Historia

1958an Juan San Martin-ek egindako proposamenari jarraituz Eibarko Klub Deportiboan batzorde berria sortu zen. Batzorde Artistiko-kulturala zen, eta bere jardunen artean dantza izan zen batzorde horretan gogor hasi zena. Gregorio Santa Cruz dantza maisua izendatu zuten arduradun.

Honela Eibarko dantza taldeen ibilbideari segida eman zitzaion, Santa Cruz berak jardun baitzuen dantza maisu lanetan, bai gerra aurreko azken urteetan Batzokiaren hauspoan antolatutako dantza taldeetan, bai gerra ondorengo urteetan Sección Femenina, Educación y Descanso eta Acción Catolica moduko erakundeetan antolatu zituzten dantza taldeekin. Santa Cruz berarentzat poza izan zen aurrekoen kutsu frankista edo elizkoirik ez zuen talde baten hauspoan antolatzea dantza taldea.

Azken hamar urteotan Kezka Dantza Taldean Euskal Herri osoko dantzak ikasi eta erakutsi ditugu emanaldietan. 1979tik lanean jardun zuen taldeak dantza ondare zabala utzi zigun. Gipuzkoako Brokel-dantza eta Bizkaiko dantzari-dantzaz gain, Iribas-eko ingurutxoa, Lizarrako Larrain-dantza, Oñatiko arku-dantza eta Zumarragako ezpata-dantza utzi zizkigun dantza eta jantzi errepertorioan.

1990ean Elgoibarko Haritz Euskal Dantzari Taldearekin jarri ginen harremanetan dantza gehiago ikasteko asmotan. Gipuzkoako uztai handi dantza ikasi genuen. 1991an Kezkako dantzari talde bat Elgoibarko taldearen ensaioetara joaten hasi zen, eta gaurdaino sendotzen jarraitu duen harremana hasi zen. 1994an Elgoibarkoekin ikasitako Luzaideko dantzak eskaini zituen Kezkak Untzagan, Eibarko Dantzari egunean. Hurrengo urtean Lapurdiko dantzak izan ziren, eta urtez-urte emanaldi berriak iristen joan dira: Arratiako jotak, Xemeingo ezpata-dantza, Gipuzkoako dantzak, Zuberoako maskarada, e.a.

1994an bertan, San Juan eguneko soka-dantza berreskuratu zuen Kezkak Eibarren. 1967an galdu zen ohitura hori, eta hamar urte ondoren berriz ere sendotuta dagoela dirudi. Behin San Juan egunekoa finkatuta, soka-dantzaren aldaera laburtuagoak bestelako ospakizun batzuetan ere egiten hasi da. Ekitaldi protokolarioetan batzuetan (Klub Deportiboaren ospakizunak 75 urteurrena adibidez) eta auzoetako jaietan ere bai (Azitainen, Santa Cruz-en eta Azurtzan)

2005ean Arraten Arrateko Amabirjinaren egunean ospatzen en erromerian dantza egiteko zegoen tradizioari indar berri bat emanez, tradizio berri bat jarri zuen abian Kezka Dantza Taldeak: Arrateko Amaren dantzak. Lehen urtean ezpata-dantza eta makila txikien dantzak eskaini zituen. Dantza horiek urtero egin eta sendotzeko Arrateko Amaren dantzarien kofradiaren sorrera bultzatu zuen Kezka Dantza Taldeak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.