Kategoriaren artxiboa: Emanaldiak

Koko-marru zuri 2015eko koko-dantzetan

2015 honetan elur zuriak egin digu harrera koko-marruoi. Elur zuriak eta hotzak, baina alaitasun eta egun horren ederrak ez zituen animoak eta giroa makaldu. Baserritarrak beti bezain eskuzabal agertu ziren eta koko-marruak beti bezain alai. Ederra benetan Otaola eta Kiñarra inguruetako estanpa. Elurrak Eibarko inguru guztiak estali zituen ia aste betez eta aratusteen koloreak kontraste ederra egiten zuen irudi horretan.

Koko-dantzak 2015, estanpa

Goizean goizetik denok bildu, jantzi, margotu, aurpegiak estali eta 8:30ak alderako Merkatu plazan geunden egunari hasiera emateko prest.Koko-dantzak 2015, merkatu plazan hartza

Han izan genuen, urtero lez, lehenengo agerraldia egiteko parada. Bertan bildutako guzti-guztiak lore eta besarkadaz agurtu, fox-trot, makila-dantza eta dantza solteari errepaso ederra eman, goizeko ahots astunak ondo afinatu eta.. Hala hala! Aldapa gora egin genuen koko-marruok,  Otaola aldera, espero gintuen egunari gogoz eusteko prest.

Koko-dantzak 2015, merkatu plazan

Batzuek Txontatik gorako bideari ekin genion oinez, tentuz eta poliki-poliki, izotz eta elurretan irrist ez egiteko! Aldapan gora iritsi ginen Mertetxe, Iraegi, Areta eta Aretabeletxe baserrietara.

Koko-dantzak 2015, baserrian 1

Gainontzekoak furgonetak hartu, eta Sautxiraino jaitsi ginen, hurrengo baserrietara ere horrela iristeko asmoz.. baina, bai zera! Izotza! Agian oinez hobeto… Iragorri baserrian lehenengoak jaso eta Azitainen furgonetak lagata horrela egin genituen Loiola, Egiguren, Izkua, Azitaingo erretegiko eta Txopen baserriak. Handik, berriro ere Otaolaerdikoa eta Ipurua baserriak ere bisitatu genituen. Izkuan hartu genuen sorpresa ederra, baserriko atea zabaltzean bertakoan koko jantzita irten zirenean, hau da karnabala!!!

Koko-dantzak 2015, Izkua

 

Altamira-erdikora iristeko ginela elkartu ginen bi taldeak eta hor izan genuen aurtengo talde argazki ederra egiteko aukera ezin hobea.

Koko-dantzak 2015, taldeko argazkia

Koko-dantzak 2015, Kantinan soka-dantzaHandik aurrera koko kuadrila handiak bisitatu genituen eguneko azken baserriak. Kantinan soka-dantza egin genuen lehen aldiz. Bertan haur eta guraso talde handia batzen zaigu beti, baina nabari da bai duela 4 urte etxe barrutik beldurtuta begiratzen gintuzte haurrak koskortu direla, aurten Burburixuak ziren dira horrenbeste haurren artean beldurtu direnak!

Ondoren Txonta aldera joan eta Lekamendi, Urkiditorre eta Bolingua baserrietara hurbildu ginen eskean.

Koko-dantzak 2015, baserrian 2

Salda eta txorizo egosiak berotu zizkiguten barruak aurtengo koko-eskean. Baserritarrek ondo ezagutzen gaituzte dagoeneko eta badakite bai koko-marruak ondo zaintzen. San Blas, sagar, intxaur, gazta eta porrurik ere ez zitzaigun faltan gelditu. Eskerrik asko!!

Koko-dantzak 2015, eskean-2

Koko-dantzak 2015, san blasaKoko-dantzak 2015, eskean-3

Arratsalde partean Eibarko kaleetan izan ginen kokomarru eta koko-dantzariak. Arratsaldeko 19:00etan batu ginen denok eta Paguanekuak eta Elgoibarko Mausitxa txaranga orduan batu zitzaizkigun festara. Koko-konpartsa ederra osatu genuen, eta egarria asetzen laguntzeko lankide berri ederra izan genuen oraingoan; koko-karrua!

