Egilearen artxiboa: dantzak

Kultur aniztasunaren soka-dantza

Kultur aniztasunaren soka-dantza

Eibar, 2017-12-17. Argazkia: Fernando Retolaza – Kezka dantza taldea CC BY-SA

Eibarko Untzaga Plaza kultur aniztasunaren plaza bilakatu zen 2017ko abenduaren 17an. “Kultur-arteko Festan” herrian bizi diren hainbat etorkin kolektibotako kideek norbere jatorriko herriko dantza, gastronomia zein musika erakutsi zituen eta Kezka dantza taldea ere bertan izan zen, handik eta hemendik Eibarrera etorritako bizilagun berriekin, denok batera, soka berean dantza egiten.

Kultu-aniztasunari-aurreskua_FR_3930
Eibar, 2017-12-17. Argazkia: Fernando Retolaza – Kezka dantza taldea CC BY-SA
Kulturaniztasunari-aurreskua_FR_3958
Eibar, 2017-12-17. Argazkia: Fernando Retolaza – Kezka dantza taldea CC BY-SA

Kezkako txistularien soinuarekin batera elkarri eskua emanda irten ginen denak dantzara. Ander Garitagoitia aritu zen aurresku eta Maider Otaola, aldiz, atzesku. Maite Gonzalez eta Olaiz Agirrebeñak egin zituzten, beraien aldetik, zerbitzari lanak. Desafioa eginda lehen gonbidatua plazaratu eta bere aurrean dantzatu zuen agurra aurreskulariak. Sokara gehituta atzeskuak gauza bera egin zuen bigarren gonbidatu batekin. Bigarren desafioa egin ostean, sartu bezalaxe, elkarri eskutik ondo eutsi eta kalejiran irten ginen plazatik.

Kultur-aniztasunari-aurreskua_FR_4012
Eibar, 2017-12-17. Argazkia: Fernando Retolaza – Kezka dantza taldea CC BY-SA

Plazara dantzara 2017ko San Andresetan

Plazara dantzara 2017ko San Andresetan

Argazkia: Iñaki Zugasti. Dantzan.eus CC BY-SA

San Andres dugu Eibarren patroi, eta honen eguna ospatzen dugu azaroaren 30ean. Azoka antolatzen da herriko kaleetan, baserritarrek beraien uzta eta animaliak jaisten dituzte kalera, eta dantzariok, aldiz, dantzan jartzen dugu plaza. Jainaga eta Narbaiza trikitilariek girotzen duten dantzaldiak alaitzen du plaza, hamabi-terdietatik aurrera, baina aurtengoak, euria zela eta, ohi baino laburragoa gertatu da.

San Andres_Plazara dantzara _2017-11-30_3416_IZ
Argazkia: Iñaki Zugasti. Dantzan.eus CC BY-SA
San-Andresak-2017-11-30_ Plazara-dantzara_3373_IZ
Argazkia: Iñaki Zugasti. Dantzan.eus CC BY-SA

Dantzariok saiatu ginen honi ere aurre egiten aterki azpian dantzan, edo txapel eta zapiak blai gelditu artean dantzan jarraitzen, eta baita geldiune bat egin eta hau noiz geldituko itxaroten ere, baina azkenean bertan behera utzi behar izan genuen dena. Plazako dantzak dantzatzeko hurrengo aukereran esperoan gelditu beharko gugu oraingoan, datorren fandagoaren zain.

Arrateko dantzak Zumarragan

Arrateko dantzak Zumarragan

Kezkako dantzariak Zumarragako oholtzan. Argazkia: irrintzi Dantza Taldea 

Ezaguna da Zumarragako Antioko baselizan egiten den ezpata-dantza. Ezagunak eta ederrak dira, bai baseliza eta baita ezpata-dantza bera ere, eta Kezkako dantzariok hau bertatik bertara ezagutu eta gure dantzak Zumarargara eramateko aukera izan genuen Santa Isabel festetan, uztaileko lehen egunetan.

