Kategoriaren artxiboa: Bestelakoak

Emilio Azurmendi Sagarbitza, dantzarion laguna

Emilio Azurmendi “Sagarbitza” hil da bart 76 urterekin. Gorosta bailarako Sagarbitza baserriko gizona, Eibarko baserrien alde, eta Arrate, Santa Kurutz eta inguruetako festak bultzatzen lan itzela egindakoa da. Orain hilabete pasa bere baserrian izan ginen, koko-dantzekin. Osasunez justu zegoen, baina hala ere umorea izan zuen gurekin karnabalak ospatzeko, eta beti erakutsi zuen jarrea atseginarekin gure barrabaskeriei barre egiteko.

2013-02-02_Koko-dantzak_FL_4162-rek

Santa Kurutzeko festen antolaketan, Arrateko jaietan, beti lanean eta laguntzeko prest aurkitu izan dugu Sagarbitza. Mila esker Emilio!

2006-05-07_Santa-Kurutz-138

2006-09-10_Arrate_Kofrad-AL 030

Fernando Retolazak Emilio Azurmendi gogoan honako bideoa prestatu du aurtengo Koko-dantzene ta Sagarbitzarako bisitako irudiekin.

 

 

Arrateko Amaren dantzen aurkezpena Portugaleten

Lehen Folklore Azoka ospatu da maiatzaren 6an eta 7an Portugaleten, Elai-Alai Fundazioak antolatuta. Euskal Herriko musika, dantza, artisautza eta oro har tradizioaren alorrean lan egiten duten hainbat elkarte, talde eta pertsonaren bilgunea izan zen Portugalete maiatzeko lehen asteburu horretan.

2005-09-08_Arrateko-Amaren-dantzak 109-rekort

Kezka Dantza Taldetik Arrateko Amaren dantzen inguruan egindakoa aurkezten izan ginen bertan. Arrateko dantzak plazaratzeko genituen kezkak, eta dantza horien ezaugarriak zehazteko erabili ditugun irizpideak azaldu genituen bertan.

Hitzaldiek ez dute normalean ikusmin gehiegirik sortzen, eta dozena erdi lagun elkartuz gero pozik geratuko ginelakoan joan ginen. Dozenatik gora elkartu ziren eta gustura egoteko moduan.

Azoka benetan interesgarria gertatu zen eta dantza tradizionalaren jarraitzaileontzat urteroko zita garrantzitsua bihurtu daitekeela uste dugu.

Kezkako dantzariak erbestean

Aurten Kezkako bi dantzari urruti samar joan zaizkigu ikasketen aitzakitan. Arrateko dantzak egiteko astirik gabe Frantziako Tolosara (beraz, Tolousera) joan zitzaigun Hiart. Han dabil ordutik, baina hain urruti ere ez dagoenez egiten dizkigu bisitak aldian behin.

Maider berriz urrutiago joan berri da. Suediara, Uppsalara joan da, eta iritsi berritan jakinarazi digu han hotz dagoela eta dena elurtuta dagoela.

Mugimendu migratorio hauen ondorioz, Kezkako dantzariak non dabiltzan situatzeko mapa prestatu dugu Tagzania-ren laguntzarekin. Hona emaitza:

Sorry, your browser doesn’t support iframes.

Txintxeta gorrietan klik eginda lokalizazio bakoitzaren informazio gehiago eskuratuko duzue, eta saguarekin eta ezkerreko gezitxoekin, mapan barrena mugitu, eta toki bakoitzera gehiago hurbildu zaitezkete. Egin aproba!

Aurkeztu dugu Arrateko dantzen proiektua

Aspaldian zegoen martxan Arrateko Amaren dantzen proiektua, baina azken asteotan ofizialki aurkeztu dugu egitasmoa. Bi aurkezpen egin dira, bata Portaleako dantza gelan, Kezka eta Haritz-eko hainbat dantzariren aurrean. Apirilaren 7an egin genuen aurkezpen hori.

Bigarren aurkezpena Portalea Kultur Etxeko areto nagusian egin dugu. Hauteskundeen biharamunean, apirilaren 18an. Eibarko kultura, politika eta gizarte alorretako hainbat ordezkari izan ziren bertan eta Jose Miguel Laskurain txistulariak Arrateko dantzetarako prestatzen ari den doinuetako bat entzuteko aukera eman zigun.


Argazkia: Felix Morquecho

Komunikabideek ere atentzioz jarraitu dituzte aurkezpenaren ingurukoak. Etakitto aldizkariak aurkezpenaren bezperatan bi orriko erreportajea argitaratu du.

Bi orri horiek handian ikusteko egin klik hemen:1 eta 2

Aurkezpenaren inguruko egunetan Euskadi Irratia , Herri Irratia eta Cadena SER irratietan elkarrizketak egin dizkigute, eta aurkezpenaren ondoren erreportajeak argitaratu dira Diario Vasco eta El Correo egunkarien Eibarko ataletan.

Artikulu horiek handian ikusteko, egin klik hemen DVkoa irakurtzeko eta hemen Correo-koa irakurtzeko

Bueno, orain dantzak behar bezala prestatzeko garaia da. Lau hilabete barru estreinua Arraten.

Dantza tradizio berri bat Arraterako

Dantza tradizio berri bat sortzera goaz. Arraten egingo dugu, Arrateko Amaren egunean, irailaren 8an. Tradizioa eta berria kontrajarriak direla pentsa liteke, baina uste dugu tradizioak berezkoa duela berri izatea, eta sortuko ditugun dantzak berriak bezain tradizionalak izatea nahi genuke.

Irailaren 8a urruti dago oraindik, baina mimoz prestatu nahi ditugu dantzak, eta horregatik eskuartean dugun proiektua bere kasa ibiltzen hasi aurretik, zurekin konpartitu nahi dugu.

Arrateko Amaren dantzak proiektuaren aurkezpena datorren apirilaren 18an egingo dugu, arratsaldeko 19.30etan, Eibarko Portalea Kultur Etxeko areto nagusian. Dantza berri bezain tradizional hauen oinarriak eta ezaugarriak aurkeztuko dira bertan.

Arrateko Amaren kofradia, Usartza Udal Txistulari Banda, Eibarko Udal-batza, Arrateko Jai Batzordea, Debabarrenako dantzariak, eta oro har, Arratetikuak sentitzen diren guztiei luzatzen diegu aurkezpenara etortzeko gonbidapena eta egitasmo honetan parte hartzeko deia.

  • Arrateko Amaren dantzak
  • proiektuaren aurkezpena
  • Apirilaren 18an, 19.30etan
  • Eibarko Portalea Kultur Etxean