Koko-dantzak 2015, Paguanekuak, Kattalin eta Manuela

Soka-dantza ere birritan egin genuen Eibarko kaleetan. Toribio Etxeberria kalean, Klub Deportiboaren aurrean urtero geldialdia egiten dugu, eta aurten ere bertan egin genuen lehen aldiz Kokomarruen soka-dantza kalean. Jende mordoa bildu zen kokomarruon inguruan dantza ikusten eta kalejiraren amaierara arte jarraitu gintuzten askok. San Andres elizako atariak ikusi zituen aurtengo Koko-dantzetako azken jira eta birak.

Koko-dantzak 2015, Soka-dantza

Koko-dantzak 2015, San Andres eliza atarian

Hona hemen Iñaki Zugasti, Felipe Loiola eta Fernando Retolazak egindako argazki sorta zabalago bat:

Koko-marruak aseturik eta baserritarrak pozik

2014 honetan, eguraldi onak lagunduta eman ditugu koko-dantzak beste urte batez. Baserritarrek eskuzabal hartu gintuzten eta iluntzean herriko kaleetan, jendez inguraturik girotu genituen bazterrak.

Ezin kexatu gara. Goizeko goibelak segituan egin zion tarte eguzkiari eta harek argituta egin genuen aurtengo ibilbidea. Behar bezala jantzi, aurpegiak ezkutatu, herramintei heldu, furgoneten banaketari kontu egin eta, zortzirak bueltan, astirik galdu gabe lehenengo txapligua jaurtitzen ginen merkatu plazaren aurrean.

2014-02-22_koko-dantzak_FL_4288

Jarraian taldea bitan banatu genuen: batzuek Aginaga alderako bidea hartu zuten zuzenean eta besteek berriz, Amañako kale ezkutuetatik aurrera joanda, Zozola baserria zuten lehen bisita leku, iaz egin gabe gelditu ziren Mandiola aldeko baserrietara bidean.

Aginaga aldean Altzerreka izan zen lehena. Segidan San Romanen, Abuaga bietan, Torrepen eta Suinaga bietan entzun ziren txapliguak. Baserritarrek irribarrez agurtzen gintuzten eta baita dantzara animatu ere!

2014-02-22_koko-dantzak_FL_2881

2014-02-22_koko-dantzak_FL_2959

Alde egin aurretik, mamarruen zestoak betetzea gogotsu onartzen zuten denek ere… badaezpada!

2014-02-22_koko-dantzak_FL_3148

2014-02-22_koko-dantzak_FL_3179

Bien bitartean Mandiola aldeko taldeak, Zozolan hasi eta oinez egin zituen segidan Zozolabarri eta Aritxulueta biak. Hemen koko-marruak lehenengotik ase nahi izan zituzten eta armosua armosuaren gainean izan genuen. Ohikoa baino ozenago entzun ahal izan zen agurtzeko kopla… hau etxe hau luze gorde daixala!.

2014-02-22_koko-dantzak_FL_4319 copia

2014-02-22_koko-dantzak_FL_4372

Gorostiagara iritsi aurretikoan egin zuten bat talde biek. Baserri atariak eskeintzen zuen plaza ederra ikusita, bertan sokadantza emateko tartea hartu genuen etxeko jaun andereak begira begira genituela.

2014-02-22_koko-dantzak_FL_4548

Jarraian, bailaran beheraxeago bide bazterrean bertan, Orbesoraen baserrian zain genuen familia osoa; nagusien atzekaldean ezkutaturik hasieran etxeko txikienak eta koko-marruekin dantzan segituan.

2014-02-22_koko-dantzak_FL_3322

Furgonetetara berriz igo eta Aginagara jarraitu genuen. Aginagagaineko ertzean dantzatu, abestu eta tripak bete ostean, taldeko argazki ederra atera genuen eliza atarian.

2014-02-22_koko-dantzak_FL_3392

Goranzko bidea jarraitu genuen Bizkaian sartu-irtena eginaz Oregizar baserriak zapaltzen duen mugarrira iristeko.

2014-02-22_koko-dantzak_FL_3413

Gora eta gora egin oraindik eta azkenik Arandoetara iritsi ginen. Ederra aldaketa egin du lau urte hauetan baserri gune honek! Ia ezagutu ere ez genituen etxeak… Oraindik berrizte lanetan darraite, batak zein besteak baina poza ematen du jaustear zeuden etxeak horrela berriztuta ikusteak. Lau urte barru irrikaz bueltatuko gara, nola aurkituko ote dugun galdezka.

2014-02-22_koko-dantzak_FL_4859

Baserrietako eskeak bukatuta, Umbe elkartean -behar haundirik ez bagenuen ere aurtengoan- zerbait jan, edan eta deskansatzeko tartea hartu genuen. Zazpietan anbulategiko parkean txaranga eta beste koko-jantzitakoekin elkartu eta iluntzeko saioari ekin genion. Aurten bi pertsonaia berri izan genituen mozorro edo zomorro artean: fumigatzaileak! Extralurtarrak ziruditen haiek koko-marruen eztarriak baretzeaz arduratu ziren batez ere.

2014-02-22_koko-dantzak_IZ_7855_IZ

Eguraldiak lagunduta eta Mausitxak markatutako doinueri jarraituaz, giro ezin hobean joan zen kalejira. Urtetik urtera gero eta gehiago dira koko-jantzita gurekin batera Eibarko kaleetan jarduteko batzen zaizkigunak eta dudarik gabe honek jaia handiago eta batez ere biziago bihurtzen du. Aurpegia estali, hiru-lau trapu zahar soinean jantzi eta dantzan jarduteko humore pixkat (edo humorez jardun ahal izateko dantza pixkat?!), ez duzu besterik behar.

2014-02-22_koko-dantzak_IZ_7815_IZ

Erdi bidean Untzagan, jendez inguraturik, sokadantza emanda, San Andres elizako plazan azken dantza jauzi eta bueltak emanaz esan genion agur aurtengoari.

2014-02-22_koko-dantzak_IZ_7933_IZ

Hemen Iñaki Zugasti, Fernando Retolaza eta Felipe Loiolaren argazki gehiago hurrenez hurren.

2014-02-22_koko-dantzak_IZ_7965_IZ

“Besta Berri” Zornotza eta Andoainen

Besta Berri Zornotza eta Andoainen

Ia urte bete pasa da joan den urteko abenduan, Bilboko Arriagan, Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean eta Argia, Duguna, Haritz, Maritzuli, Xinkako eta Kezkako dantzarion parte hartzearekin. Denboralditxoa generaman berriz ikuskizuna taularatu gabe, maiatzaren 18an Euskal Jaien bueltan Eibarren bertan eman genuenetik hain zuzen ere. Eta orain berriz, denbora gutxian, apenas jantziak gainetik kendu eta garbitzeko astirik izan dugu: Zornotzan lehenengo urriaren 26an eta, hamabost egun geroago, Andoainen, azaroaren 9an.

2013-11-08_Besta-Berri_Andoain_IMG_1338_IZ

Udako oporretatik bueltan, Arrate eta Iruñeko ezpata-dantzen saioak atzean laga ostean ekin genien etxeko prestaketa laneri. Besta Berrin tokatzen zaizkigun konpromisoak behar den bezela bete ahal izateko gure gazteenak hutsuneak betetzera sartuak ziren ikuskizunean eta haiek ere fin hartu zituzten egin behar berriak. Zornotzarako eguna gerturatu ahala, aurreko asteburuetan partaide guztiak elkartuta hautsak kendu genizkien jantzi eta dantzeri Donostian izandako saioetan.

2013-11-08_Besta-Berri_Andoain_IMG_1413_IZ

Eguna iritsita ohi bezela azken orduko errepasoa egin genuen lekua hartu eta dudak uxatzeko. Frontoian zen Zornotzakoa, balioaniztun eraikina, baina honek sarritan berarekin dakarren hoztasunetik at, txukun antolatuak ziren eszena atzekalde eta aldatzeko lekuak. Dantzariok eskertu genuen lekua izatea, bertatik bertara, erropa aldaketak azkar egin eta dena ere behar den bezela antolatua izateko.

2013-11-08_Besta-Berri_Andoain_IMG_1677_IZ

Lehen aldia zutenen urduritasunek markatu zuten ikuskizuna, berritasunak. Beldurrak beldur ederto joan zen emanaldia; barrutik hala igarri genuen eta kanpotik begira izan genituenek ere hala adierazi ziguten. Dutxak, materiala jaso eta pozik egindako lanaz etxera, hurrengora arte.

2013-11-08_Besta-Berri_Andoain_IMG_1738_IZ

Hamabost egun beranduago Andoainen genuen topagunea berriz ere. Zornotzako entsegua eta gero, betiko ikutuez gain, geneukanarekin atera ginen agertokira. Egindakoetatik saiorik txukunena eman ez genuela jakinda ere, jendearen txalo zaparrada beroa jaso genuen eta horretxekin aurtengoz agur esan genion Besta Berriri. Hurrengoko zita urtarrilaren 4an, Gasteizen, gabon zaharretako nagiak eta gehiegikeriak gainetik kendu eta 2014. urte berriari ongi etorria egiteko. Zer hoberik dantzan hastea baino!

2013-11-08_Besta-Berri_Andoain_IMG_1890_IZ

Arrateko dantzak Iruñean leku eginez

Iruñeko Duguna taldeko lagunek, Aldapako San Ferminen ezpata-dantza plazaratu zutela bosgarren urtea betetzen zela eta, gurekin batera ospatu nahi izan zuten seinalatutako asteburuan bertara dantzara gonbidatuaz. Bigarrenez irailean Arrate egunez egin beharreko lanak eskaintzeko aukera izan genuen Nafarroako hiriburuan.

Larunbat bazkalostean, Iruñera iristeaz batera, euriak jaso gintuen, gogotsu. Eguraldiak onera egingo zuelako esperantzarekin eta ordutegiarekin genuen marjina tarteko aurreikusitakoarekin aurrera jarraitzea erabaki genuen. Dugunakoek Arrotxapean erabiltzen duten eskolapioen eskolan batu eta beharrezko agindu eta argibideak eman eta gero segituan ginen erropa zuriak janzten; ostegunean Donostian Gipuzkoako urrezko dominaren ekitaldian erabili ostean, ez zuten lan makala hartu Arantzak eta Maikak erropak plantxatzen berriz luzitzeko eran izan gintezen!

Atertu ostean, eta kaleak lehortzen joan zitezen astia ematen zezan, ekitaldia ordu bete atzeratzea erabaki zen. Prest ginen seiak ingururako baina kaleak oraindik ere busti-busti eginda zeudenez, abarketak eskuan hartuta urreratu ginen Maiatzaren 2an Dugunak duen egoitzara. Kaleko oinetakoak lanerako abarketengatik aldatu eta, Oier Araolaza buru zela, zazpiak puntuan ekin genion kalejirari. Enrike Montero eta Ainara Ibañez txistuekin eta Iñaki Barua atabalarekin talde buru genituela lan berezia izan genuen Iruñeko alde zaharreko kaleeten tragoa eskuan zuela zebilen jende andanaren artean bidea zabaldu eta udaletxe plazara iristen. Ikusleak ala ikusgarriak, nork ote zuen harridura aurpegi haundiagoa ez dakigu!

2013-09-28_Irunea-ezpata-dantza_0311_IZ

Plazan ginela, ezpata-dantzarekin hasi orduko, erropen zuritasunak eta iriarena doinuak erakarrita segituan inguratu gintuzten iruindarrek. Arrateko ezpata-dantza lehenengo eta trokeo dantzak atzetik, betiko ahaleginak egin genituen saioa txukun joan zedin. Jendearen txaloek gure eginahalak gozotu ostean, erretiratu eta berriz oinetakoak aldatu aurretik, familia argazkia egin genuen udaletxe parean.

2013-09-28_Irunea-ezpata-dantza_0407_IZ2013-09-28_Irunea-ezpata-dantza_0530_IZ

Dutxa eta gazteenen atontze lan sakonen ostean, afaria zain genuen Dugunakoen egoitzan. Beraiek egin zituzten zerbitzari lanak eta giro ezin hobean joan zitzaigun afalordua. Gero gerokoak izan ziren alde zaharreko kaleetan eta berandu gabe Arrotxapeako eskolapioetan zain genuen hotel inprobisatura erretiratu ginen lotara.

Igande goizez, asteburuko eguraldi totelak nahikoa eutsi zion eta Aldapako San Ferminen ezpata-dantza ederraz gozatzeko parada izan genuen; jendez gainezka zeuden kaleetan barrena lehehengo eta udaletxe plazan ekitaldi buruan. Dantzak bukatuta, bazkari kontuak Iruñean bertan egin genituen, autobusa hartu eta berriz etxera bueltatu aurretik.

Bukatu aurretik, eskerrik asko eta zorionik beroenak Dugunako lagun taldeari zuen artean halako modu adeitsuan leku egitearren. Nahi duzuen arte!

[Hemen Iñaki Zugastik ateratako argazki gehiago]

Gipuzkoako urrezko dominaren ezpata-dantza 2013

Nestor Basterretxea, Euskaldunon Egunkaria eta Egin omendu ditu bart Gipuzkoako Foru Aldundiak urrezko dominaren bidez. Eta ohi bezala, ezpata-dantza egin dugun ekitaldian. Gipuzkoako hainbat herritako ezpata-dantzariak bildu ginen Gipuzkoa plazan ezpata-dantza bakarra osatuz.

2013-09-26_Donostia-ezpata-dantza-urrezko-domina_IL_7792

Andoaingo Urki, Tolosako Udaberri, Añorgako Arkaitz, Beasaingo Aurtzaka, Debako Gure-Kai, Elgoibarko Haritz eta Eibarko Kezka dantza taldeetako dantzariak, Eibarko Usartza txistulari taldeko musikariak, eta Donostiako Argia dantzari taldearen zuzendaritzarekin osatu dugu ezpata-dantza.

2013-09-26_Donostia-ezpata-dantza-urrezko-domina_IZ_0165

Omendu, gonbidatu eta ikusle artean, jendetza bildu da Diputazioaren aurrealdean, eta tarte batzuetan lekuz justu xamar ibili bagara ere, horrek berak berotasuna eman dio dantzari. Omenduen aurrean ezpata-dantza dantzatu dugun unean ikusmin handia sortu da, eta une hunkigarria izan da. Ondoren, Diputazioko ate nagusiaren aurrean egindako zubitik pasaz sartu dira jauregira omendu eta gonbidatuak.

2013-09-26_Donostia-ezpata-dantza-urrezko-domina_IZ_0217

Kezkakoontzat oso polita izan da omenduen artean gure taldeko txistularia izandako bat ikustea. Iñaki Iriondo Kezka dantza taldeko kidea izan zen hainbat urtez. Egin-eko erredakzio buru izan zen Iñaki eta itxitako egunkariaren ordezkaria eta hizlaria izan da ekitaldian.

2013-09-26_Donostia-ezpata-dantza-urrezko-domina_IL_7838

Hona hemen parte hartu duten dantzarien zerrenda. Ezpata luzeekin: Ane Astigarraga, Larraitz Zialzeta, Carlos Gomez, Ainara Aizpurua, Aiora Arregi, Ane Egibar, Sergio Garcia, Andoni Alonso, Koldo Antolinez, Jon Arregi, Aritz Brosa, Garazi Artetxe, Xabier Artola, Julen Uranga, Miren Izagirre, Ilazki Azaldegi, Izar Sarriegi, Amaia Albisu, Josune Arakistain, Larraitz Ostolaza, Eider Aldalur, Iera Larrañaga, Olaia Gabirondo, Jon Barruetabeña, Egoitz Blanco, Enrike Izagirre, Ander Garitagoitia eta Oihane Llorente. Ezpata txikiekin aritu diren azkendariak: Jokin Otamendi, Joseba Astarbe, Irati Kortabitarte eta Garikoitz Otamendi. Gidaria: Josu Garate. Buruzagia: Oier Araolaza. Txistulariak: Enrike Montero, Elena Perez, Asier Castelos eta Iñaki Orbegozo

