Kategoriaren artxiboa: Sin categoría

Plazara Dantzara Errebalen Lolita Delmonteil-ekin

Eskusoinua, ahotsa eta ttun-ttuna. Ostiral honetan, urtarrilaren 27an, 19:00etan, dantzaldia izango dugu Errebalen Nafarroa Beheretik datorkigun Lolita Delmonteil musikariarekin. Eibarko Udalaren babesean ikasturtean zehar zenbait dantzaldi egiten ari gara eta urteko lehena dugu honako hau.

Plazara Dantzara Lolita Delmonteil-ekin

  • Data: Urtarrilak 27, ostirala, 19:00.
  • Musikaria: Lolita Delmonteil
  • Tokia: Errebal plaza, Eibar.
  • Antolatzaileak: Kezka dantza taldea (Eibarko Klub Deportiboa) eta Eibarko Udala (Kultura Saila).

Jarri gorputzak dantzan urtea bukatzeko

San Silbestre erromeria, Eibar, 2021-12-31.

Abenduaren 31n, San Silbestre egunez korrika egin edo mendira joateko ohitura dago, eta garai batean dantzarako ohitura ere zabaldua zegoen urtearen bukaera eta hurrengoaren hasieran. Elgoibarren adibidez, urte berri eguna ospatzeko aurreskua dantzatzeko ohitura zegoela jaso zuen Resurreccion Maria Azkuek. Aurten biak, korrika eta dantza egiteko aukera izango dugu Eibarren, Eibarko kirol elkarteek antolatutako San Silbestre festan.

San Silbestre 2022 Eibarren

Korrikaldia eta erromeria eguerdian egingo dira. 5 kilometroko korrikaldia izango da eta segidan erromeria Jainaga eta Narbaizarekin Untzaga plazan.

Abenduak 31, larunbata

  • 13:00etan Errebalen irteera: Korrikaldi herrikoia 5 km, lehen 3.5 km-ak denok elkarrekin.
  • 13:30ean Erromeria Untzaga Plazan Jainaga eta Narbaizarekin.

Taldeetako kamisetekin parte hartzera gonbidatzen dute antolatzaileek.

San Silbestre 2022 kartela

Goiz eta arratsaldez dantzan San Andres egun eguzkitsuan

Plazara Dantzara, Eibar, 2022-11-30. Arg. Oier Araolaza – Kezka dantza taldea (cc) by-sa.

Eguzki printzak batetik eta dantzaren mugimendu bestetik, goiz eta arratsaldez ongi berotuta ibili gara San Andres egunean aspaldiko partez. German Meabebasterretxea eta Millan Telleria bertsolarien jardunaren ondoren hasi da dantzaldia Untzaga plazan Jainaga eta Narbaizaren eskutik.

Plazara Dantzara 2022
Plazara Dantzara, Eibar, 2022-11-30. Arg. Oier Araolaza – Kezka dantza taldea (cc) by-sa.
Plazara Dantzara 2022
Plazara Dantzara, Eibar, 2022-11-30. Arg. Oier Araolaza – Kezka dantza taldea (cc) by-sa.

Kalejira, trikitixa, porrusalda, baltseo eta korrido klasikoak batetik, dantza-jauzi, marmutx eta esku-dantzak bestetik, borobila, txapeloaz eta exkotixak ere bai, ondo berotuta eta gosetuta bukatu dugu.

Plazara Dantzara 2022
Plazara Dantzara, Eibar, 2022-11-30. Arg. Oier Araolaza – Kezka dantza taldea (cc) by-sa.
Plazara Dantzara 2022
Plazara Dantzara, Eibar, 2022-11-30. Arg. Oier Araolaza – Kezka dantza taldea (cc) by-sa.

Bazkalostean Miren eta Roberto Etxebarriak hartu dute oholtza eta haiekin ere antzeko errepertorioan aritu gara dantzan.

Plazara Dantzara 2022
Plazara Dantzara, Eibar, 2022-11-30. Arg. Oier Araolaza – Kezka dantza taldea (cc) by-sa.

Zuberoako ikastolen saskiak 2022

Basaburua saskia

Irekita dago Zuberoako ikastoleak laguntzeko Ikaskoli Gabonetako otarrak erosteko aukera. Urteak daramatzagu Eibarko Klub Deportiboko Kezka dantza taldetik Zuberoako ikastolen kanpaina honetan parte hartzen eta aurten ere arituko gara. Iaz bezala, aurten ere eskaerak Ikaskoli.eus-en egingo dira eta saskiak Eibarko Klub Deportiboan jasoko dira.  Azaroaren 27 arte egin daitezke eskaerak.

Arbailla saskia.
Arbailla saskia.

Saskiak: tokiko produktuak

Zuberoako ikastoletako guraso eta guraso ohiek ekoizten dituzten jakiekin osatzen dira saskiak. Produktore txikien ekoizpenak dira, baserritar, artzain eta ekoizleak, bertako produktuak (gaztaia, ahate gibela, eztia, gozogintza,…) lantzen dituztenak. Hiru saski mota erosi daitezke aurten:

  • Arbaila (57€): Eztia, bixkotxa artesanalak, bi gazta (0,5Kg bakoitzak), bixkotx gatzatuak, erreixmenta, pastak eta tisana.
  • Basabüruai (68€): Xerriki patea, bixkotx artesanalak, ardi gazta (1Kg), xahalki axoa, lukainka idorra eta pastak.
  • Pettara (51€): Ahate gibel berrosatua, eztia, ardi gazta kiloa, bixkotx gatzatuak, pastak.

Eskaera egiterakoan Eibar – Kezka dantza taldea hautatu behar da Eibarko Klub Deportiboan, Toribio Etxebarriako 16-1ean dugun egoitzan jasotzeko.

Pettara saskia
Pettara saskia.

Zuberoako ikastolak

Euskara kinka larrian dago Zuberoan. Babes ofizialik gabe, etxeko transmisioa eteten ari da eta ikastolak euskararen txinparta bizi-arazten ahalegintzen dira. Bi ikastola daude Zuberoan, Alozekoa Basaburuan eta Eperra Pettarrean. Haien sostenguan laguntza handia eskaintzen du saskien kanpainak.

Ikaskoli 2022

Martin Zalakainen azken abenturaren bezperetan

Martin Zalakain, 2020-01-18. Argazkia: Ekaitz Zilarmendi.

Igande honetan, urriaren 23an, eskainiko da azken aldiz Martin Zalakain. Donostian izango da, Victoria Eugenia antzokian eta agortuta dira sarrerak. Estreinatu zenetik bost urte pasa dira eta lehen egunetik izan duen ikusmin eta erakarmenak bizi-bizirik dirau. 26 emanaldi eta 15.000 ikuslerekin borobilduko du bidaia, baina ezin dira datuetara ekarri eragin dituen, ekarri dizkigun sentipenak, emozioak.

Martin Zalakain 2017 Bilbo
Martin Zalakain, azken azalpenak estreinaldi egunean, Arriaga Antzokian, Bilbon, 2017-11-11. Argazkia: Oier Araolaza – Dantzan (cc) by-sa.

Oihartzuna izateko etengabe estreinaldiak eta gauza berriak eskatzen diren garaiotan ez-ohikoa da ikuskizun batek bost urte irautea herriz herriko emanaldi-biran. Argia dantzari taldearen martxan ez da hain arraroa, ordea, moden tiraniari muzin eginez sinesten duten horretan tematzeko gaitasuna erakutsi baititugu urteotan Juan Antonio Urbeltzek zuzentzen duen taldeak. 2017ko lehen hilabeteetan lehen entseguak hasi zirenerako bazeramatzan urte batzuk Urbeltz-Arregi familiak doinuak eta dantzak apartatzen eta prestatzen.

Martin Zalakain prestaketa entseguak 2017
Martin Zalakain prestatzeko entsegua. Ezkerretik hasita: Mikel Urbeltz, Marian Arregi, Amaia Bueno, Juan Antonio Urbeltz, Ainara Ranera, Josu Garate, Miren Hazas. Goena, Donostia, 2017-07-09. Argazkia: Oier Araolaza – Dantzan (cc) by-sa.

Euskal dantza hizkuntza oso bezala ulertuta, harengan erabateko konfidantza dugula erakutsiz, euskal dantzaren bidez narrazio klasiko bat eszenaratzeko erronkari heldu zion Urbeltzek Martin Zalakainen bidez. Ohi bezala Urbeltzek dantzatu du akuilua eta seinalatu du bidea, baina haren esanetara lantalde zabal eta ongi prestatua, musikari eta dantzari eskarmentudunak zein dantzari gazte eta dohaitsuak aritu dira asmoari gorputza ematen. 

Martin Zalakain prestaketa entseguak 2017
Martin Zalakain prestatzeko lehen entseguak, 2017-02-12. Argazkia: Oier Araolaza – Dantzan (cc) by-sa.

Kezka dantza taldeko 26 dantzarik parte hartu du Martin Zalakain ikuskizunean bost urteotan: Miren Hazas, Ainhoa Larrañaga, Josu Garate, Luken Aranburu, Enrike Izagirre, Oier Araolaza, Olaiz Agirrebeña, Egoitz Blanco, Eider Agirrebeña, Jone Saez, Maitane Fariñas, Amaia Rodriguez, Leire Andikoetxea, Jone Lahidalga, Maite Gonzalez, Idoia Lahidalga, Maider Otaola, Ane Muguruza, Amaiur Aristi, Asier Estivariz, Jokin Hazas, Izar Araolaza, Irune Saez, Uxue Gisasola, Unai Txurruka eta Jone Amuategi.

