Etiketa honen artxiboa: kezka

“Besta Berri” Zornotza eta Andoainen

Besta Berri Zornotza eta Andoainen

Ia urte bete pasa da joan den urteko abenduan, Bilboko Arriagan, Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean eta Argia, Duguna, Haritz, Maritzuli, Xinkako eta Kezkako dantzarion parte hartzearekin. Denboralditxoa generaman berriz ikuskizuna taularatu gabe, maiatzaren 18an Euskal Jaien bueltan Eibarren bertan eman genuenetik hain zuzen ere. Eta orain berriz, denbora gutxian, apenas jantziak gainetik kendu eta garbitzeko astirik izan dugu: Zornotzan lehenengo urriaren 26an eta, hamabost egun geroago, Andoainen, azaroaren 9an.

2013-11-08_Besta-Berri_Andoain_IMG_1338_IZ

Udako oporretatik bueltan, Arrate eta Iruñeko ezpata-dantzen saioak atzean laga ostean ekin genien etxeko prestaketa laneri. Besta Berrin tokatzen zaizkigun konpromisoak behar den bezela bete ahal izateko gure gazteenak hutsuneak betetzera sartuak ziren ikuskizunean eta haiek ere fin hartu zituzten egin behar berriak. Zornotzarako eguna gerturatu ahala, aurreko asteburuetan partaide guztiak elkartuta hautsak kendu genizkien jantzi eta dantzeri Donostian izandako saioetan.

2013-11-08_Besta-Berri_Andoain_IMG_1413_IZ

Eguna iritsita ohi bezela azken orduko errepasoa egin genuen lekua hartu eta dudak uxatzeko. Frontoian zen Zornotzakoa, balioaniztun eraikina, baina honek sarritan berarekin dakarren hoztasunetik at, txukun antolatuak ziren eszena atzekalde eta aldatzeko lekuak. Dantzariok eskertu genuen lekua izatea, bertatik bertara, erropa aldaketak azkar egin eta dena ere behar den bezela antolatua izateko.

2013-11-08_Besta-Berri_Andoain_IMG_1677_IZ

Lehen aldia zutenen urduritasunek markatu zuten ikuskizuna, berritasunak. Beldurrak beldur ederto joan zen emanaldia; barrutik hala igarri genuen eta kanpotik begira izan genituenek ere hala adierazi ziguten. Dutxak, materiala jaso eta pozik egindako lanaz etxera, hurrengora arte.

2013-11-08_Besta-Berri_Andoain_IMG_1738_IZ

Hamabost egun beranduago Andoainen genuen topagunea berriz ere. Zornotzako entsegua eta gero, betiko ikutuez gain, geneukanarekin atera ginen agertokira. Egindakoetatik saiorik txukunena eman ez genuela jakinda ere, jendearen txalo zaparrada beroa jaso genuen eta horretxekin aurtengoz agur esan genion Besta Berriri. Hurrengoko zita urtarrilaren 4an, Gasteizen, gabon zaharretako nagiak eta gehiegikeriak gainetik kendu eta 2014. urte berriari ongi etorria egiteko. Zer hoberik dantzan hastea baino!

2013-11-08_Besta-Berri_Andoain_IMG_1890_IZ

Arrateko dantzak Iruñean leku eginez

Iruñeko Duguna taldeko lagunek, Aldapako San Ferminen ezpata-dantza plazaratu zutela bosgarren urtea betetzen zela eta, gurekin batera ospatu nahi izan zuten seinalatutako asteburuan bertara dantzara gonbidatuaz. Bigarrenez irailean Arrate egunez egin beharreko lanak eskaintzeko aukera izan genuen Nafarroako hiriburuan.

Larunbat bazkalostean, Iruñera iristeaz batera, euriak jaso gintuen, gogotsu. Eguraldiak onera egingo zuelako esperantzarekin eta ordutegiarekin genuen marjina tarteko aurreikusitakoarekin aurrera jarraitzea erabaki genuen. Dugunakoek Arrotxapean erabiltzen duten eskolapioen eskolan batu eta beharrezko agindu eta argibideak eman eta gero segituan ginen erropa zuriak janzten; ostegunean Donostian Gipuzkoako urrezko dominaren ekitaldian erabili ostean, ez zuten lan makala hartu Arantzak eta Maikak erropak plantxatzen berriz luzitzeko eran izan gintezen!

Atertu ostean, eta kaleak lehortzen joan zitezen astia ematen zezan, ekitaldia ordu bete atzeratzea erabaki zen. Prest ginen seiak ingururako baina kaleak oraindik ere busti-busti eginda zeudenez, abarketak eskuan hartuta urreratu ginen Maiatzaren 2an Dugunak duen egoitzara. Kaleko oinetakoak lanerako abarketengatik aldatu eta, Oier Araolaza buru zela, zazpiak puntuan ekin genion kalejirari. Enrike Montero eta Ainara Ibañez txistuekin eta Iñaki Barua atabalarekin talde buru genituela lan berezia izan genuen Iruñeko alde zaharreko kaleeten tragoa eskuan zuela zebilen jende andanaren artean bidea zabaldu eta udaletxe plazara iristen. Ikusleak ala ikusgarriak, nork ote zuen harridura aurpegi haundiagoa ez dakigu!

2013-09-28_Irunea-ezpata-dantza_0311_IZ

Plazan ginela, ezpata-dantzarekin hasi orduko, erropen zuritasunak eta iriarena doinuak erakarrita segituan inguratu gintuzten iruindarrek. Arrateko ezpata-dantza lehenengo eta trokeo dantzak atzetik, betiko ahaleginak egin genituen saioa txukun joan zedin. Jendearen txaloek gure eginahalak gozotu ostean, erretiratu eta berriz oinetakoak aldatu aurretik, familia argazkia egin genuen udaletxe parean.

2013-09-28_Irunea-ezpata-dantza_0407_IZ2013-09-28_Irunea-ezpata-dantza_0530_IZ

Dutxa eta gazteenen atontze lan sakonen ostean, afaria zain genuen Dugunakoen egoitzan. Beraiek egin zituzten zerbitzari lanak eta giro ezin hobean joan zitzaigun afalordua. Gero gerokoak izan ziren alde zaharreko kaleetan eta berandu gabe Arrotxapeako eskolapioetan zain genuen hotel inprobisatura erretiratu ginen lotara.

Igande goizez, asteburuko eguraldi totelak nahikoa eutsi zion eta Aldapako San Ferminen ezpata-dantza ederraz gozatzeko parada izan genuen; jendez gainezka zeuden kaleetan barrena lehehengo eta udaletxe plazan ekitaldi buruan. Dantzak bukatuta, bazkari kontuak Iruñean bertan egin genituen, autobusa hartu eta berriz etxera bueltatu aurretik.

Bukatu aurretik, eskerrik asko eta zorionik beroenak Dugunako lagun taldeari zuen artean halako modu adeitsuan leku egitearren. Nahi duzuen arte!

[Hemen Iñaki Zugastik ateratako argazki gehiago]

Villacher Kirchtag 70. jaialdira

Austriako Villach herrian ospatzen den Kirchtag jaialdian parte hartuko du Kezka dantza taldeak abuztuaren 1etik 4ra. Kirchtag Jaialdiaren 70. urteurrena ospatzen da, eta hori dela programa erraldoia antolatu dute Austriako herri honetan.

Musika eta dantzaz gainezka izango da Villach jaialdi egunetan, izan ere, 50 musika emanaldi programatu dituzte eta dantzari dagokionez, Grezia, Georgia eta Austriako taldeek parte hartuko dute, Euskal Herria ordezkatuz parte hartuko duen Kezka dantza taldearekin batera. Festak irauten dituen astebetean 400.000 bisitari espero dituzte Villach-en.