2013-09-26_Donostia-ezpata-dantza-urrezko-domina_IZ_0246

Berrian, ekitaldiari buruz argitaratutako bideoan ezpata-dantza ageri da ia-osorik. Iñaki Zugastik, Arantza Uriguenek eta Iker Lazpitak egindako argazkiak:

Besta Berri Victoria Eugenian, lehen argazkiak

Bart Donostian eskainitako Besta Berri ikuskizunean Iñaki Zugastik egindako argazkien lehen sorta aurrerapena helarazi digu.

Argia dantzari taldea eta Juan Antonio Urbeltz-en “Besta Berri” ikuskizuna Donostiako Victoria Eugenia antzokian, Argia, Duguna, Haritz, Maritzuli, Xinkako, Gure-Kai eta Kezka dantza taldeekin, 2013ko ekainaren 9an. Argazkiak: Iñaki Zugasti.

2013-06-09_Besta-Berri-Victoria-Eugenia_IZ_87902013-06-09_Besta-Berri-Victoria-Eugenia_IZ_88042013-06-09_Besta-Berri-Victoria-Eugenia_IZ_88582013-06-09_Besta-Berri-Victoria-Eugenia_IZ_88972013-06-09_Besta-Berri-Victoria-Eugenia_IZ_89272013-06-09_Besta-Berri-Victoria-Eugenia_IZ_89492013-06-09_Besta-Berri-Victoria-Eugenia_IZ_90052013-06-09_Besta-Berri-Victoria-Eugenia_IZ_90122013-06-09_Besta-Berri-Victoria-Eugenia_IZ_90552013-06-09_Besta-Berri-Victoria-Eugenia_IZ_91142013-06-09_Besta-Berri-Victoria-Eugenia_IZ_91182013-06-09_Besta-Berri-Victoria-Eugenia_IZ_91672013-06-09_Besta-Berri-Victoria-Eugenia_IZ_9236

Soka-dantza Santa Kurutzen 2013

Baserritar gazte belaunaldi berri bat loratu da Santa Kurutz ermitaren inguruetan. Batez ere Mandiola eta Gorostako baserrietan hazitako gazteak dira, Santa Kurutzeko festak antolatzekon testigua hartu, eta beraien bizi-pozakin kutsatu dituztenak. Emilio Azurmendi Sagarbitzaren hutsuneak markatu ditu aurtengo festak, baina belaunaldi berriaren festa-gogoak poza ekarri du Santa Kurutzera.

2013-05-05_Santa-Kurutz-soka-dantza_IZ_6586

Irati Kortabitarte eta Ane Sarasketa aurresku eta atzesku lanetan, eta Esther Kareaga eta Ainhoa Larrañaga zerbitzari lanetan, inguruko baserritarrek, emakumeek osatu dute soka ermita aurrean. Usartzarko txistularien doinura etorri dira desafioa, lehen gizonaren plazaratzea, kontrapasa, agurra, aita-san migel. Lehen zubiaren ondoren, Alberto Sarasketa “Azpiri” atera dute zelaira eta alabak dantzatu dio agurra.

2013-05-05_Santa-Kurutz-soka-dantza_IZ_6652

Bigarren zubia eta bigarren desafioaren ondoren iritsi dira fandangoa, arin-arin eta kalejira. Dantzarako baino iheserako hanka arinagoak dituela erakutsi du mutilen batek, baina gainontzekoek onenak emanda erantzun diote emakumeen gonbiteari eta dantza soltean haiekin aritzeko erronkari.

