Egilearen artxiboa: dantzak

San Juan aurreskua 2021 Coliseo Antzokian

San Juan aurreskua Eibarren, Coliseo Antzokian, Kezka dantza taldea eta Usartza txistulari taldearekin, 2020-06-24. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza tadea CC-by-sa

Iaz bezala, aurten ere ezin plazan egin San Juan eguneko soka-dantza eta Coliseo Antzokian egingo dugu. Ekainaren 24an, 19:00etan izango da. Ekitaldia Coliseoan bertan ikusteko sarrerak hemen eskuratu daitezke eta bestela, streaming bidez Eibarko Udalaren kanaletik sareratuko da, eta beraz, hemen bertan ere ikusteko aukera izango da. 

Eibarko Dantzari Eguna 2021 online

Hemen ikusiko da ekainaren 10ean, 19:00etan Kezka dantza taldearen Eibarko Dantzari Egunaren emanaldia Coliseo antzokitik.

Programa

2005-06 Arrateko ezpata-dantza
2015-16 Txulalai eta polka-pik
2010 Gipuzkoako zinta dantza
2014 San petrike eta zapatagin
2011 Sarian zun zun
2012-13 Sorgin-dantza eta Oilo-itsua
2007-08 Cortes
2008-09 Dantzari-dantza
Kzk-tp Gipuzkoako uztai-txiki

2020 urte-pandemiko baten dantza-kronika

2021/01/29 09:55

Dantza entsegua, 2020-11-02. Argazkia: Oier Araolaza – Kezka dantza taldea cc-by-sa

Urtea hasi orduko, urtarrilaren 4an dantzan ari ginen, pozik eta itxaropenez beteta, dantzaz betetako urtebete aurretik genuelakoan. Ez genuen sumatzen inoiz imajinatuko ez genuena, dantza, lana, aisia eta bizitza osorik hankaz gora jarriko zuen pandemia handik gutxira zetorkigula. Hain izan da berezia urtea, jaso dugun zartakoa eta gure bizitza eta jarduerak horrenbeste baldintzatu ditu, erreakzionatzeko gai ere nekez izan garela, eta gure sareko txoko honetan ere ohiko kronikarik apenas sareratu dugula. Ez-ohiko urtean beraz, ez-ohiko kronika, urte pandemiko honen laburpena 10 kapitulutan.

1. Hitzen maisua hitzik gabe

  • Urtarrilak 4: Martin Zalakain Gasteizen, Principal Antzokian

Harrera beroa egin zioten arabarrek Martin Zalakainen abentura dantzatuari Gasteizko Printzipal antzokian. Portugaletetik Baionara, Debatik Iruñera, Euskal Herriko hainbat bazterretako dantzariak biltzen gara Argia dantzari taldearen zuzendaritzapean, eta Gasteizen arabar dantzari bat ere izan genuen gure artean.

Debabarreneko dantzariak Martin Zalakain Gasteiz 2020
Kezka (Eibar), Haritz (Elgoibar), Gure-Kai (Deba), Itxaropena (Zestoa) eta Indarra (Gasteiz) dantzari taldeetako dantzariak Argia dantzari taldearen Martin Zalakain ikuskizunaren emanaldian Gasteizen, Printzipal Antzokian, 2020-01-04ean.

Ikusleen artean, arabar dantzazaleekin batera izan ziren musikari, agintari (Lehendakaria eta Arabako Batzar Nagusietako presidentea tarteko) eta idazleak ere, eta hain zuzen hitzen bi artista handirekin, Asun Garikanorekin eta Bernardo Atxagarekin solasteko aukera izan genuen emanaldi bukaeran.

Martin Zalakain Gasteizen Bernardo Atxaga eta Asun Garikano
Mikel Urbeltz, Gari Otamendi, Asun Garikano, Bernardo Atxaga eta Iñaki Arregi. Martin Zalakain ikuskizunaren bukaeran, Gasteizko Printzipal antzokian, 2020-01-04. Argazkia: Oier Araolaza – Dantzan CC by-sa

Ikuskizunak eragindako emozioak eta dantzak eta musikak ebokaziorako duten gaitasunaz ari ginela, une batean, hitzen maisu handia denak, hitzik gabe zegoela aitortu zigun. Ezustean, inoiz jasotako lorerik ederrena jaso genuela sentituz jarraitu genuen trasteak jasotzeko lanarekin. 

2. Zalakain Sarasuaren herrian

  • Urtarrilak 18: Martin Zalakain Elgoibarren, Olaizaga kiroldegian

Marian Arregi eta Jose Inazio Sarasua gogoratuz eta omenduz abiatu zen Martin Zalakain ikuskizuna Elgoibarko Olaizaga kiroldegian. Hain zuzen ere Jose Inazio Sarasuaren ekimenez eta indarrez hainbat folklore jaialdi eder jaso eta bizitako eszenatokian, Haritz Euskal Dantzari Taldearen herrian, Sarasuaren aberrian. 

Haritz dantzari taldeko kideak Martin Zalakain Elgoibarren
Haritz Euskal Dantzari Taldeko hainbat belaunalditako dantzariak Elgoibarren, Martin Zalakain emanaldiaren baitan, 2020-01-18.

Elgoibarko Martin Zalakainen emanaldian Ekaitz Zilarmendi argazkilaria izan genuen gure artean eta erreportaje zoragarria utzi zigun.

Martin Zalakain Elgoibarren
Martin Zalakain, Argia Euskal Dantzari Taldea, Elgoibar, 2020-01-18. Argazkia: Ekaitz Zilarmendi.

Irudietako batzuetan kazuela berean dantzatzen antzematen zaigun bizi-poza uste baino lehenago bukatu zitzaigun.

Martin Zalakain Elgoibarren
Martin Zalakain, Argia Euskal Dantzari Taldea, Elgoiba, 2020-01-18. Argazkia: Ekaitz Zilarmendi.

3. Kokomarruak Zaldibarrera begira

  • Otsailak 15, Koko-dantzak Arrateballen 

Otsaileko bigarren astean, dena prest genuen inauteriak abian jarri eta koko-eske eta koko-dantzak Eibarko baserri eta kaleetan zabaltzeko. Baina otsailaren 6an herriko mugan dagoen Zaldibarko zabortegian luizia gertatu, Sololuze eta Beltran langileak bertan lurperatuta geratu, autopista eten eta Eibar eta Ermuko airean laino toxikoa zabaldu zen. Otsailaren 15eko goizeko 7:30ean Portaleko dantza-gelan geunden, koko-jantziak janzten hasteko prest, baina zer egingo genuen erabakitzeke.

Koko-dantzak 2020 hasi aurreko bilera
Koko-dantzak kaleratu ala ez erabakitzeko bilera, 2020-02-15. Argazkia: Fernando Retolaza.

Bezperan, otsailaren 14an, Eibarren eta Ermuan kanpoan kirolik ez egiteko eta etxeetako leihoak itxita mantentzea aholkatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Egoera aztertu eta iritzi-trukea egin ondoren, baserrietako koko-eskea mantendu eta arratsaldeko herriko kalejira bertan behera uztea erabaki genuen. Jantzi, argazkia egin San Andres parrokiaren atarian, merkatu plazan zeuden baserritar gutxiei bisita eta lehen dantza eskaini eta abiatu ginen.

Koko-dantzak 2020 talde argazkia eliza aurrean
Koko-dantzak, talde argazkia hasieran, 2020-02-15. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC-by-sa

Bi taldetan antolatuta, Arrateballeruntz eta Gorostaruntz abiatu ginen. Talde bat Arrate azpian dagoen Gaztelu baserriraino eraman eta handik behera jaisten hasi ziren dantzan, kantuan eta eskean: Arizmendiguena, Arizmendi, San Juangua, Zelaikoa, Untzeta, Agiñao-azpi, Agiñao-gain, Guenetxe, Narru, Erdikoa, Aretxitagoitikoa, Barrundi, Iñarra, Mendigoiti, Lezeta.

Koko-eskea 2020
Koko-dantzariak eta kokomarruak Eibarren, Untzeta baserrian, 2020-02-15. Argazkia: Fernando Retolaza – Kezka dantza taldea CC by-sa.