Asteburu borobila antolatu zuten Irrintzi taldeko eta Antxiñako Ama txistulari taldeko lagunek uztailaren 1 eta 2rako. Larunbatez emanaldia herriko Zelai Aristi antzokian eta igandez Antioko ezpata-dantza eta soka-dantza. Lehenengo eguneko planean sartu ginen gu ere, honela, Arrate egunez zelaian egiten ditugun ezpata-dantza eta trokeo-dantzak Zumarragako antzokian aurkeztu genituen plazer handiz, orain ia 10 urte hasitako bidean beste urrats bat emanez. Izan ere, 2008an, Argia taldearen Axeri-boda ikuskizunarekin batera, Zumarragako eta Arrateko ezpata-dantzak eskaini baikenituen Antioko baselizan.

Arrate Zumarragan: taldea oholtzan
Argazkia: Oier Araolaza – dantza.eus CC BY-SA
Arrate Zumarragan: taldea kanpoan _ oier
Argazkia: Oier Araolaza – dantzan.eus CC BY-SA

Oihane Llorentek atera zuen taldea ezpata-dantzaren kapitain lanetan eta Elgoibarko Haritz taldeko zein Eibarko Kezkako dantzariak eta musikariak aritu ziren, dantzari eta bakarlari lanetan.

Igandean, Santa Isabel egunez, Irrintziko dantzariekin batera, goizean goiz Antioko baselizarako bidea oinez egin genuen, hasierako prozesiotik hasi eta goraino jarraitu genituen dantzariak, belar eta lorez estalitako aldapetan gora.

 

Arrate Zumarragan: Prozesioa kalean - mikel sarriegi
Argazkia: Mikel Sarrigi

Baseliza barruan egiten dute ezpata-dantza lehenego eta gero kanpoan jartzen duten oholtzan. Lekua hartu eta gustura ikusi genituen ezpata-dantza zein soka-dantza, batzuok zortzikoan hankak Zumarragakoen antzera noiz igoko genituen galdezka.

Arrate Zumarragan: ezpata-dantza_oier-goitik
Argazkia: Oier Araolaza – dantzan.eus CC BY-SA
Arrate Zumarragan: soka-dantza kanpoan-mikel Sarriegi
Argazkia: Mikel Sarriegi

Ederra izaten da inguruko dantzak bertatik bertarta ikusi eta ezagutzea, eta are eta ederragoa dantzariekin beraiekin tarteak elkarbanatzea. Hara eginiko bisita bueltatu ziguten gainera Irrintziko bi dantzarik, Eneko Galdos eta Oihane Vicente bi hilabeteren buruan gurean izan baikenituen, Arrateko ezpata-dantzan.

Kezkako dantzariak Martin Zalakain ikusgarrian

Kezkako dantzariak Martin Zalakain ikusgarrian

Martin Zalakain ikuskizunean parte hartzen duten Kezkako dantzariak (Maite Gonzalez falta da).

2017ko azaroaren 11n estreinatu zen Juan Antonio Urbeltzen azken lana Bilboko Arriagan: Martin Zalakain.

Euskal Herriko hamaika txokotako dantzariak taula gainera ekarri ditu antzerkia eta dantza bera uztartu nahi izan dituen lanak; hala, Harkaitz Canok izen bereko Pio Barojaren eleberria antzerkirako euskaratu eta moldatu du eta Ander Linus aktorea da hari dramatikoari tiraka ikuskizunaren gidari lana egiten duena.

 MG 5914
Argazkia: Amaia Rodriguez – dantzan CC BY-SA

Martin txikiaren abenturetatik hasi eta helduaroko bizipenetara garamatza moldaketa honek, pasarteak dantza tradizionalaren bidez kontatuz. Urbeltzen esanetara aritu gara ikuskizun honen prestaketan Kezka Dantza Taldeko zenbait kide, Euskal Herriko dantza talde eta lagun ugariz inguratuta, hala nola, Astigarragako Astigar, Añorgako Arkaitz, Iruñeko Duguna, Elgoibarko Haritz, Portugaleteko Elai-Alai, Debako Gure-Kai, Biarritzeko Maritzuli, Añorgako Konpainia eta guztiak biltzen dituen Donostiako Argia.

