Etiketa honen artxiboa: trokeo-dantzak

Ostarteak zabalak dira gero Arrate gainean

10:55 Argazkia egiteko ordua dugu. Dantzari gehienak prest daude. Iñaki eta Felipe, argazkilariak udalekuko terrazako atean daude. Kezkatuta begiratzen dute kalera. Euri fin eta itsaskorrak dirau, azken orduetan bezala. Kalabobos famatua. Eta ez du trazarik atertzeko. Erabakiak hartzeko unea da. Arriskatu egingo gara, ez zaigu beste irtenbiderik okurritzen. Aulkiak prestatu eta dantzariak antolatzen hasi gara. Nahikoa burukomin izan dugu dantzari guztiak argazki kameren objetibo txikietan kabitu ahal izaten. 64 dantzari argazkirako antolatu nahian, ez gara euriaz gehiago akordatu. Ez eta beharrik ere. Ostartea zabaldu baita dantzariak argitara atera ahala. Lotsati lehenengo, lotsagabe ondoren, eguzkitsu azkenerako. Ostarteak zabalak dira gero Arrate gainean!

2013-09-08_Arrate-eguna-IMG_9095_IZ

Argazkia bukatu eta urteroko sesioa. Eliza barrura ezpata-dantzaren barruko ala kanpoko lerroak tokatzen ote diren. Aurten barrukoak sartu dira. Datorren urtean akordatzen ez bagara, aber hemen begiratzeaz gogoratzen garen. Hamaiketako meza nagusian, konsagrazioaren ondoren sartu ohi gara eliza barrura. Altxatu du gora Xabier parrokoak ostia eta prestatu ditugu barruko bi lerroak. Ezpatak altxatu eta zubiak egiteko uneak “emozio” fuerteak izaten ditu berarekin. Jendea gain-gainean, eta ezpatak trabesean, indarka, batera eta bestera… halako batean “Kristoren odola” eta “eliztarren batena” elkartuko zaizkigu…

2013-09-08_Arrate-eguna-IMG_9109_IZ

Prozesio motza

Gurutzerako bidea lokaztuta zegoela eta, prozesioa elizaren inguruan egingo dela abisatu digute. Pena hartu dugu, polita izaten baita basoko ezpata-dantza. Asfalto garbian azkar egin dugu buelta, eta elizako atarian Ama Birjinaren aurrean dantzatu dugu Arrateko ezpata-dantza.

2013-09-08_Arrate-eguna-IMG_9174_AU2013-09-08_Arrate-Eguna_FL_9841

Aurtengo lau bakarlariek bezperan ere dantzatu arren ez dute neke trazarik. Beasaingoak ditugu laurak: Nerea Mendizabala, Jaione Barandiaran eta Izaskun Salazar dira aurtengo hiru gonbidatuak, eta haiekin da, laukotea osatzen eta aitaponteko lanak eginez, Mikel Sarriegi.

2013-09-08_Arrate-eguna-IMG_9239_AU

Arrateko zelaiko floridadia?

Zelaiko lokatzean nekez aurki daiteke belar arrastorik. Azken bi egunetako euriek eta bezperako festak berde aztarnarik gabe utzi du zelaia (?), eta gosetutako basurde saldoak baino basa handiagoa utzi du. Olazabalen caddiea bezala ibili gara, greeen-eko egoera aztertzen, eta azkenean ezpata-dantza eta trokeo-dantzak probalekuan, harri gainean egitea erabaki dugu.

2013-09-08_Arrate-Eguna_FL_9940

Usartzako txistulariak ederki asko entzun ditugu aurten, soinu ekipo txukuna eta txosna guneko altabozekin lotura jarri baititu Udalak. Lejardik ur botilak ekarri dizkigu, eta aitzakiarik ez dago beraz dantzari ekiteko. Bi parrilla osatu ditugu ezpata-dantzan eta onenak eman ditugu trokeo-dantzetan. Beasaingo dantzariek Goierriko urratsekin loratutako zortziko ederrak dantzatu dituzte, eta ezpata-dantza berriz osatuta egin dugu erretreta, zerua eguzkitsu eta dantzariok irripartsu.

2013-09-08_Arrate-eguna-IMG_9276_IZ2013-09-08_Arrate-Eguna_FL_100182013-09-08_Arrate-Eguna_FL_101182013-09-08_Arrate-Eguna_FL_101482013-09-08_Arrate-Eguna_FL_101752013-09-08_Arrate-Eguna_FL_10286

Honen bestez, eskerrik asko kofrade lagun zaituztegun guztiori. Datorren urtean berriz hitzordua Arrate gainean, astelehenez, aste barruko zereginek uzten diguten einean. Gu hasiak gara abarketa berriak erosteko aurrezten!

2013-09-08_Arrate-eguna-IMG_9598_AU

Hemen Iñaki Zugastik eta Felipe Loyolak egindako argazki sorta: