Etiketa honen artxiboa: danbolinteroak

Ezpalak 2014, Eibarko jaialdia

Igandez Iruñeko Burgoen Plazatik Eibarko Untzagakora egin zuten salto danbolintero edo ttunttuneroek eta haiekin etorritako dantzariek (edo, aurreikusitako asmoa behintzat horixe zen…).

Beti ere zerura begira pasatzen ditugu aurreko egunak eta igandean bertan azken minutura arte halaxe egon ginen: lainoak eta euriak izango genituela iragarria zuten adituek, lurra bustita baina ateri esnatu ginen Eibar aldean, eta euritik babesteko Astelenarako plana ere iragarria genuen. Baina erabakia hartu beharra zegoen musika ekipoa batean ala bestean muntatzen hasteko astia izan zezaten teknikariek. Erabaki ezinda genbiltzala hauen eskutik ireki ziren eguneko ostarteak: kasualitatez unitate mugikor bat ekarria omen zuten Eibarrera eta nahi bagenuen, txarrenera eta azken unean ere, hura eraman zitekeela Astelenera, Entzun eta erabaki: betiko planari helduko genion beraz eta euriak harrapatuko bagintu bidean Astelenera mugituko ginela.

Zerura begiratzeari utzi gabe, 12:00etarako Urkuzuko Plazan elkartu ginen parte hartzaileok. Kezkako neska-mutilek zuri-gorriz janzten zuten plaza eta han hemenka ohikoa duguna baino txistulari gehiago ikus zitezkeen. Izan ere, Eibarko txistulariei deia egina zitzaien, oraingo nahiz lehengo, berriz elkartu eta betiko piezak joaz aurtengo Ezpalak Jaialdiaren gaiarekin bat egin zezaten. Berrogeitamar bat txistulariok aurrean zirela hasi zen kalejira: atzetik Kezkako nagusi nahiz txikiak lau soka ederretan bildurik buruzagiari lotuta, eta oraindik atzerago Ezpalak Jaialdiko bost gonbidatuak.

2014-05-25_Ezpalak-Eibar_9364_IZ

2014-05-25_Ezpalak-Eibar_9369_IZ 2014-05-25_Ezpalak-Eibar_9390_IZ

2014-05-25_Ezpalak-Eibar_9395_IZ 2014-05-25_Ezpalak-Eibar_9396_IZ

2014-05-25_Ezpalak-Eibar_9406_IZ

Bidearen erdiak eginda genituenean, euriak egunon esan eta aurrera egin ahala gurekin jarraitzea erabaki zuen gero eta gogotsuago. Ez zen une txarra izan bisitarako! Pausoa arindu, Untzaga pasa eta zuzenean Isasiko aldapan gora Astelenerako bidea hartu genuen. Ahal izan zen moduan, batzuek eserlekuetan leku hartzen zuten bitartean musikari zein dantzariek ere pilotalekua dantzaleku bihurtu asmoz, frontoia literalki okupatu zuten. Talde guztien aurkezpeneko sartu irtenaren ondoren ekin genion jaialdiari berari.

Etxekoak izan ziren lehenbizikoak pilotalekua zabaltzen. Andoni Altzibar eta Iñaki Barua biribilketa bat joaz kantxa erdira atera ziren lehenengo, eta haren erritmora, segundu gutxiren buruan Kezkako dantzari guztiek kantxa hartu zuten haien inguruan. Ezpataz zein makilaz elkarri lotuta, nagusienek parrila prestatu zuten musikarien inguruan eta gainerakoek hamaika sokatan banaturik irudi desberdinak marrazten zituzten bitartean, Andoni Altzibar parrila gainera igo zuten, honek txistua eta danbolina jotzeari utzi gabe. Han ziren danbolinteroek bat egin zuten han goian zenarekin eta txalo zaparrada ederra entzun ahal izan genuen horren adierazle. Parrila deseginda eta musikariak berriz Jose Miguel Laskurain eta Amaia Baglietto txistularien ondora erretiratuta, kezkako lagunak taldeka soka joko eta irudi desberdinak dantzatu zituzten. Biribilketa doinua ixildu eta ezpata-jokoa edo abarketak ere entzun eta ikusi ahal izan genituen tartean eta bukatzeko Bedaioko ingurutxoaren erritmora bukatu zuten saioa, berriz ere soka amaigabe zuri-gorri bat osatuz.

2014-05-25_Ezpalak-Eibar_9507_IZ 2014-05-25_Ezpalak-Eibar_9526_IZ

Etxekoen lanak bukatuta Cambrils-eko ball de bastons-ak atera ziren erdigunera Ángell Vallverdún flabiol eta tamborinaren aginduetara. Makil-dantza indartsuak erakutsi zizkiguten Ángellek bertatik bertara jarraitzen zituela.

2014-05-25_Ezpalak-Eibar_9529_IZ

Gure inguruetara berriz buelta eginda, Xabier Itzainaren xirulak eta ttunttunak jarri zituen dantzan Itsasuko Ataitze taldeko dantzariak. Jauziren bat edo beste, gabota eta dantza-luzea eman zizkiguten. Xabier bera gidari izan arren, arrabita, atabala eta bigarren xirulari bat ere izan zituen lagun musikarien taldea osotuaz.

2014-05-25_Ezpalak-Eibar_9553_IZ

Lapurditik Zamorara salto egin genuen gero Mario Martínez tamborileroaren esku eta doinuetatik. Honek Muelas del Pan-eko dantzariak jarri zituen martxan, eta erdibideko nahaste eta guzti, benetan gozatu ahal izan genuen haien paloteado biziez.

2014-05-25_Ezpalak-Eibar_9664_IZ

Mantxako kanalaz haratagotik, Ingalaterrako Gloucestershire-tik iritsi zitzaigun Stephen Rowley. Haren txirula eta danbor doinueri jarraiki Feet Together Jump taldeko dantzariak jardun zuen jauzika dantzan bi zapi eskuetan zituela. Une batez zaldiko dibertigarri batek ere lagundu zion egin beharretan eta denen artean azkenerako Astelenako publikoarenbesoak dantzan jartzen lortu zuten.

2014-05-25_Ezpalak-Eibar_9672_IZ 2014-05-25_Ezpalak-Eibar_9681_IZ

Jaialdiari bukaera emateko, etxera bueltatu berriz eta, hain zuzen, Berrizko dantzari beteranoen indarrak hartu zuen pilotalekua. Haien gidari, ezin bestean, txistularia eta atabalaria, eta bi izen haundi: German eta Jon Aldekoa Arriaga. Dantzari-dantza, erregelak eta banango zaharra eman zizkiguten. Gozamena lau haizetara!

2014-05-25_Ezpalak-Eibar_9779_IZ

Hara hemen, 2014 honetako protagonista gonbidatuak…zein pieza joten ari ote dira?

2014-05-25_Ezpalak-Eibar_9805_IZ

Honenbestez 2014 heze honek eman diona Ezpalak jaialdiari. Bazkal ostean, Aiko taldearekin dantzaz eta dantzan gozatu ahal izan genuen karpapean, eta nola ez, txistulari eta orohar, musikariez.

Hemen Iñaki Zugastik ateratako argazki gehiago.