ezpata luzerik gabe, ezpata txikiekin soilik.

Eta aurretik? XVIII. mendekoa omen den Arrateko grabatu batean ageri den soka-dantza da ezagutzen dugun irudi zaharrena Arraten egiten ziren dantzei buruz, eta dakigunez XX. mende hasieran ere soka-dantzak ohikoak ziren orandik, erromerietako dantza nagusia baitzen garai horretan soka-dantza.

Arrate XX hasiera soka-dantza

Arrate 1949 Dabid Arriola

Prozesio eta erritualen orduan ostera, ezpata-dantzen irudiak dira ohikoenak. XX. mendean durangaldeko dantzari-dantza egin zen askotan, eta zortzi ezpata-dantzarik lagundu ohi zuten Arrateko Ama Birgina prozesioan, eskuineko argazkiak ikus daitekeen moduan. 1940ko hamarkadako argazkia da, Educacion y Descansoko dantzariak dira, eta horien artean [lepoa oker eginda duena] Dabid Arriola dantzaria ageri da.

Hango eta hemengo dantzak beraz, eta baita propio Arratera sortutako dantzak ezartzeko ahaleginak ere. Horixe da adibidez 1968ko kontua, Jon Oñatibiak dantza bat propio sortu baitzuen Arraterako eta Galdakaoko Andra Mari dantzari taldea etorri zen dantza hori egitera. Dantza horren xehetasun koreografikoak idatziz utzi zituen Jon Oñatibiak eta 2005ean ezpata-dantza prestatzen aritu ginenean Eresbilen jaso genituen dantza horri buruzko idatziak eta aztertu genituen. Kepa Artetxek, Galdakaoko Andra Mari dantzari taldeko dantza-maisuak Arraten dantzatu izana ere gogoan du Jon Oñatibiaren sorkuntza hartan.

Gonbidatuen soka

Garai batean, beste herrietako dantzariak norberan herriko festa eta dantzetan parte hartzera gonbidatzeko ohitura izan zela sumatuta, Arraten ere beste horrenbeste egiten hasi ginen 2005ean. Adibidez, Jose Antonio Olano, Juan Inazio Iztuetaren ikasle izandakoa, Zumarragan, Antion ezpata-dantza egitera gonbidatu zuten 1882an. 65 urte zituen ordurako Olanok, baina hala ere, dotore dantzatu zuela jaso zuten garaiko kronikek.

Arrate 2005 1473
2005eko gonbidatuak, Iñaki Arregi eta Mikel Sarriegi ezpata-dantzan. Buruzagi makilaren Maitane Castillo. Argazkia: Felipe Loyola.

Honako hauek izan ditugu gonbidatu Arrateko dantzetan orain arte:

  • 2005 Iñaki Arregi, Mikel Sarriegi. Ohorezko gonbidatuak: Juan Antonio Urbeltz eta Mari Angeles Arregi.
  • 2006 Jon Lizarralde, Lurdes Odriozola, Abel iriondo, Mikel Legorburu.
  • 2007 Jexux Larrea, Jokin Otamendi, Fernando Aristizabal
  • 2008 Mikel Goitia, Egoitz Krutxaga, Goizane Olea, Iraitz Barandiaran. Ohorezko gonbidatua: Kepa Artetxe
  • 2009 Aritz Ibañez, Garikoitz Otamendi
  • 2010 Lisa Corcostegui, Enrike Corcostegui, Andoni Iriondo, Jon Olano
  • 2011 Claude Iruretagoiena, Jon Iruretagoiena, Aritz Iglesias
  • 2012 Soiartze Artetxe, Fernando Rojo, Xabier Etxabe
  • 2013 Izaskun Salazar, Nerea Mendizabal, Jaione Barandiaran

2014ko Arrate egunean Arrateko dantzetan bakarlari lanetan arituko diren bi gonbidatu bereziak Nagore de las Cuevas eta Arkaitz Pascuas dira.

Arrate 2014 ordutegia

Irailaren 8an, astelehenean, ohi bezala meza nagusian izango dute Arrateko dantzarien kofradiako kideek lehen agerraldia Usartza txistulari taldeko musikarien laguntzarekin. Ondoren prozesioa, ezpata-dantza elizaren atarian, eta segidan ezpata-dantza eta trokeo-dantzak Arrateko zelaian. Hona ordutegia:

11:00 Meza nagusian Arrateko ezpata-dantza
12:00 Prozesioa eta Arrateko ezpata-dantza elizaren atarian
12:30 Arrateko ezpata-dantza eta trokeo-dantzak zelaian


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude