Etiketa honen artxiboa: azitain

Gure auzoetako jaien soka etetzen

Azken urteetako ohiturari jarraiki, bihar Elgetako Goimendi-Azurtza auzora joateko zita genuen soka-dantza ateratzeko asmoz. Aurten ez dagoela beharrik abisatu digute, ez omen da jairik ospatuko, eta zaldi zuri gaineko Santiagok baseliza barruko ilunpetan eman beharko du beste urte betez.

Herriko plazan edo antzoki batean dantzan diharduguneko gogo eta ilusio berarekin dantzatzen dugu gure auzoetako jaietan ere. Testuingurua humilagoa izanda ere, gertutasun berezia dute auzoetako jaiek. Maitasunez antolatutako egun bereziak dira ezin bestela, auzotarren nortasuna berretsi eta bat egiteko balio izaten dutenak. Eibarren herriko auzoetako jaiez gain (Urki, Legarre, San Kristobal, Amaña) baditugu gurean eliza, baseliza edo santu eta santaren baten inguruan ospaturiko jaiak: Azitain, Arrate, Salbador (Otaola-Kiñarra), Santa Kurutz (Mandiola), Aginaga, Santiago (Goimendi-Azurtza, berez Elgeta)… Mendi arteko errepidea bezala, urteak joan eta urteak etorri agertzen eta desagertzen doazen jaiak dira gehienak ere; “beti” antolatze lanetan aritu dena erretiratzearekin batera itzaltzen direnak eta berriz auzora odol gazteak datozenean indarberriturik argi egiten dutenak.

2010-01-017_soka-dantza_azitain

Urteak dira auzo jai hauetako meza ostetan soka-dantzak ateratzeari ekin geniola garai batean edozein erromeri eta jai girotan ohikoa zen dantza moldea biziberrituz. Halaxe atera izan ditugu azken hamarkadan gizonezkoen sokak Azitaingo eta, aipatutako, Santiago elizen atarietan, eta emakumezkoena berriz Mandiola bailarako Santa Kurutzen, Santiago (uztailak 25), San Anton (urtarrilak 17) eta Santa Kurutz (maiatzak 3) egunetan urrenez urren (edo aste barrua jausiz gero hurrengo larunbatean).

2005-07-25_soka-dantza_goimendi-azurtza

Azkenengoz 2011an lotu genituen eskuak sokan Azitain aldean, Felix Bergarak jaiak antolatzeari utzi behar izan zion urtean hain zuzen ere. Goimendi auzoan aurten, auzoaren desegituraketak bultzatuta batez ere, urtetan auzotarrek osatutako soka eten egingo da eta Kiñarra aldeko Salbador baselizaren bueltan ere litekeena da aurten mezatarako kanpai hotsik ez entzutea.

2013-05-05_soka-dantza_santa-kurutz

Zorionez tunelak bi alde izaten ditu eta Mandiola-ballen Santa Kurutzeko jaiek osasuntsu diraute. Azitaingoa azkenengoz ospatzen zuten urte berean, sokaren gidaritza emakumeen eskuetara pasa zen eta nahigabe eta zoritxarrez ala zorionez! gure auzoetako soka-dantzaren ordezkari bakar bihurtu da. Ez dela kasualitatea esango luke batek baino gehiagok.

Sinbolikoki baino ez bazen ere, azken urteetan osatutako sokek ezin izan diote egoera gordinari aurre egin. Oinarri erlijiosoa duten jai eta ospakizunek sinisdunen gainbeheraren bide beretsua jarraitzen dute, eta baserrien zahartze eta hustutzeari lotutako errealitatea gehituz gero, nekazari giroetan inongo ospakizunik antolatzea diren mirari txikiak desagertuz doaz. Ez dakigu behin desegindako soka berriz lotzerik izango ote den. Guk badaezpadan arropa zuri-gorriak prest izango ditugu tokatzen denerako.

2014-05-04_soka-dantza_santa-kurutz

Koko-dantzak 2015: Otaola- Kiñarra aldeko baserrietan

Datorren otsailaren 7an, larunbatean, aterako gara koko-dantzan eta koko-eskean. Aurten Otaola-Kiñarra aldeko baserriak bisitatuko ditugu.

Koko-eskearen ibilbidea

Goizean goiz, 8:30ean, Merkatu plazan egingo du lehen agerraldia koko-dantzen konpartsak. Ondoren, aurreko urteetan egin bezala, bi taldetan banatuko gara. Batzuk Txontatik gorako bidea egingo dute oinez eta Mertxete, Iraegi, Areta eta Aretabeletxe baserriak izango dira lehenengo geltokiak. Hemendik, mendi-pista bat hartu eta Altamira-erdikoa baserrira joango dira. Bertan egingo dugu topo bigarren taldearekin eta hortik aurrera denek jarraituko dugu.

2014-02-22_koko-dantzak_FL_3392

Bitartean, bigarren taldeak Sautxitik gora Iragorri baserrian egingo dute lehen dantza saioa. Iragorritik Azitain aldeko Loiola, Egiguren, Ixkue, Azitaingo erretegia eta Txopen baserrietan geldituko dira. Altamira-erdikora iritsi baino lehen Otaolaerdikoa eta Ipurua baserietan ere geldituko dira.

Bi taldeak Altamira-erdikora iristen garenean bertan dantza egin eta oinez jarraituko dugu ibilbidea. Urki aldeko Altamira-behekoa eta Kantina baserriak bisitatuko ditugu ondoren, eta amaitzeko Txonta aldera joango gara denok. Bertan Lekamendi, Urkiditorre eta Bolingua baserrietan gelditu eta azken honekin amaituko dugu lana.

2014-02-22_koko-dantzak_FL_9554

Koko-festa kalean

Iluntzean, 19.00etan Anbulategiko parkean elkartuko gara koko-konpartsa eta koko-festan parte hartu nahi duten guztiak, eta Mauxitxa txarangaren doinura erdiko kaleetan ibiliko gara. Ekitaldi irekia da hau eta nahi duten guztiak daude gonbidatuta, koko-jantzi eta festan gurekin batera parte hartzera. Egun horretan dantzarako prest izateko bihar, urtarrilaren 27an eta datorren asteartean, otsailaren 3an, Koko-dantzak ikasteko entseguak antolatu dira arratsaldeko 20:00etan Portaleako dantza aretoan.

Koko-dantzak 2014

  • 8:30 Merkatu plazan lehen agerraldia
  • 9:00 – 18:00 Koko-dantzak eta koko-eskea Otaola- Kiñarra aldeko baserrietan.
  • 19:00-21:00 Toribio Etxebarria, Untzaga eta Kalbeton kaleetan koko-dantzak Mauxitxarekin.