2013-05-05_Santa-Kurutz-soka-dantza_IZ_6693

Dantza osteko txorizo, odoloste eta gaztaiek ondo baino hobeto berdindu dituzte dantzak egindako hutsuneak.

Koko-dantzak 2013: otsailaren 2an Eibarren eta 9an Elgoibarren

Datorren otsailaren 2an, larunbatean izango ditugu koko-eskea eta koko-dantzak Eibarren. Inauteriak ate joka ditugu! Iazko koko-eskea zuria izan zen, zalantzarik gabe, hotza baina argazkietarako polita!

2012-02-04_Koko-dantzak_FL_7287

2013ko aratusteei begira, azken asteotan koko-dantzen ensaioetan buru-belarri dihardugu, 2013-01-10_Koko-dantzen-ensaioa-Portalean_21.15.47 eta aurreko batean Toribio Etxeberriaren aipu batekin gogoratu ginen:

Aratostietarako, makilla-dantzia ikasten dabiz gazte mordo bat

Polita iruditu zitzaigun konturatzea, 80 (?) urte beranduago, Eibarren, gazte mordo bat, aratostietarako makilla-dantzia ikasten dabillela. (Bide batez, makilla-dantzia, makila-ren ‘a’ organiko hori galdu gabe erabiltzen zuen Etxeberriak, eta orain badirudi, galgarria edo mugatzailea dela ‘a’ hori gehienetan makil-dantza irakurtzen baitugu han eta hemen.)

2013-01-10_Koko-dantzen-ensaioa-Portalean_21.19.53

Mandiola eta Gorosta

Mandiola eta Gorosta aldean ibiliko dira aurten koko-dantzak. Azitain eta Matsariako industria-guneen artean dauden baserrietan ibiliko gara goiz partean, Eskaregi, Agarre, Azaldegi, Nagiorbe, Azpiri, Arlaban, Asolagaineko eta abar, Mandiolara iritsi arte. Hortik gora jarraituko dugu, Santa Kurutz aldera, eta inguruan dira Iturrao, Gisasola eta abarretara. Arraterako errepidetik joanda dauden baserrietara ere joateko asmotan gara: Miraflores aldekoak, Iturburu gaineko Amezabalegi aldekoak, Pagaegi ingurukoak, Ixua, Usartza eta Akondia, Pagola, Altzaga eta Berretxinak.

2013-01-13_Koko-eske-prestatzeko-baserrien-buelta_13.16.20_r

Guztira 30 baserri inguru izango dira, eta bi taldetan antolatuko dira koko-dantzari eta koko-marruak, denetara ilundu aurretik iritsi ahal izateko. Talde batek, ia ibilbide osoa oinez egingo du. Bi taldeen artean 50 lagun inguru ibiliko dira baserriz baserri koko-dantzan eta koko-eskean.

Iluntzean, Eibarko kaleetan

Arratsaldean, 19:00etan elkartuko dira koko-dantzari eta koko-marru guztiak Anbulategi aurreko parkean. Bertan, Mauxitxa txaranga izango dugu zain, eta baserrietan ibili direnez gain beste hainbat koko-marru, masusta eta koko-moko elkartuko zaizkigu. Izan ere, iluntzeko deialdia irekia da, edonork parte hartu dezakegu, eta Kezkatik nahi duten guztiak gonbidatu  nahi ditugu koko-jantzi eta inauteriaz eta festaz gozatzera.

2012-02-04_Koko-dantzak_FL_7313

Koko-dantzak, herriko kaleetan, otsailaren 2an, arratsaldeko 19.00etatik 21.00etara izango dira. Toribio Etxeberria, Zuloagatarren, Untzaga eta Fermin Kalbeton kaleetan ibiliko gara. Beraz:

Koko-dantzak Eibarko kaleetan

  • Otsailak 2, larunbata
  • 19:00etan Anbulategiko parkean


Nahi duten guztientzat ensaio irekiak

Koko-dantzetako iluntzeko kalejiran parte hartzera animatzen diren guztientzat bi ensaio ireki egingo dira datozen bi asteetan. Ensaio horietan koko-dantza ikasi eta koko-jantziari buruzko laguntza eskainiko dugu. Bi data hauek dira horretarako: urtarrilak 22 eta urtarrilak 29, biak astearteak, eta arratsaldeko 20:00etan Portalea Kultur Etxeko hirugarren solairuan, dantza gelan.