Martin Zalakain 2017 Kezka
Kezkako dantzariak, Martin Zalakain, Arriaga Antzokian, Bilbon, 2017-11-11.

Martin Zalakain 2022 Hondarribia Kezkako dantzariak
Kezkako dantzariak, Martin Zalakain, Hondarribia, 2022-06-19.

2017ko azaroaren 11n, San Martin egunez estreinatu zen Martin Zalakain Bilboko Arriaga antzokian eta 2022ko urriaren 23an egingo du azken emanaldia Donostian, Victoria Eugenian. Bizi bedi betiko Martin Zalakain.

Ez-ohiko bi urteren ondoren irailaren 8an egingo ditugu Arrateko Dantzak

Ez-ohiko bi urteren ondoren irailaren 8an egingo ditugu Arrateko Dantzak

Pandemiaren ondorioz bi urtetan ez da ohiko festarik izan Arraten eta ezpata-dantza ez-ohiko moduan egin dugu. 2020an bezperetan dantzatu eta bideoz eman genuen eta 2021ean irailaren 8an bi dantzarik egin zuten dantza eta ezpata-dantza osoa kofradiaren egunean eskaini genuen. 2022an gauzak bere onera etorrita ohiko moduan dantzatuko dugu, irailaren 8an, osteguna.

Bailarako gonbidatua

Urteak dira Debabarrenan dantza taldeak elkarrekin ari garela, Jose Inazio Sarasuak irekitako bideari segiz eta aurtengo gonbidatu bereziak ere Deba arroan dihardu dantzan eta dantzaren sustapenean. Elgoibarren bizi den debarra Iera Larrañaga, eta bai Debako Gure Kai eta Elgoibarko Haritz dantzari taldeetan aritzen dena, taldeen ohiko martxan eta emanaldietan, San Roke eta Errosarioko ezpata-dantzetan zein Argia taldearen Martin Zalakain ikuskizunean ere. 

Iera larrañaga
Iera Larrañaga, Gure Kai eta Haritz-eko dantzaria, Arrateko ezpata-dantzaren entseguan, 2022-09-06.

Ordutegia, irailak 8, osteguna

  • 11:00etako mezan ezpata-dantza.
  • 12:00ak aldera hasten den prozesioaren bukaeran ezpata-dantza.
  • 12:30etatik aurrera, ezpata-dantza eta trokeo-dantzak zelaian.

Gerrako umeen oroimena dantzan jarri dugu Caerleonen

Kezkako dantzarien aurreskuan Carmen Kilner agurra jasotzen, Caerleon, Basque Children, 2022-07-15. Argazkia: Josu Garate – Kezka dantza taldea (cc) by-sa.

Gerra, erbestea eta umeak. Oroitzapen saminak eragiten dituzten trajediak. 1937an 4000 euskal ume erbesteratu ziren Britainia Handira. Haietako asko ez ziren inoiz itzuli. 85 urte pasa dira eta historiaren pasarte latz haren memoria itzaltzen ari da. Noizbait ume izan zirenetako gehienak bezala. Baina haien oroimena bizirarazteko sortu zen Basque Children UK’37 elkarteak eusten dio oihartzunari. Ume haietako batzuk Caerleonen hartu zituzten eta hori ezagutzera eman nahirik Galesko herri honetan antolatu dituzten 2022ko uztailean 85. urteurren ekitaldiak. Bertan izan gara Kezka dantza taldeko musikari eta dantzariak, garaiko umeek egin bezala, euskal dantzen bidez euskal kultura eta identitatea gorpuzten.

Caerleon 2022 Kezka dantza taldea

Kezka dantza taldearen espedizioa hemen, ezkerretik eskumara goiko lerroan: Ekhi Zugasti, Roberto Altzerreka, Ainhoa Larrañaga, Eider Gisasola, Jone Saez, Jone Lahigalga, Jone Amuategi, Idoia Lahidalga, Izar Araolaza, Ane Muguruza, Anartz Fernandez eta Iñaki Barua. Beheko lerroan: Josu Agirre, Josu Garate, Oier Araolaza, Unai Txurruka, Luken Aranburu, Amaiur Aristi, Julene Usobiaga eta Amaia Baglietto. 

Kezka Gales Basque Children 2022
Kezka dantza taldea, Caerleon (Gales), Basque Children UK’37, 2022-07-14. Argazkia: Kezka (cc) by-sa.

Historia, iraganeko gorputzen arrastoa

Euskaldunoi babesa eskaini ziguten eta “gure” umeak hartu zituzten Galesko herrira iritsi gara. Uztailak 14 ditu gaur eta 8.000 biztanleko herrian iristean erromatar garaiko aztarnen kartelek eman digute ongietorria. Herriaren erdigunean, harrizko eraikin polit baten aurrera iritsi gara. Priory hotela da, sartu gara barrura eta british estiloko pub edo tabernan gaude, beste aldean ekitaldien eta dantzen eremu izango den jardin ederra, zuhaitz ikusgarriz inguratua.

Caerleon 2022 Kezka dantza taldea JG

Gure zain dira Basque Childrentarrak eta kokatzeko astirik gabe jantzi eta dantzan ari gara.

Kezka Gales Basque Children 2022
Kezka dantza taldea, Caerleon (Gales), Basque Children UK’37, 2022-07-14. Argazkia: Kezka (cc) by-sa.
Kezka Gales Basque Children 2022
Kezka dantza taldea, Caerleon (Gales), Basque Children UK’37, 2022-07-14. Argazkia: Kezka (cc) by-sa.
Kezka Gales Basque Children 2022
Kezka dantza taldea, Caerleon (Gales), Basque Children UK’37, 2022-07-14. Argazkia: Kezka (cc) by-sa.

Izan ditugu emanaldi hobeak; gorputzak han genituen, bai, baina gure buruak oraindik lur hartu gabe zeuden eta kontzientziarik gabeko gorputzak bere kasa moldatu behar izan dira. 

Kezka Gales Basque Children 2022

Txaloak eta zorion adierazpenak jasotzen hasi garenean hasi gara non gauden konturatzen, Basque Children elkarteko lagunak, biltzarrera hurbildutakoak eta euskal ordezkariak agurtzen eta gure buruak kokatzen.

Kezka Gales Basque Children 2022
Kezka dantza taldea, Caerleon (Gales), Basque Children UK’37, 2022-07-14. Argazkia: Kezka (cc) by-sa.

Harrera beroa egin ditute eta pozik gaude, baina emanaldia kaskar samar joan dela eta gorputza ere halakoa geratu zaigu. Ez da okerrik egin dugula ere, baina hotz, motel, plano… argazkiek postal ederrak erakusten dituzte; ikusleak hunkituta agertu zaizkigu; baina gure dantza saioari tokiari darion emozioa falta izan zaio.

Kezka Gales Basque Children 2022
Kezka dantza taldea, Caerleon (Gales), Basque Children UK’37, 2022-07-14. Argazkia: Kezka (cc) by-sa.

Euskaldunak Caerleonen

Hotelaren belardi-terraza ederrean bazkaldu dugu. Bazkalostean euskal umeak Caerleonen izan zuten historia jasotzen duen dokumentala ikusteko aukera izan da. Ez ziren oporrak izan umeentzat. Eta herritarrekin harremanak ez ziren errazak izan beti. Euskal gaztetxo talde bat herritik aparte zegoen etxe batean egokitu zen. Beraiek bakarrik bizi ziren han. Jatekoa eramaten zieten herritar babes elkarteko kideek, baina jakiak errepikatzen zirela eta patatez gogaituta ageri ziren euskal gazteak. Okerrena ez zutela ezer egiteko.

Kezka Gales Basque Children 2022
Caerleon (Gales), Basque Children UK’37, 2022-07-15. Argazkia: Kezka dantza taldea (cc) by-sa.

 Beraz, batera eta bestera, noraezean ibiltzen ziren eta asperduraren asperduraz bihurrikeriak egiten hasi ziren. Auzokoak gogaitu zituzten eta bizikidetza gatazkatsua gertatu zen. Gazteekin futbol talde bat antolatu eta txapelketa batean apuntatzeak bideratu zuen auzia. Ohartuta ginen futbolak protagonismo handia zuela Caerleon-eko ospakizunetan eta hor ulertu genuen arrazoia. 

caerleon basque boys football
The Basque boys, euskal ume errefuxiatuen futbol taldea Caerleon-en.

Erromatar garaitik

Euskaldunok Galesko inguru horrekin izandako harremanaren historia ez zen baina 1937an hasi. Caerleonen erromatar aztarna aberatsak daude eta horiek bisitatzerakoan ohartu ginen agian ez ginela hara iritsitako “bigarren” euskaldunak ere. Erromatar museoa eta bainuetan bisita gidatuak izan genituen. Erromatarren Augusta bigarren legioaren egoitza izan zen Caerleon. Hadrianoren harresia defendatzera igotzen ziren bertatik eta ondoren atsedena hartzera itzultzen ziren Caerleonera bertako barrakoietan biziz eta bainuetan plazer hartuz. Ikertzaileek agertu izan dutenez baskoiak eta barduloak ugari izan ziren Britainiar uharteetan legio erromatarrak osatuz, beraz, ezin baztertu euskaldunen arbasoetako batzuk ez ote ziren Caerleonen bisitatu genituen harresi, gotorleku, barrakoi eta bainuetan ibili orain bi mila urte.

Kezka Gales Basque Children 2022
Erromatar museoa, Caerleon (Gales), Basque Children UK’37, 2022-07-14. Argazkia: Kezka (cc) by-sa.

Bigarrenean, gorputz eta arima

Priory hotelaren zelaira itzuli, dantzari-jantziak jarri soinean berriz eta eguerdiko emanaldi pattalaren arantza ateratzeko ordua etorri da. Oraingoan bai, ongi berotu eta girotu gara dantzara atera aurretik. Dantzariak gorputzak berotzen ari ginela txistulariak ere hasi dira tresnak, aho eta eskuak berotzen, eta aireratzen hasi diren doinuak kantatzen hasi dira emanaldiaren zain ziren biltzarkideak.

Kezka Gales Basque Children 2022
Kezka dantza taldea, Caerleon (Gales), Basque Children UK’37, 2022-07-14. Argazkia: Kezka (cc) by-sa.

Dantzariak ere batu dira kantura. Eskaera ere izan dugu. “Andre Maddalen kantatuko duzue? Caerleoneko eskoletan aritu gara Euskal Umeen historia ezagutzera ematen eta Andre Maddalen kantatzen ikasi dute ikasleek”. Halaxe ba, Andre Maddalen kantatu eta dantzatu dugu denok elkarrekin.

Caerleon 2022 Kezka dantza taldea JG
Kezka dantza taldea, Caerleon, Basque Children, 2022-07-14. Argazkia: Josu Garate – Kezka (cc) by-sa.

Dantzari-dantzako zenbait pieza, kaskarot arrantzaleen dantza eta soka-dantza eskaini ditugu.

Kezka Gales Basque Children 2022
Kezka dantza taldea, Caerleon (Gales), Basque Children UK’37, 2022-07-14. Argazkia: Kezka (cc) by-sa.

Orain bai animoso aritu gara eta goizeko zapore mikatza gozatu dugu. 

Caerleon 2022 Kezka dantza taldea JG
Kezka dantza taldea, Caerleon, Basque Children, 2022-07-15. Argazkia: Josu Garate – Kezka (cc) by-sa.
Kezka Gales Basque Children 2022
Kezka dantza taldea, Caerleon (Gales), Basque Children UK’37, 2022-07-14. Argazkia: Kezka (cc) by-sa.
Caerleon 2022 Kezka dantza taldea JG
Kezka dantza taldea, Caerleon, Basque Children, 2022-07-14. Argazkia: Josu Garate – Kezka (cc) by-sa.

Lagun artean

Suabe hasi eta goranzko norabideari eutsi diogu. Hirugarren emanaldia ostiralean izan dugu eta ordurako gure taldea erabat osatu dugu.

Kezka Gales Basque Children 2022
Kezka dantza taldea, Irantzu Garamendi eta Asier Berrojalbiz, Caerleon (Gales), Basque Children UK’37, 2022-07-15. Argazkia: Kezka dantza taldea (cc) by-sa.
Caerleon 2022 Kezka dantza taldea JG
Kezka dantza taldea, Caerleon, Basque Children, 2022-07-15. Argazkia: Josu Garate – Kezka (cc) by-sa.

Euskal Herritik etorritako Irantzu Garamendi eta Asier Berrojalbiz musikariek beraien emanaldia eskaintzeaz gainera gurekin batera aritu dira, beraiek jotako fandango, arin-arin eta kalejirak dantzatu baititugu.

Kezka Gales Basque Children 2022
Irantzu Garamendi eta Asier Berrojalbiz, Caerleon (Gales), Basque Children UK’37, 2022-07-15. Argazkia: Kezka dantza taldea (cc) by-sa.

Tokira egin gara dagoeneko eta gustura aritu gara, parajeaz, jendarteaz, giroaz eta dantzaz gozatu dugu.

Kezka Gales Basque Children 2022

Caerleon 2022 Kezka dantza taldea JG
Kezka dantza taldea, Caerleon, Basque Children, 2022-07-15. Argazkia: Josu Garate – Kezka (cc) by-sa.
Kezka Gales Basque Children 2022
Kezka dantza taldea Caerleon (Gales), Basque Children UK’37, 2022-07-15. Argazkia: Kezka (cc) by-sa.
Kezka Gales Basque Children 2022
Kezka dantza taldea, Caerleon (Gales), Basque Children UK’37, 2022-07-14. Argazkia: Kezka (cc) by-sa.

Amaren alaba

Gaur azken emanaldia dugunez gure aingeru-guardakoa, Carmen Kilner atera dugu aurreskuan. Carmenen amak 23 urteko neska gaztea zen erbesteratutako umeen kargu egin eta haiekin batera erbesteratu zenean. Andereñoa zena ordezko ama bihurtu zen hainbat eta hainbat umerentzat, eta ez zuen atsedenik hartu, ez bere buruan ere pentsatu bere kargu ziren ume guztiak ongi bideratuta ikusi zituen arte. Hori gertatu zenean Ingalaterran errotua zen dagoeneko eta han hazi zuen bere “bigarren” familia, Basque Childrenez gain berak erditutako umeez osatutakoa, tartean Carmen bera.

Caerleon 2022 Carmen Kilner eta Kezka dantza taldea
Carmen Kilner Kezka dantza taldeko dantzariekin, Caerleon, Basque Children, 2022-07-15. Argazkia: Josu Garate – Kezka dantza taldea. (cc) by-sa.

Carmen da Basque Children-en sua piztuta mantentzen duena gaur egun eta gu Caerleonera etorri izanaren erantzule nagusia.

Caerleon 2022 Carmen John Kilner
Carmen eta John Kilner, Caerleon, Basque Children, 2022-07-14. Argazkia: Josu Garate – Kezka dantza taldea. (cc) by-sa.

Musika eta dantzak batuta

Gure emanaldiaz gain Irantzu eta Asierrek euskal doinu eta kanta sorta polita eskaini dute, John L. Thomas harpa jotzaileak ere eskaini ditu pieza eder batzuk, elkarrekin ere aritu dira, eta azkenik Newporteko Tredegar House Folk Dancers delako taldea aritu da. Galesko dantza tradizionalen sorta ederra eskaini dute, txukun eta dotore aritu dira eta bukaeran elkarrekin dantza egiteko zenbait pieza irakatsi eta denok batera dantzatzen bukatu dugu. 

Kezka Gales Basque Children 2022
John L. Thomas harpa jotzailea, Caerleon (Gales), Basque Children UK’37, 2022-07-15. Argazkia: Kezka dantza taldea (cc) by-sa.
Kezka Gales Basque Children 2022
Tredegar House Folk Festival Dancers, Caerleon (Gales), Basque Children UK’37, 2022-07-15. Argazkia: Kezka dantza taldea (cc) by-sa.

Azkenerako, talde-argazkia izan behar zena familia-argazkia bihurtu da beraz, elkarrekin partekatu ditugun tarte-apurrak baina kantu eta dantzak eskertuz, eta berriz batzeko proposamenak elkarri eginez. 

Kezka Gales Basque Children 2022

Bueltak amari

Bidaiaren aurrekontua dantza taldeak aurreratu du Eibarko Klub Deportiboak babestuta. Diru-laguntza eskaerak egin ditugu eta oraingoz Gipuzkoako Foru Aldundian eman digu laguntza. Etxepare Institutuaren erantzunaren zain gaude. Hori ere positiboa bada aurrekontuaren zati handi bat estaliko dugu bien artean. Hirugarren zatia taldeak bere gain hartuko du.

Kezka Gales Basque Children 2022
Gales-era bidean, Basque Children UK’37 biltzarrean parte hartzera, 2022-07-14. Argazkia: Kezka (cc) by-sa.

Basque Children elkartearen biltzarra eta ekitaldian Caerleonen, Newporten izan dira, eta guk egoitza Cardiffen izan dugu. Hain zuzen bidaiak Cardiff (gauez, zein egunez…) ezagutzeko aukera eskaini digu, eta itzuli aurretik Ingalaterrako Bath hiri ederra, Caerleon bezala erromatar garaian bainu-etxeak izan zituena bisitatu dugu. 

Kezka Gales Basque Children 2022
Cardiff (Gales), 2022-07-15. Argazkia: Kezka dantza taldea (cc) by-sa.
Kezka Gales Basque Children 2022
Cardiff (Gales), 2022-07-16. Argazkia: Kezka dantza taldea (cc) by-sa.

Itzuli dira gorputzak eta ekarri ditugu oroitzapenak. Etorriko dira berriak. 

Kezka Gales Basque Children 2022

Galesera goaz, Gerrako Umeen 85. urteurrenean dantzatzera

Kezka dantza taldea Southamptonen, 2012ko Basque Childrenen biltzarrean. Argazkia: Iñaki Zugasti.

Kezka dantza taldea taldeak Galesera bidaiatuko du uztailean, The Basque Children UK’37 elkarteak antolatutako biltzarrean dantza egitera. Zehazki Caerleon-Newporten izango gara 1936ko Espainiako Gerra Zibiletik ihesi euskal umeak errefuxiatu zireneko urteurrenean. 

Basque Children camp

Basque Children 85 urte (1937-2022)

2022an 85 urte bete dira Espainiako Gerra Zibilaren eraginez milaka ume Euskal Herritik erbestera bidali zirenetik. Horietako asko Britainia Handian egokitu ziren eta multzo handi bat ez zen inoiz etxera itzuli. Gerrako ume erbesteratuek eta beren ondorengoek osatzen dute The Basque Children UK’37 elkartea, beraien bizitza goitik behera aldatu zuen gertaera oroitzeko bost urtetik behin biltzarra egiten duena. 

Habana barkuan erbestera
1937an Santurtziko portutik atera zen Habana itxasontzia euskal ume errefuxiatuekin Britainia Handiruntz.

Kezka dantza taldeak harreman berezia izan du erbesteratutako umeekin eta 2007an eta 2012an Southampton-en egindako biltzarretan parte hartu du The Basque Children UK’37 elkartearen eskariz. Gainera, Koke Martinez, euskal ume erbesteratua izan zenak eta artista errekonozituaren lan eder bat Kezka dantza taldeak jaso zuen haren heriotzean.

Koke Martinez-en margolana 2011
Carmen Kilner, Koke Martinez-en margolana Kezka dantza taldeari eskainiz, 2011. Argazkia: Iñaki Zugasti.
Kezka Southampton 2007
Kezkako dantzarian Southamtponen, euskal ume errefuxiatuen kanpamenduaren erreprodukzioaren aurrean.

2022an ere parte hartzeko gonbidapena jaso du eta uztailaren 14an eta 15ean Galesen, Caerleon-en ospatuko diren ekitaldietan 85 urte lehenago erbesteretatutako umeek errefuxiatutako kanpamenduetan egiten zituzten moduko dantzak eskainiko ditu bertan. Izan ere Caerleon-en bertan izan zen errefuxiatuen kanpamenduetako eta horregatik aurtengo ekitaldiak bertan antolatu dira.

Euskal ume errefuxiatuen kanpamendua
Euskal ume errefuxiatuen kanpamendua

Caerleon, Newport (Gales)

The Basque Children UK’37 elkartearen 85. urteurreneko biltzarra 2022ko uztailaren 14an eta 15ean ospatuko da, 1937an euskal ume errefuxiatuak hartu zituen Galeseko Newporten dagoen Caerleon herrian. Bertan, errefuxiatu izaera partekatzen duten familiak, bizirik eta bidaiatzeko osasunez dirauten gerrako umeak, gaia jorratu duten ikertzaile eta akademikoak, euskal nazioaren eta kulturaren ordezkari eta sustatzaileak, ordezkari politiko eta instituzionalak, eta exiliatuen eta errefuxiatuen gaurko zein iraganeko errealitate gordinarekin sensibilizatuta dauden elkarte eta norbanakoak izan dira.

Gerrako umeen dantzak erbestean 2
Euskal ume errefuxiatuek euskal dantza emanaldiak eskaintzen zituzten beraien sostengura baliabideak lortzeko.

Euskal dantza tradizionalekin mimoz eta pasioz osatutako emanaldiak izango dira Kezka dantza taldeak The Basque Children UK’37ren 85. urteurreneko biltzarrean eskainiko dituenak. 15 dantzarik eta 5 musikarik osatutako taldea izango da Caerleonen eta biltzarrean jorratuko dituzten ekitaldien programan hiru unetan euskal dantzen emanaldia eskainiko du Kezka dantza taldeak, Gales bertako dantzen agerraldi batekin eta Euskal Herriko musikari bikote batekin, Irantzu Garamendi eta Asier Berrojalbizekin tartekatuz.

Southampton 2012
Kezka dantza taldea 2012ko Southamptoneko Basque Childrenen biltzarrean. Argazkia: Iñaki Zugasti.

Hirugarren aldia 

Kezka dantza taldeak harreman berezia izan du erbesteratutako umeekin eta 2007an eta 2012an Southampton-en egindako biltzarretan parte hartu du The Basque Children UK’37 elkartearen eskariz. 2022an ere parte hartzeko gonbidapena jaso du eta uztailaren 14an eta 15ean Galesen, Caerleon-en ospatuko diren ekitaldietan 85 urte lehenago erbesteretatutako umeek errefuxiatutako kanpamenduetan egiten zituzten dantzak eskainiko ditu bertan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Etxeparen Institutuaren diru-laguntza deialdietan eskaerak egin ditugu bidaia finantzatzen laguntzeko, baina oraindik ez dugu erantzunik.

Euskal ume errefuxiatuen kanpamendua
Euskal ume errefuxiatuen kanpamendua

Kezka dantza taldeak Gerrako Umeen ekitaldira eramango duen euskal dantzen errepertorioa 1937ko errefuxiatuek beren kanpamenduetan lantzen zituzten euskal dantzen errepertorioa aztertuta diseinatu da, oroimenean eta emozioetan bat egiteko asmoz.

ERLAZIONATUTAKO ELEMENTUAK

The Basque Children

Southamptonetik bueltan

Southamptonera

Gerrako Umeen 75. urteurren ekitaldira

Gerrako umeekin Southamptonen

Souhampton-era, gerrako umeei dantza egitera

Coque: dantza eta margolaritza lotu zituen gerrako umea

Coque-ren margo bat jasoko du Kezka dantza taldeak

Hiru hilabete bakarrik izango dira

Juan San Martin jaio zela 100 urte

Juan San Martin Eibarko Seme Kuttun izendapena, Eibar, 2006-11-17. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea (cc) by-sa

Bihar, ekainaren 23an, 100 urte beteko lituzke Juan San Martinek, 1922ko San Joan bezperan etorri baitzen mundura. Euskaltzaindiak  bere osoko bilkura Eibarren egingo du gaur eta omenaldia eskainiko zaio. Eibartar ilustrea, euskal hizkuntza eta kulturaren jakintsu, ikertzaile eta sustatzaile erraldoia, eta gure gertuko baratzean, Eibarko Klub Deportiboan hainbat lan egindakoa, deportiboko aldizkari edo boletinari berak jarritako Kezka izena ere, gero dantza taldeak hartu zuena,  berari zor diogu. Juan San Martinek, bere bizitza emankorrean zenbat gai jorratu zituen sinestezina da, eta dantzaz ere egin zituen ekarpenak. Han hemen argitaratutako etnografia lanez gain, 1998an argitaratutako Gregorio Santa Cruz dantza maisua liburuaren hitzaurrea idatzi zuen eta bertan Eibarko garai bateko dantza-kontuak izan zituen hizpide. 

Eibarko seme kuttun

Juan San Martin Eibarko seme kuttun izendatu zuen Eibarko Udalak 2005eko apirilean. Gaixo zen une hartan eta ez zen izendapen ekitaldia egin. HIlabeteren buruan hil zen Juan San Martin, eta hil ondoan, urtebete beranduago, 2006ko azaroaren 18an egin zen ekitaldia. Bertan ezpata-dantza eskaini genuen Usartza txistulari taldeak eta Kezka dantza taldeak. Egun hartako argazkiak dira honakoak.

Juan San Martin Seme Kuttun 2006 ezpata-dantza
Juan San Martin Seme Kuttuna izendapen ekitaldian ezpata-dantza, Eibar, 2006-11-17. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea (cc) by-sa.
Juan San Martin Seme Kuttun 2006 ezpata-dantza
Juan San Martin Seme Kuttuna izendapen ekitaldian ezpata-dantza, Eibar, 2006-11-17. Argazkia: Iñaki Zugasti – Kezka dantza taldea (cc) by-sa.
Juan San Martin Seme Kuttun 2006 ezpata-dantza
Juan San Martin Seme Kuttuna izendapen ekitaldian ezpata-dantza, Eibar, 2006-11-17. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea (cc) by-sa.
Juan San Martin Seme Kuttun 2006 ezpata-dantza
Juan San Martin Seme Kuttuna izendapen ekitaldian ezpata-dantza, Eibar, 2006-11-17. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea (cc) by-sa.
Juan San Martin Seme Kuttun 2006 ezpata-dantza
Juan San Martin Seme Kuttuna izendapen ekitaldian ezpata-dantza, Eibar, 2006-11-17. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea (cc) by-sa.

Dantzari Eguna plazara itzuliko da berriz

Bi urtez plazatik ezkutatuta egon ondoren, bihar, ekainak 10, ostirala, arratsaldeko 19:30ean, Untzaga Plazan izango da Eibarko Dantzari Eguna. Ohi bezala, Kezka dantza eskolan eta Kezka dantza taldean urtean zehar ikasitako dantzak publikoan erakusteko aukera izango da. Dantza taldeko nagusiek Otsagabiko dantzak prestatzen jardun dute aurten eta beraz, pasakalle, enperadorea, katxutxa, jota eta pañuela-dantza eskainiko dituzte.

Dantza eskolako taldeek hango eta hemengo dantzen erakustaldi anitza eskainiko dute: Gipuzkoako dantzak (uztai handien kontra-dantza, zinta-dantza, uztai txikiena, makila handiena,…), aurreskua edo soka-dantza, Lapurdiko kaskaroten dantzak (martxa, marki ttipo, antxoriz dantza-jauzia, dantza-luze,…), Sarian zunzun sorgin-dantza, Lanestosako zumeen dantza eta kontra-dantzak,… Ohi bezala, musikaz Kezka dantza taldeko txistulariak eta Jainaga trikitilaria arduratuko dira. 

Eibarko Dantzari Eguna 2022

  • Ekainak 10, ostirala, 19:30ean
  • Tokia: Untzaga plaza (Euria egiten badu Errebalen)

Jarraitu Kezka