Bi urteko prestaketa lanen ondoren, joan den azaroaren 11n iritsi zen egun handia: Bilboko Arriaga Antzokiko taula gainera igo ginen eta estreinaldiek sortu ohi duten zirrara bereziarekin gozatu genuen.

 

2017 10 28 29 Zalakain ensaioa Eibarren IZ 0758
Argazkia: Iñaki Zugasti, dantzan.com – CC BY-SA

Kezkako partaideeok Arkale tabernan girotutako eszenan egiten dugu agerraldi nagusia. Bertan, kantuan, fandagoan. arin-arinean eta erromeria giroko bestelako doinuetan aritzen gara, istorioaren garaiko festa eta zalaparta giroa bersortu nahian, Mikel Urbeltzen bibolinak eta Imanol Urkizuren panderoak lagunduta.

Edonola ere, emanaldietan zehar pieza batean baino gehiagotan dantzatzen dugu, baina ez dugu spoiler gehiegi egin nahi!

2017 10 28 29 Zalakain ensaioa Eibarren IZ 0448
Argazkia: Iñaki Zugasti, dantzan.com – CC BY-SA

 Ah! Martin bera ere aurpegi ezaguna egingo zaizue Kezkako dantzarien bila aritzen bazarete, izan ere, Josu Garatek hezur-haragitzen du lan honetako protagonista nagusia.

2017 12 16 Donostia Victoria Eugenia Martin Zalakain 3725 IZ (132)
Argazkia: Iñaki Zugasti, dantzan.eus – CC BY-SA

Dagoeneko estreinaldiaz gain, lau saio egin ditugu: Donostiako Viktoria Eugenia antzokian aritu ginen abenduan, leporaino betetako antzokiaren aurrean; Iruñeko Baluarte antzokiaren txanda etorri zen gero, urtarrilean eta joan diren otsailaren 17 eta 18an Baionan aritu gara. 5000 ikusle izan ditu dagoeneko Martin Zalakainek. Oraindik ez baduzu Martin Zalakain ikusi, honakoak dira datozen hilabeteetan egingo ditugun emanaldiak:

  • 2018ko apirilaren 21ean, Gernikan.
  • 2018ko maiatzaren 19an, Eibarko Coliseoan.

Eibarko emanaldirako sarrerak bi egunetan agortu ziren, beraz, egun berean bigarren emanaldi bat egingo da eta sarrerak salgai daude Kutxabank-en bidez (loturan sartu eta Coliseo antzokia bilatu).

Ostiral honetan, Plazara Dantzara Jainaga eta Narbaizakin

Ostiral honetan, Plazara Dantzara Jainaga eta Narbaizakin

Azaroan ospatutako Plazara Dantzara dantzaldia, Maddalen Arzalluz eta Harkaitz Allur-ekin.

Aste Santuko oporren atarian, dantzaldi-erromeria ospatuko dugu Jainaga eta Narbaiza trikitilariekin, Patxi Montero dantza-irakasleak gidatuta: sokan, bikoteka lotuan, soltean, jauziak, kontradantzak eta joko-dantzak. Ostiral iluntzea dantzan ospatu nahi duten guztientzat irekita. Udaletxeko arkupeetan egingo dugu, eguraldia hala-moduzkoa iragarrita dago eta.

Martxoak 23, ostirala: Plazara Dantzara Eibarren

  • Musikaria: Jainaga eta Narbaiza
  • Dantza-gidaria: Patxi Montero
  • Non: Toribio Etxebarria kalean (EIBAR)
  • Ordutegia: 20.00 – 21.30
  • Antolatzaileak: Eibarko Udala, Kezka dantza taldea eta Herrixa Dantzan

Martxoak 25, igandea: Herrixa Dantzan Elgetan

Eta igandean berriz Herrixa Dantzan saio berezia Elgetan, Marian Arregi gogoan: Axuri beltza, zortzikoa, sokak, ingurutxoak, kontradantzak, habanera… Bigarren zatian, Shillelagh taldearen ‘Hemels douwe’ lan berritik hainbat pieza dantzan gozatzeko.

  • Herrixa Dantzan Patxi Monterorekin
  • Non: Espaloia Kafe-Antzokia (ELGETA)
  • Ordutegia: 19.00 – 20:30
  • Laguntzailea: Elgetako Udala
  • Oharra: edatekoak eta patata tortillak eskura

Sarrerak agortuta, Martin Zalakain-en bigarren emanaldi bat egingo da Eibarren

Sarrerak agortuta, Martin Zalakain-en bigarren emanaldi bat egingo da Eibarren

Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC by-sa

Bi egunetan sarrera guztiak salduta! Harrituta gaude Martin Zalakain ikusteko sortu den ikusminarekin. Sarrerak zein azkar agortu diren ikusita, egunean bertan bigarren emanaldi bat egingo da. 19:00etan izango da lehen emanaldia (internet bidez sarrerak agortu badira ere, badakizue txarteldegian izaten dela sarrera gutxi batzuk gehiago erosteko aukera) eta bigarrena berriz 22:00etan. Eguneraketa 2018-03-19: Dagoeneko salgai jarri dira bigarren emanaldirako sarrerak. Txarteldegian bertan edo Kutxabank bidez (Coliseo Eibar bilatu) erosi daitezke.

Eibarko Coliseo antzokia sarrerak agortuta
Martin Zalakain Eibarko Coliseo antzokian, sarrerak bi egunetan agortu dira.

Beraz, maiatzaren 19an Eibarko Coliseo antzokian, Eibarko Udalaren eskutik eta Eibarko Klub Deportiboak antolatzen duen Eibarko Euskal Jaiaren egitarauan sartuta, Martin Zalakain-en bi emanaldi eskainiko dira. Juan A. Urbeltz, Ander Lipus eta Harkaitz Canoren eskutik, eta Artedrama, Argia, Kezka, Duguna, Haritz, Maritzuli, Arkaitz, Gure-Kai eta Astigar taldeetako dantzari, aktore eta musikariekin Pio Barojak sortutako pertsonaiaren nondik norakoak kontatzen ditu Martin Zalakain, dantza, antzerki, musika eta literatura batzen dituen ikuskizunak.

Martin Zalakain Eibarren maiatzaren 19an

Martin Zalakain Eibarren maiatzaren 19an

Arriagan, Victoria Eugenian edo Baluarten arrakastaz eskaini ondoren, Gernikan (apirilaren 21ean) eta Eibarren (maiatzaren 19an) ikusi ahal izango da Martin Zalakain ikuskizuna. Juan Antonio Urbeltzen koreografia, Ander Lipus-en taula zuzendaritza eta aktore lana, Harkaitz Canoren gidoia, eta Argia, Duguna, Arkaitz, Maritzuli, Elai Alai, Haritz, Gure Kai, Astigar eta Kezka dantza taldeetako dantzarien eta musikarien parte hartzearekin, Pio Barojaren nobela dantzan jartzen du Martin Zalakain ikuskizunak.

Martin Zalakain 2017 Santa Kruz-en kuadrilla eta On Pio IZ
Martin Zalakain, Arriaga antzokia, 2017-11-11. Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC by-sa

Eibarko Coliseo antzokian ikusi ahal izango da dantza, antzerkia, musika, kantu eta literatura batzen dituen ikuskizuna maiatzaren 19an. Kezka dantza taldeko 17 dantzari ari gara ikuskizun honetan parte hartzen, eta tartean, Martin Zalakain protagonistaren paperean ere Josu Garate dantzari eibartarra ari da.