Kaleko koko-dantzetan parte hartzeko entsegu irekiak:

  • Urtarrilak 22, asteartea, 20:00etan
  • Urtarrilak 29, asteartea, 20:00etan
  • Tokia: Portalea Kultur etxeko dantza-gelan (3. solairuan).

Edozein zalantza izanez kezka@dantzan.com helbidera idatzi dezakezu edo deitu 943 53 04 40 tfnora.

2013-01-10_Koko-dantzen-ensaioa-Portalean_21.17.55

Koko-dantzak Elgoibarrera

Aurten, Elgoibarko Haritz dantzari taldearen 40. urteurrena dela eta, koko-dantzak Elgoibarko kaleetan eskainiko dira. Kezkako taldetxo batek parte hartuko du bertan, baina batez ere Haritz dantzari taldeko dantzariek gorpuztuko dituzte koko-dantzari eta koko-marru gehienak, eta Eibarren bezala, Mauxitxa txaranga izango Elgoibarren koko-dantzei musika jarriz. Otsailaren 9an, larunbatean, arratsaldeko 19.00etatik aurrera izango dira koko-dantzak Elgoibarren.

Koko-dantzak Elgoibarren

  • Otsailaren 9an, larunbata, 19:00etan

2012-02-04_Koko-dantzak_IZ_IMG_9962

Ezpalak 2012 Kezka: zinta-dantza

Ezpalak 2012 jaialdiaren bukaera Eibarren. Zinta-dantzen nazioarteko jaialdia bukatzeko zinta-dantza handi bat dantzatu zuen Kezka dantza taldeak. 180 dantzari, 9 metroko alturako makila, 1,6 km zintatan. Doinua, Sasikopaitsu biribilketa da, Adolfo Jainaga soinuarekin, Inma Albizu panderoarekin. Zinten korapiloa oraindik askatu ezinda gaude.

Irudiak: Eire Vila. Ezpalak, dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia, Eibarren, 2012-05-27.

Gorpuzti eguneko liturjia koreografikoa Arriaga antzokian

Herensuge eta ezpata-dantzarekin hasi, Besta Berri eta Corpus Christiren dantza koloretsuekin segi, eta pastoralean inspiratutako auto sakramentalarekin bukatuta, gorpuzti egunaren inguruko liturjia koreografikoak bete du Arriaga antzokiko eszenatokia bart, Juan Antonio Urbeltz eta Argia dantzari taldearen Besta Berri ikuskizunaren estreinaldian.

Argia, Duguna, Haritz, Xinkako, Maritzuli eta Kezkako dantzariak aritu gara bertan. Kezka dantza taldetik: Irati Kortabitarte, Ainhoa Larrañaga, Oihane Llorente, Maider Otaola, Nagore Fernandez, Olaia Gabirondo, Josu Garate, Enrike Izagirre, Aiert Ibarbia, Luken Aranburu,  Unai Txurruka, Egoitz Blanco, Ander Garitagoitia eta Oier Araolaza.

Hona Iñaki Zugastik egindako argazkien aurrerapen bat:

2012-12-02_Besta-Berri-Arriaga_IZ_lehen-sorta_2359 2012-12-02_Besta-Berri-Arriaga_IZ_lehen-sorta_2405 2012-12-02_Besta-Berri-Arriaga_IZ_lehen-sorta_2474 2012-12-02_Besta-Berri-Arriaga_IZ_lehen-sorta_2593 2012-12-02_Besta-Berri-Arriaga_IZ_lehen-sorta_2684 2012-12-02_Besta-Berri-Arriaga_IZ_lehen-sorta_2735 2012-12-02_Besta-Berri-Arriaga_IZ_lehen-sorta_2910

Besta Berriren estreinaldia prentsan: