Kezka Dantza Eskolako ikasleentzat ikasturte bukaerako emanaldia izaten da Eibarko Dantzari Eguna.
Urtean zehar ikasitako dantzak aurkeztu eta dantzatzen dituzte egun horretan. Kezka dantza taldearentzat estreinaldietarako zita izaten da. Hamar minutu inguruko saioa egin ohi du, ikasleen dantzen ondoren, baina hamar minutu horiek prestatzeko urte osoko lana izan du maiz taldeak.
Errepertorio berri bat ikasi, barneratu eta aurkezteko ahalegina egiten dugu Dantzari Egunerako. Iaz, hortxe egin zuen lehen jendaurreko agerpena Arrateko ezpata-dantzak. Aurten, bide horri jarraituko diogu. Iaz ere estreinatu genuen Arrateko makila txikien dantzarekin batera, Arrateko dantzen sorta osatzera datozen beste bi dantza aurkeztuko ditugu: makila handiena eta brokel-makilena.
Oraingoan ere Usartza txistulari taldeko Jose Miguel Laskurain-ek prestatu ditu bi pieza berrien doinuak, eta Kezkako txistulariek, Andoni Altzibar, Felix Elortza eta Iñaki Baruak joko dituzte estreinaldian. Horiekin batera Jainaga eta Narbaiza trikitilariek osatzen dute jaialdian parte hartuko duten musikari taldea.
- Eibarko Dantzari Eguna
- 2006ko ekainaren 16an, ostiralean
- 19.30etan Untzaga Plazan


Utzi erantzuna