2002-07-29-05_Villacher-Kirchtag-Haritz-EDT_1747

Abuztuaren 2an eta 3an eskainiko ditu Kezka dantza taldeak emanaldiak Villach-en. Jaialdiaren une gorena abuztuaren 3an izango da, kalejira erraldoi batek hartuko baititue Villach-eko kaleak. 100 talde (musika-bandak, musika tradizionaleko taldeak, dantza taldeak, e.a.) baino gehiago izango dira kalejiran, 4.000 lagun inguru musika egiten edo dantzan, eta 50.000 ikusle kale bazterretan ekitaldiaz gozatzen. Hemen 70. Villacher Kirchtag festaren programa:

Kezka dantza taldeko espedizioa 40 lagunek osatzen dute, musikak eta dantzariak denak, eta euskal dantza sorta berezi bat prestatu dugu Kirchtag jaialdian egingo ditun emanaldietan aurkezteko. Arrateko ezpata-dantza lagin bat ere Villach-en izango da.

2002 urtean, Elgoibarko Haritz dantzari taldeak parte hartu zuen Villach-eko Kirchtag jaialdian, eta horri esker Eibarko zenbait dantzarik jaialdia ezagutzeko aukera izan zuten.

2002-07-29-05_Villacher-Kirchtag-Haritz-EDT_1743

Villach, 2002. Oihane Valenciano trikitilaria Austriako soinu jole batekin.

Uztailaren 29an abiatuko da Kezka dantza taldea Austriara bidean, eta Italian eta Eslobenian geldialdiak egin ondoren abuztuaren 1ean iritsiko da Villach-era. Emanaldiak abuztuaren 2an eta 3an egin ondoren, Eibarrera itzulera abuztuaren 6rako aurreikusita daukagu.

 

Besta Berri Victoria Eugenian, lehen argazkiak

Bart Donostian eskainitako Besta Berri ikuskizunean Iñaki Zugastik egindako argazkien lehen sorta aurrerapena helarazi digu.

Argia dantzari taldea eta Juan Antonio Urbeltz-en “Besta Berri” ikuskizuna Donostiako Victoria Eugenia antzokian, Argia, Duguna, Haritz, Maritzuli, Xinkako, Gure-Kai eta Kezka dantza taldeekin, 2013ko ekainaren 9an. Argazkiak: Iñaki Zugasti.

2013-06-09_Besta-Berri-Victoria-Eugenia_IZ_87902013-06-09_Besta-Berri-Victoria-Eugenia_IZ_88042013-06-09_Besta-Berri-Victoria-Eugenia_IZ_88582013-06-09_Besta-Berri-Victoria-Eugenia_IZ_88972013-06-09_Besta-Berri-Victoria-Eugenia_IZ_89272013-06-09_Besta-Berri-Victoria-Eugenia_IZ_89492013-06-09_Besta-Berri-Victoria-Eugenia_IZ_90052013-06-09_Besta-Berri-Victoria-Eugenia_IZ_90122013-06-09_Besta-Berri-Victoria-Eugenia_IZ_90552013-06-09_Besta-Berri-Victoria-Eugenia_IZ_91142013-06-09_Besta-Berri-Victoria-Eugenia_IZ_91182013-06-09_Besta-Berri-Victoria-Eugenia_IZ_91672013-06-09_Besta-Berri-Victoria-Eugenia_IZ_9236

Soka-dantza Santa Kurutzen 2013

Baserritar gazte belaunaldi berri bat loratu da Santa Kurutz ermitaren inguruetan. Batez ere Mandiola eta Gorostako baserrietan hazitako gazteak dira, Santa Kurutzeko festak antolatzekon testigua hartu, eta beraien bizi-pozakin kutsatu dituztenak. Emilio Azurmendi Sagarbitzaren hutsuneak markatu ditu aurtengo festak, baina belaunaldi berriaren festa-gogoak poza ekarri du Santa Kurutzera.

2013-05-05_Santa-Kurutz-soka-dantza_IZ_6586

Irati Kortabitarte eta Ane Sarasketa aurresku eta atzesku lanetan, eta Esther Kareaga eta Ainhoa Larrañaga zerbitzari lanetan, inguruko baserritarrek, emakumeek osatu dute soka ermita aurrean. Usartzarko txistularien doinura etorri dira desafioa, lehen gizonaren plazaratzea, kontrapasa, agurra, aita-san migel. Lehen zubiaren ondoren, Alberto Sarasketa “Azpiri” atera dute zelaira eta alabak dantzatu dio agurra.

2013-05-05_Santa-Kurutz-soka-dantza_IZ_6652

Bigarren zubia eta bigarren desafioaren ondoren iritsi dira fandangoa, arin-arin eta kalejira. Dantzarako baino iheserako hanka arinagoak dituela erakutsi du mutilen batek, baina gainontzekoek onenak emanda erantzun diote emakumeen gonbiteari eta dantza soltean haiekin aritzeko erronkari.

2013-05-05_Santa-Kurutz-soka-dantza_IZ_6693

Dantza osteko txorizo, odoloste eta gaztaiek ondo baino hobeto berdindu dituzte dantzak egindako hutsuneak.

Dantza Coliseoan: Argia: Besta Berri

Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean, eta Argia, Duguna, Maritzuli, Haritz, Gure-Kai, Xinkako, Ezpelur eta Kezka dantza taldeetako dantzari eta musikariekin, iritsiko da Eibarrera Besta Berri ikuskizuna. Corpus Christiren inguruko festetan inspiratuta, hiru piezak osatutako emanaldia prestatu du Argiak.

Eibarko Euskal Jaiaren egitarauan eta Eibarko Udalak antolatuta eskainiko da Coliseo antzokian Bilboko Arriaga antzokian estreinatu ondoren. Ekainaren 9an Donostian, Victoria Eugenia antzokian izango da Besta Berri.

2012-12-02_Besta-Berri-Arriaga_IZ_lehen-sorta_2474

Kezka dantza taldeko Irati Kortabitarte, Olaia Gabirondo, Luken Aranburu, Unai Txurruka, Egoitz Blanco, Ander Garitagoitia, Oier Araolaza, Maider Otaola, Enrike Izagirre, Ainhoa Larrañaga, Josu Garate eta Aiert Ibarbia dantzariak parte hartzen dute Besta Berri ikuskizunean.

Corpus Christi

Corpus Christi festa Urbano IVak ezarri zuen 1264an, eta indar harrigarriz zabaldu eta errotu zen Europako mendebaldeko festa egutegian. Gorpuzti eguneko prozesio eta erritualak iruditeria eta dantza agerraldi ederrenen erakusleku izan dira hainbat mendez. Corpus festarengandik egun gutxira, ekainaren 24an San Joan Bataiatzailearen inguruan ospatzen diren solstizioaren inguruko jaiekin lotura egiten du Besta Berrik. Bi horiek, Corpus eta San Joan, ardatz hartuta prestatu du Juan Antonio Urbeltzek Besta Berri ikuskizun berria.

2012-12-02_Besta-Berri-Arriaga_IZ_lehen-sorta_2405

Ikuskizunaren abiapuntua XVII. mendeko ezpata-dantzaren oroitzapenean aurkitzen da. 1659ko maiatzean, Maria Teresa Austriakoa eta Luis XIVaren arteko ezkontza zela eta Donostian egindako festa eta ezpata-dantzen testigantzak oinarri hartuta abiatzen da Besta Berri.

Muriska

Ondoren, Lapurdi eta Nafarroa Behereko prozesio segizioak, Oteizaren Apostoluen aurreskua, eta Zuberoako herri antzerkian inspiratutako Turko eta Kristauen arteko Pastoralak osatuko dute egitaraua. Azken hau, Muriska, 1989an estreinatutako lana eta Argia taldearen ibilbidean mugarri dena, ia hogeitabost urte ondoren eszenaratuko da berriz.

Argia: Besta Berri
2013ko maiatzak 18, larunbata, 20:00etan
Eibar, Coliseo antzokia
Sarrera: 10 €  – Sarrerak salgai Kutxabank-en eta Coliseoko txarteldegian Astelehenetan (19:00-20:00) eta ostiraletan (21:00-22:00).

Argia Besta-Berri-kartela