Martin Zalakain Eibarren

  • 2018ko maiatzaren 19an, larunbata
  • Ordua: 19:00
  • Tokia: Coliseo antzokia
  • Sarrera salmenta (martxoaren 12ko 17:30etatik aurrera ) Kutxabank bidez eta Coliseo antzokiaren txarteldegian

Ezpalak 2017 kronika: Zamalgoa berriro plazan

Ezpalak 2017 kronika: Zamalgoa berriro plazan

Argazkia: Josu Garate – dantzan CC BY-SA

Untzaga plazak Zamalgoa ikusi zuen joan den maiatzean, Nafarroa Beherean noizbait izandako zaldikoa dantzan hasi baitzen berriro ere, ia mende beteren ostean. Kezka Dantza Taldeko dantzariok 2017ko maiatzaren 28an, Ezpalak jaialdiaren baitan, atera genuen berriro jendeartera.

zamalgoa Eibarren 2018
Argazkia: Txebi Arriaga
Ezpalak 2017: JG-0688
Argazkia: Josu Garate – dantzan.eus CC BY-SA
Ezpalak 2017: JG_SCF0729
Argazkia: Josu Garate – dantzan.eus CC BY-SA

Izan ere, zaldikoak izan ziren aurtengo Ezpalak jaialdiko protagonista, eta gurea, Bartzelona, Beasain, Iruñea, Okzitania eta Biarritzetik etorritako beste batzuen artean aritu zen jauzika. 1930eko hamarkadan Donibane Garazin eta Anhauzen ikusi omen zuen “zamalgoa” Violet Alford ikertzaile ingelesak, eta guk, kabalkadaren testuingurura ekarri genuen hau, jauzi, martxa, dantza-jauzi eta dantza-luzearekin inguratuta.

Ezpalak 2017: TA_6722
Argazkia: Txebi Arriaga – dantzan.eus CC BY-SA
Ezpalak 2017: TX_6670
Argazkia:Txebi Arriaga – dantzan.eus CC BY-SA

Kanpotik etorritako lagunekin Urkizutik Untzagarainoko kalejira egin ostean, Kezkako dantzari guztiok zabaldu genuen emanaldia, txiki, gazte eta heldu, denok  hartu genuen plaza Iruñeko musikariek martxa jotzen zuten bitartean. Koloretako txapel eta zintak  izan ziren nagusi  plazan. Hala, dantza eskolako ikasleek Nafarroa Behereko zenbait dantza ikasi zituzten urtean zehar eta den denak jarraian egin zituzten jira eta bueltan, elkarri helduta, dantzan.

Ezpalak: Iñaki Zugasti-9943
Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC BY-SA

Hona Ezpalak jaialdiko argazki galeria zabalago bat:

Ezpalak, 2017

10 Goya besapean dator Handia asteburuan Eibarrera

Kezkako dantzari talde batek Handia pelikularen errodajean parte hartzeko aukera izan genuen. Opari bat izan zen guretzat. Pelikula batean, horrelako pelikula batean gainera, parte hartzea izugarrizko goxokia izan zen. Pelikulan zehar gertatzen den ezkontza baten festan, ezteietan familia eta lagunen taldean sartu, eta bazkalosteko dantzaldia prestatzeko enkargu polita egokitu zitzaigun.

1847an eztei dantzaldi bat nola ote zen?

XIX. mende erdialdean kokatuta dagoenez filma, garaiko moldera egokitu behar izan genuen gure parte hartzea eta erronka benetan polita gertatu zen: janzkeraz ez genuen arduratu behar ―Saioa Larak Goya saria eskuratu du jantzi diseinuan egindako lan bikainagatik!―, baina bestelakoekin nahikoa lan izan genuen: musika, erritmoak, doinuak, dantzak, dantzakera, musika tresnak… Ez zen edonolako erronka. 1847an kokatutako eztei baten tankerako dantzaldia egin behar genuen, eta horrek gure dantzaren historian sakondu eta izugarri ikasteko aukera eman zigun.

Handia: dantza entsegua 03 Artelekun 2016
Handia filmerako dantza entsegua Artelekun.

Familia tankera eman nahirik, Kezka, Haritz eta Argiako zenbait ume, gazte eta helduekin osatu zen dantzarien taldea: Fernando Aristizabal, Mertxe Ibañez, Ainhoa Larrañaga, Josu Garate, Eire Vila, Oier Araolaza, Olaiz Agirrebeña, Esther Kareaga, Enrike Izagirre eta Ane Sarasketa dantzariak; Izar Araolaza, Izaro Bernedo, Ekain Araolaza eta Maule Bernedo umeak; eta Joxemari Irastorza txistulari eta Beñat Lopez atabalari lanetan.

Handia dantzari eta musikariak.
Handia filmaren errodajean parte hartutako dantzariak eta musikariak, Beizama, 2016-04-25.

Eibarren gure hamaika dantza ekitaldi grabatu dituen kamerari eibartarra, Jose Antonio Roige ere aritu zen Handia filmaren errodajean. Steadycama erabiltzen artista da (horretan ere!) eta tramankulu horrekin hainbat eszena grabatzen aritu zen.

Handia: steadycam
Jose Antonio Roige, kameraria Handia filmaren errodajean Steadycam-a erabiliz.

Handiaren lantaldearekin

Filmaren prestaketa fasean, lehendik ondo baino hobeto ezagutzen genuen etxe batera joatea tokatu zitzaigun, Arteleku izan zenaren eraikinera. Han izan baitu produkzio fasean koartel nagusia Handia filmak. Artelekun izan zen Dantzagunea hainbat urtez, eta makina bat dantza entsegu egindako gela berean jardun genuen Handiako lantaldearekin ezteietako dantzaldia prestatzen. Bertan ezagutu genituen Aia Kruse aktorea, eta Saad Kaiche gorputz bikoizketa egiten zuen benetako erraldoia. Eta haiekin jardun genuen dantzaldia prestatzen, gurekin batera dantzatzen baitzuten eszenan.

Handia filmaren errodajea ezkontza
Handia filmaren errodajea. Argazkia: David Herranz.

Filmean zuzendari laguntzaile lanetan ziharduen Telmo Esnal-en eskutik iritsi zitzaigun proposamena, eta berarekin lehen zirriborroa prestatu ondoren Handiaren zuzendariekin, Jon Garaño eta Aitor Arregirekin kontrastatzeko aukera izan genuen. Harrigarria horrelako pelikula batean, eszena bakoitza, plano bakoitza, zer nolako pazientziarekin eta inteligentziarekin pentsatua, aztertua, eztabaidatua eta adostua den. Aitor eta Jon-ek atentzio osoz entzun eta ikusi zuten gure dantzaldi zirroborroa, galderak eta iradokizunak egin zituzten, eta erabat adeitsu zoriondu eta eskertu zuten gure ahalegina.

Handia: dantza entsegua Artelekun 2016
Handia filmerako dantza entsegua Artelekun.

Beizaman, Lete baserri ederrean izan zen errodajea. Produkzio lan-talde atseginak airean ibili gintuen batetik bestera, gainontzeko teknikari eta aktore taldea ezagutzeko aukera izan genuen, eta eztei-bazkaria eta bazkalosteko dantzaldia hainbat aldiz egin genuen, une bakoitzaz disfrutatuz.

Handia: Ane, Aia, Ainhoa
Handia (2017). Zuzendariak: Jon Garaño eta Aitor Arregi. Argazki zuzendaritza: Jabier Agirre.

Montaje onenaren Goya saria

Handia pelikularen azken muntaketan ez da eztei-dantzaldiaren arrasto handirik. Segundu gutxi batzuk. Gure koreografia lanak gordeta geratu dira. Guri asko ikasteko balio izan ziguten, eta hor ikasitako gauza batzuk baliatu ditugu ondoren, adibidez Martin Zalakain-en. Pena bakarra, horren ondorioz ez garela koreografia onenaren saria jasotzeko aukerarik izan. Kar, kar, kar.

Handia filmaren errodajea 2016 - 739
Handia filmaren errodajea Beizamako Lete baserrian. Argazkia: Jose Mari Irastorza.

Trukean, guraiziak ongien erabili dituenaren saria eskuratu du pelikulak. Izan ere, gauza jakina da 10 Goya eskuratu dituela Aitor Arregi eta Jon Garañoren Handia filmak. Horietako bat Muntaketa onenaren saria da, Laurent Dufreche eta Raúl López-ek eskuratu dutena. Kasualitatea, asteburu honetan, Martin Zalakain Baionan eskaini dugu, eta dantza saioa ikustera hurbilduz da Laurent Dufreche. Berak gu (emanaldiagatik) eta guk bera (Goya sariagatik) zorion-agurrak trukatu ditugu.

Sariak eta aitortzak

Handia (2017) afitxa
Handia (2017). Zuzendariak: Jon Garaño eta Aitor Arregi.

Produktoreei eta banatzaileei mesede egiten diete sariek, zabalkundean laguntzen baitute. Sortzaileek errekonozimendua eta oihartzuna jasotzen dute sariei esker. Baina pelikula nola egin den (lagin txiki bat besterik ez bada) ikusita eta filmea bera pantaila handian ikusita, gaude, errekonozimendu horiek ez dutela sarien menpe egon behar. Handia pelikula handia zen Goya saririk ez zeukanean ere, eta bakarra ere ez balu jaso ere, berdin mereziko luke euskal eremu honetako komunikabide, ikusle, kultur sistema eta erakundeetako ordezkarien aitortza eta errekonozimendua. Harrera beroa izan zuen Donostiako zinemaldian, baina pena ematen du kanpoko errekonozimenduaren zain egotea bertakoa eskaini ahal izateko. Horrek gutxitasun konplexua adierazten du. Izan gaitezen ausart eta zintzoak euskal sortzaileekin, kanpoko homologazioari itxaroten ibili gabe.

Handia filmaren errodajea Beizaman 2016 kotxean
Handia filmaren errodajea Beizaman. Argazkia: Oier Araolaza – dantzan.eus CC by-sa

Asteburu honetan Eibarren

Handia pelikula 2017ko irailean, Donostiako zinemaldian estreinatu zen, eta urrian Eibarren ikusteko aukera izan zen. Ez dakigu Ane Urkiola kultur sustatzaile eta ikusentzunezkoen alorreko profesional eibartarrak xaxatuta, edo bestela ere hala pentsatuta zutelako, baina filmaren banatzaileak otsailaren 24an eta 25ean, alegia, larunbat eta igande honetan, Handia Eibarko Coliseo antzokian eskainiko du. Oraindik ikusi gabe baldin baduzue ezin duzue galdu.

Arrateko dantzak 2017: Kronika

“Arrate gainian 2017ko irailaren 8an”. Han bildu gintuen ezpata-dantzak kofrade guztiak, beterano-beteranoetatik hasi eta Arrateko ezpatak eskuan lehenengoz hartzen zituztenetaraino. 50 dantzaritik gora, eguaraldi ona, giro hobea, jendetza zelaian eta gu prest, dantza eta egun berezirako prest.

2017 09 08 Arrate MG 0062 FL
Argazkia: Felipe Loiola – dantzan-eus CC BY-SA

Zumarragako dantzariak gonbidatu

 MG 0074
Argazkia: Felipe Loiola – dantzan.eus CC BY-SA

Kezka dantza taldeak ezpata-dantza Arratera berriro igo zuenetik, urtero-urtero gonbidatu berriak izaten dira gurean, askotan ezpata-txikiak eskuan eta azkendari lanetan ibiltzen dira, eta bestetan taldean, ezpata-luzeak elkarri emanda. Aurten ezpata-txikiak eskuan agertu zaizkigu Zumarragatik etorritako bi gonbidatuak; Oihane Vicente eta Eneko Galdos. Ezpatak ondo ezagutzen dituzte biek, beraien herrian, Santa Isabel jaietan Antioko baselizan azkendari lanetan ibilitakoak baitira. Dantzari finak biak, ederto bete zituzten lanak, aldare zein prozesioko zortzikoak eta baita ezpata-dantza zein trokeo-dantzetakoak ere. Zorionak eta eskerrik beroenak bi kofrade berriei.

K170908 ARRATE IMG a  9877 IZ
Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC BY-SA
2017 09 08 Arrate MG 0643 FL
Argazkia: Felipe Loiola – dantzan.eus CC BY-SA

Ohiturak mantenduz

Meza nagusian Gipuzkoako ezpata-dantzaren zortzikoa egin zuten dotore bi gonbidatuek, altare aurrean, Antion egin bezala. Ezpata-luzeekin elizako aldaretik hasi eta sarrerako aterainoko bi dantzari ilarak lagundu genituen Oihane eta Eneko, Josu Garatek taldearen gidaritza hartzen zuen bitartean.

K170908 ARRATE IMG a  9579 IZ
Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC BY-SA

Meza ostean prozesioa laguntzen dugu talde osoak gurutzeraino eta Salvea kantatu ostean, eliza atarira bueltatu eta Amabirjinaren aurrean Gipuzkoako zortzikoa dantzatzen da berriro, Luken Aranburu eta Eider Agirrebeñak lagundu zituzten gonbidatuak azken honetan. Ondoren, zelaira hurbilduta, hau hartzeko prestatzen gara. 12:00ak aldera izaten da hori. Usartza txistulari taldeko lagunak prest izaten dira oholtzan, zezenaren doinuarekin dantzarioi zelaian ongietorria emateko. Aurten ere bertan ziren Enrike Montero, Iratxe Jimenez, Asier Castelos eta Iñaki Orbegozo. Zelaia luze eta zabaletara hartuta Gipuzkoako ezpata-txikien zortzikoa dantzatu zuten berriro lau azkenadariek eta bi parrilak osatuta, Jone Saez, Egoitz Blanco, Jone Lahidalga eta Miren Hazasek ere ezpata-txikiak hartu zituzten, Arrateko zortzikoa egiteko. Josu Garate eta Oihane Llorentek begiratzen zituzten parrilen gain gainetik.

 

K170908 ARRATE IMG a  9812 IZ
Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC BY-SA

Ezpata-dantza amaituta Arrateko trokeo-dantzak bata bestearen atzetik egiten ditugu: Makil-txikiena, Makil-handiena eta Makil-brokelena. Eneko Galdosek hartu zuen lehenengo probalekuko aurreko aldea, makil-txikien buruzagi lanak elegantziaz osatuz. Oihane Vicentek jarraitu zuen hau, Makil-handien buruzagi lanak egin zituen honek eta baita ederto borobildu ere. Trokeo-dantzekin amaitzeko etxeko Luken Aranburuk izan zuen brokel-makilen buruzagi izateko ardura. Hiru dantzetako taldeak ere ederto aritu ziren zortziko eta jokuetan.

Arrate 2017: IZ_9906
Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC BY-SA

Bazkalostekoak

Tiro Pitxoiko goiko jangela bete genuen ezpata-dantzara hurbildutako guztien artean. Han, bapo bazkaldu ostean Enrike Izagirrek berak idatzitako eguneko kronika ederra irakurtzen digu eta Oier Araolazak kofrade berriei ongietorria ematen die Arrateko Amaren dantzarion dominak entregatuz. Oihane eta Enekok pozik erantzun zioten honi. Gonbidatuak ez ziren, ordea, domina jaso zuten bakarrak izan. Arraten hamar urtez dantza egiten duten dantzariek ere beren domina propioa jasotzen baitute eta aurtengoan Esther Kareaga eta Abel Iriondok eskuratu dute hau. Zorionak biei!

 MG 0747
Argazkia: Felipe Loiola – dantzan.eus CC BY-SA
 MG 0757
Argazkia: Felipe Loiola -dantzan.eus CC BY-SA

Arrate gainian, zelaian dantzan hasitakoa, zelaian dantzan amaitu zen 2017 honetan ere. Horrela jarrai dezan urte askoan!

Hona argazki gehiago:

Arrate, 2017.