Asola Berri soziedadean hamaiketako ederrarekin indarberrituta jarraitu genuen Sumendixa goikora eta behekora. Bitartean, bigarren taldeak ere gorantz jo zuen baina Gorosta alderantz lehenengo: Mugitza, Pagolatxabola, Gorostabeletxe, Gorostagainekoa, Gorostabeña, Gorostazpikoa, Zestero, Kantabria eta hortik jaisten Itsaso, Maapilla, Zezeil, Ezkaregi-Errota eta Lezetaabeletxe.

Koko-eskea 2020
Koko-dantzak, Arraguetako Ama Birjina eta Batista Kojua, 2020-02-15. Argazkia: Fernando Retolaza – Kezka dantza taldea CC by-sa.

Bi taldeak batuta iritsi ziren Lazaretora eta bertan egin genuen azken emanaldia elkarrekin.

Koko-dantzak musikariak 2020
Koko-dantzetan aritutako musikari taldea: Iraide Ansorena, Unai Txurruka, Jose Migel Laskurain, Eneritz Aranburu, Adolfo Jainaga, Unai Narbaiza eta Andoni Urbieta. Eibar, 2020-02-15. Argazkia: Fernando Retolaza – Kezka dantza taldea CC by-sa.

Hor bukatu ziren 2020ko koko-dantzak. Arratsaldeko kalejira bertan behera geratuta koko-jantziak erantzi eta gordetzeko ordua iritsi zen. Gutxi espero genuen une horretan hori izango zela 2020an ohiko modura zerbait hurbilduta egingo genuen azken ekitaldia. 

Koko-eskea 2020
Koko-dantzariak eta kokomarruak Eibarren, 2020-02-15. Argazkia: Fernando Retolaza – Kezka dantza taldea CC by-sa.

Fernando Retolazak egindako argazki gehiago hemen: Koko-dantzak 2020 [argazkiak]

4. Bertan Behera

Eibarren 30 urtez kaldereroak plazaratu ditugu karnabaletan. Zaldibarko zabortegiaren isuriak zirela eta inauterietako programa osorik bertan behera uzteko aukera aurreratu zigun udalak. Guk ere egoera baloratu eta kaldereroak ez ateratzea erabaki genuen. Udalari jakinarazi genion erabakia. Azken orduan udalak ekitaldi batzuk mantentzea erabaki zuen eta ofizialki jakinarazi zuen kaldereroak mantenduko zirela. Otsailaren 21ean, karnabal barikuan, udalak kontratatutako txaranga atera zen eta kalejiran parte hartu ohi duten 8-9 elkarteetatik bateko dozena erdi kidek parte hartu zuten bertan.

Otsailean Txinatik zetorren birusaren soinuak gero eta ozenagoak ziren. Baina martxora sartu orduko alarmak pizten hasi ziren eta martxoaren 13tik aurrera bertan behera izan ziren egutegian gehien errepikatu ziren hitzak. 

Covdi19 pandemiaren ondorioz Bertan behera geratutako batzuk

  • Martxoak 14, larunbata: Martin Zalakain Zornotzan.
  • Apirilak 25, larunbata: Martin Zalakain Deban.
  • Maiatzak 4, igandea: soka-dantza Santa Kurutz auzoan.
  • Maiatzak 23, larunbata: Martin Zalakain Beasainen.
  • Ekainak 12, ostirala: Eibarko Dantzari Eguna. 
  • Irailak 12, larunbata: Martin Zalakain Hondarribian.
  • Urriak 24, larunbata: Martin Zalakain, Astigarragan.
  • Azaroak 1, igandea: Mendi-kultura jaialdia Kalamua-Arraten.
  • Azaroak 30, astelehena: Plazara Dantzara dantzaldia.
  • Abenduak 26, larunbata: Martin Zalakain Donostian, Victoria Eugenian.

Martin Zalakain ikuskizunaren urtea ia-osorik hankaz gora joan da. 

Martin Zalakain 2020 egutegia egindakoak eta bertan behera geratutakoak

5. Dantza-konfinatuak

Konfinamenduan etxetik dantzan jarraitzeko ahaleginak ugariak izan dira. Dantzan.eus-en “Eutsi dantzan” bideo-tutorialak baliatu genituen hasieran. Gero taldeko bideo-deietan aritu gara entseguak egiten, horrek dituen zailtasunak eta mugak ondo ezagutzeraino: etxe bakoitzeko sukaldeko, egongela edo pasilloetako tamainak, soinua eta irudiaren sinkronizazio/ez-sinkronizazioak, e.a.

Kezka entsegu telematikoa konfinamenduan 2020
Kezka, entsegu telematikoa konfinamenduan 2020-04-29.

Entsegu telematikoez gain, beste mota bateko dantza-jardunak ere egin ditugu pantailen-dantzan. Adibidez, Saray Garzia dantzari profesional eibartarrarekin tailer bat egin genuen maiatzaren lehen egunetan.

Kezka bideo-tallerra Saray Garzia  2020
Dantza garaikide tallerra Saray Garziarekin konfinamenduan 2020-05-04.

Eta entsegu telematikoen desabantaila guztien artean aukera positibo txiki bat ere bazela ohartuta, distantzia fisikoaren ondorioz normalki egiten ez dugun moduko bi talderen arteko entsegu konpartituta egin genuen, Iruñeko Duguna dantza taldearekin batera.

Kezka-Duguna dantza-entsegu telematikoa konfinamenduan 2020
Kezka eta Duguna dantza taldeen arteko entsegu-telematiko konpartitua konfinamenduan, 2020-05-20.

6. Dantza-maskaratuak

2020a iritsi arte dantza-maskaratuak beste zerbait ziren. Inauteriekin lotzen genituen. Baina urte honetan inauterietatik kanpo ere aritu gara maskarekin dantzan.

  • Maiatzak 31, igandea: Euskal Jaiaren usaina airean

Maiatzean, Euskal Jaia osorik bertan behera geratuta, talde txikietan antolatuta herriko kale eta plaza batzuk dantzaz eta musikaz girotzen aritu ginen.

Eibarko Euskal Jaia 2020
Euskal Jaiari keinua pandemia garaian Eibarren, 2020-05-31. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC-by-sa

Lau talde antolatu genituen, bakoitzak bere musikari taldearekin: Elgoibarko gaitari gazteak, Jainaga eta Narbaiza trikitilariak, Usartza txistulariak eta Kezkako txistulariak. 

Eibarko Euskal Jaia 2020
Euskal Jaiari keinua pandemia garaian Eibarren, 2020-05-31. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC-by-sa

Euskal Jaia antolatzen duen Eibarko Klub Deportiboko kultura batzordearen laguntzarekin, plaza eta kale nagusietatik ihesi, auzo eta bazterreko plazetara jo genuen, distantziak mantenduz eta jendea biltzen hasi aurretik bukatu eta alde egiteko moduko emanaldi laburrak eskainiz.

Eibarko Euskal Jaia 2020
Euskal Jaiari keinua pandemia garaian Eibarren, 2020-05-31. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC-by-sa

Kaleko dantza emanaldi ibiltariak debekatu aurreko egunak ziren. 

Eibarko Euskal Jaia 2020
Euskal Jaiari keinua pandemia garaian Eibarren, 2020-05-31. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC-by-sa

Felipe Loiolak egindako argazki gehiago hemen: Euskal Jaia Eibarren 2020 [argazkiak]

7. Dantza-bideo-emankizunak uda aurretik

Ekaina etorri zen, baina gure dantza eskolako urteko emanaldi nagusia izaten den Dantzari Eguna ez ginen planteatzera ere iritsi. Soka-dantza kalez kale egiteko proposamena egin genuen, karrika-dantza bat. Baina ezezkoa jaso genuen. Horren ordez antzokian dantzatu eta bideoz zabaltzeko aukera sortu zen.

  • Ekainak 24, asteazkena: San Joan soka-dantza Coliseo antzokian

San Joan eguneko soka-dantza ere, 1994tik etenik gabe Untzaga plazan dantzatu duguna airean zegoen. Azkenean Coliseo antzokian, kameren eta ikusle gutxi batzuen aurrean egiteko aukera sortu zen.

San Juan soka-dantza 2020 Eibar
San Juan eguneko aurreskua edo soka-dantza Kezka dantza taldea eta Usartza txistulari taldearekin, osasungileen omenez, Eibarren, Coliseo Antzokian, 2020-06-24. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa

Urtero soka-dantzan izaten ditugun omenduak pandemiari aurre eginez lanean zebiltzan osasun-langileak izan ziren.

San Juan soka-dantza 2020 Eibar
San Juan eguneko aurreskua edo soka-dantza Kezka dantza taldea eta Usartza txistulari taldearekin, osasungileen omenez, Eibarren, Coliseo Antzokian, 2020-06-24. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa

Eserlekuetan osasun alorreko bailarako ordezkari nagusiak eta sokan gertuko bi dantzari, mediku eta erizain. Lehengoez gainera Covid19 gaixoak artatzea egokitu zaienak urte berezi honetan: Txindurriko Iratxe Odriozola dantzari eta txistulari ermuarra eta Haritzeko Ane Astigarraga dantzari elgoibartarra.

San Juan soka-dantza 2020 Eibar
San Juan eguneko aurreskua edo soka-dantza Kezka dantza taldea eta Usartza txistulari taldearekin, osasungileen omenez, Eibarren, Coliseo Antzokian, 2020-06-24. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa
San Juan soka-dantza 2020 Eibar
San Juan eguneko aurreskua edo soka-dantza Kezka dantza taldea eta Usartza txistulari taldearekin, osasungileen omenez, Eibarren, Coliseo Antzokian, 2020-06-24. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa
San Juan soka-dantza 2020 Eibar
San Juan eguneko aurreskua edo soka-dantza Kezka dantza taldea eta Usartza txistulari taldearekin, osasungileen omenez, Eibarren, Coliseo Antzokian, 2020-06-24. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa

Felipe Loiolak egindako argazki sorta zabalagoa hemen: San Joan soka-dantza 2020 [argazkiak]

8. Dantza-bideo-emankizunak uda ostean

Uda ostean beste ikasturte bat hasi eta pandemia atzean utzita normaltasunera itzultzeko itxaropenak berehala uxatu zituen covid19 birusak. Lehen lepotik burua ekarri zigun irailak eta Arrateko jairik gabe Arrateko Dantzak bideo-enlatatu beharrean aurkitu ginen. 

  • Irailak 5, larunbata: ezpata-dantzan grabaketa Arraten

Ohiko formatuan Arrateko ezpata-dantzarik izango ez zela onartuta, bideoa grabatzeko aukera izan genuen, eta Idoia Lahidalgaren ikus-entzunezko aginduetara eta Jose Antonio Roigeren airetiko begiradapean jarri ginen, urte berezi honetan ezpata-dantzaren oroitzapen berezia gordetzeko asmoz.

Arrate ezpata-dantza 2020
Arrateko ezpata-dantzaren grabaketa, 2020-09-06. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa

Usartza txistulari taldetik Enrike Montero, Asier Castelos, Iratxe Gimenez eta Iñaki Orbegozo izan genituen musikari lanetan, eta dantzariak, berriz, Ane Muguruza, Jone Amuategi, Garoa Magunazelaia, Jokin Hazas, Ane Sarasketa, Maialen Araolaza, Julene Usobiaga, Enrike Izagirre, Anartz Fernandez, Igor Baroja, Maddi Sarasua, Peru Alberdi, Maddi Alberdi, Maite Gonzalez, Egoitz Blanco, Miren Hazas, Oihane Llorente, Josu Garate, Jone Saez, Esther Kareaga, Maitane Fariñas, Joseba Aranzabal, Olaiz Agirrebeña, Harkaitz Urreta, Oier Araolaza, Ander Garitagoitia, Ainhoa Larrañaga, Luken Aranburu eta Jone Lahidalga. 

Arrate ezpata-dantza 2020
Arrateko ezpata-dantzaren grabaketa, 2020-09-06. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa

Ez ohiko egoera, ez ohiko irudiak; Arrateko zelai eta ingurune berde eta hutsetan ezpata-dantzariak eta txistulariak erakusten dituzten irudi bereziak utzi baitizkigu Felipe Loiolan begiradak.

Arrate ezpata-dantza 2020
Arrateko ezpata-dantzaren grabaketa, 2020-09-06. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa

Lau lerroko ezpata-dantza bi taldetan banatuta aritu ginen ezpata-dantzarien arteko distantziak bermatu ahal izateko.

Arrate ezpata-dantza 2020
Arrateko ezpata-dantzaren grabaketa, 2020-09-06. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa
Arrate ezpata-dantza 2020
Arrateko ezpata-dantzaren grabaketa, 2020-09-06. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa
Arrate ezpata-dantza 2020
Arrateko ezpata-dantzaren grabaketa, 2020-09-06. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa
Arrate ezpata-dantza 2020
Arrateko ezpata-dantzaren grabaketa, 2020-09-06. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa

Felipe Loiolak egindako argazki gehiago hemen: Arrate ezpata-dantza 2020 [argazkiak]

Idoia Lahidalga eta Jose Antonio Roigek egindako bideoa hemen:

https://dantzan.eus/bideoak/arrate-2020-ezpata-dantza/embed

9. Dekretu artean dantzan

Dekretuak irakurri, arau berriak aztertu, haietara egokitutako berrantolaketak egin eta berriz hasierara, dekretuak irakurri,… Horrela gabiltza irailetik. Lauzpabost astetik behin dena berraztertu behar eta neurri berrietara egokitu behar: protokoloa egin, protokoloa aldatu, protokolo berritu; orain aforoa murriztuta, gero leihoak eta ateak irekita, orain musukoarekin, gero musukoa eta taldea murriztuta, orain distantziarekin, gero distantzia, CO2 neurgailua, hidrogela eta errepertorioa berriz aldatuta. Entseguetarako lokal handiago bat alokatu eta egokitzen jardun gara azken hilabeteetan, Portaleko ohikoa txikia eta motza geratu baitzaigu neurriak betebeharrarekin. 

Kezka entsegua 2020-11-02
CO2 neurgailua Kezka dantza eskolan, Eibar, 2020-11-02. Arg.: Oier Araolaza – Dantzan CC by-sa

Pandemiak kinka larrian jarri du dantza. Entsegu bakoitzak azken entsegua izan daitekeelakoan ari gara dantzan. Biharamunik ez balego bezala dantzan. Entseguetan baino, entseguak egin ahal izateko antolaketa lanetan pasa zaizkigu hilabeteak. Eutsi! esaten du jendeak eta hori egiten saiatu gara: Eutsi dantzan!

https://dantzan.eus/bideoak/dantza-eskolen-osasun-onurak-etb1/embed

Ohiko dantza-emanaldirik egiteko aukerarik ez dugu izan. Baina han hemen, parte hartze txiki batzukin lanpetuta izan gara urte bukaeran ere bai.

  • Irailak 8, asteartea: Diasporaren aurreskua Omaiztegin.

Guretzat Arrate eguna den irailaren 8an ospatzen da Euskal Diasporaren Eguna. Aurten Arrate egunean Arratera joateko aukerarik ez eta diasporaren eguneko ekitaldian antolatu zen aurreskuan parte hartzeko aukera izan genuen.

Diasporaren aurreskua
Diasporaren aurreskuan dantzatzen, Ormaiztegin, 2020-09-08. Argazkia: Josu Garate – Dantzan CC-by-sa

Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako zuzendaritzaren eskariz diasporaren aurreskua koordinatu zuen Dantzan elkarteak eta hango eta hemengo dantzariek osatutako soka horretan izan ziren euskal ordezkari Miren Hazas dantzaria eta Jose Migel Laskurain txistularia, Gari Otamendi añorgarrarekin batera. 

https://dantzan.eus/bideoak/diasporaren-aurreskua-2020/embed
  • Urria: Kezkako argazkien erakusketa Eibarko Klub Deportiboan

Eibarko Klub Deportiboko Argazkilaritza taldearen eskutik, Kezka dantza taldearen argazki-erakusketa izan da ikusgai Deportiboan bertan. Azken hiru urteotan Kezkak egindako dantza-ekitaldietako argazkien hautaketa jaso du erakusketak. 

Kezka argazki erakusketa Eibarko Klub Deportiboan 2020
Kezka dantza taldearen argazki erakusketa Eibarko Klub Deportiboan, 2020-09-30.
  • Urriak 21, asteazkena: Ilustrazioa eta dantza, Bergarako Laboratorium museoan

Dantzak eta ilustrazioa nola elkartu ziren Euskal Herrian azaltzeko hitzaldi-dantzatua eskaini genuen Bergarako Laboratorium museoan, eta Bergarako Musika Eskolako ikasleekin batera, Quico Puges musikari katalandar-eibartartua, eta Ainhoa Larrañaga eta Oier Araolaza dantzariak aritu ginen soka-, arku- eta kontra-dantza batzuk eskainiz azalpenen osagarri.

Bergara Laboratorium dantza ilustrazioan
Dantza ilustrazioan hitzaldi-dantzatua Oier Araolaza eta Quico Puges-ekin Bergarako Laboratorium-en, 2020-10-21.
  • Abenduak 3, osteguna: Roberto Perezi omenaldia Burgoseko epaiketaren urteurrenean

Frankismoaren amaieraren hasiera irudikatzen duen Burgosko epaiketa gertatu zela 50 urte bete diren honetan, horren inguruko ekitaldia antolatu zen Eibarko Coliseo Antzokian eta bertan, epaiketaren aurreko manifestazioan parte hartzen ari zela poliziak hil zuen Roberto Perez gazte eibartarrari eskainitako omenaldia agurra dantzatu zuen Kezkako Ane Muguruza dantzariak, Andoni Altzibar, Josu Agirre eta Iñaki Barua musikarien txistu eta danbor doinura.

Roberto Perezi omenaldia
Burgozko prozesuaren 50. urteurrenean, Roberto Perez-i omenaldia Eibarko Coliseo antzokian, 2020-12-03. Argazkia: Gorka Errasti.
  • Abenduak 9, osteguna: Victoria Eugenia, Donostia, Xabier Leteren omenaldia

 Xabier Lete zendu zela 10. urteurrena gogoan hainbat ekitaldi antolatu dira eta horien artean zen abenduaren 9an Donostiako Victoria Eugenian egindako ekitaldia, idazle, musikari eta dantzarien parte hartzearekin. Ez dok Amairuren garaian Baga, Biga, Higa sentikarian sortzaile guztiak mutil-dantzaren doinura eszenaratzen ziren dantzaldia gogoan, Argia dantzari taldearen eskutik eszenaratu zen mutil-dantzan izan ginen Kezkako zenbait ordezkari.

Ni Lete naiz
Mutil-dantzak Ni Lete naiz ekitaldian, Victoria Eugenia antzokia, 2020-12-09.
  •  Abenduak 9, osteguna: Urpekarien urteurrena eta bultzatzaileei omenaldia

Urtea hasi bezala, Eibarko Klub Deportiboko urpekarien batzordearen 50. urteurrena ospatuz bukatu zen guretzat, eta batzorde horretan urte guzti hauetan bultzaka aritu diren Arrate Eraso eta Javier Escuderori eskaini zitzaien omenaldian agurra dantzatu zuen Jone Lahidalgak, Andoni Altzibarren txistuaren eta Iñaki Baruan atabalaren doinura.

Eibarko Klub Deportiboko Urpekarien sailak 50 urte
Aurreskua Eibarko Klub Deportiboko Urpekarien batzordearen antolaketan 50 urtez aritutako Arrate Eraso eta Javier Escuderori, Coliseo Antzokia, Eibar, 2020-12-09.

10. Zapaltzen dugun lur-zorua

Irailean ikusi genuen Portalea Kultur Etxean erabiltzen dugun dantza-gela “txiki” geratu zitzaigula. Batetik, talde txikiagoetan aritzeko bigarren gela bat beharko genuelako. Bestetik, talde handiagoetan aritzeko metro karratu gehiago behar genituelako. Kultur Etxe alboan libre zegoen lokal bat ikusi eta alokatu egin genuen. Kezka Garajea deitzen diogu orain beste espazio honi, garajeetan erabiltzen den moduko atetzarra baitu eta hori goraino altxatuta aritzen garelako bertan aire zirkulazio egokia bermatzeko.  

Kezka garajea lurra jartzen
Egurrezko lur-zorua jartzeko lanak Kezka Garajean, 2020-12-05. Argazkia: Oier Araolaza – Kezka dantza taldea CC-by-sa.

Kalearen alturan egonik eta atea zabal zabalik, entseguan ari garela espaloitik pasatzen diren herritarrak ezin saihestu barrura begiratzea eta dantzan dabilen taldearekin harritzea. Auzoko bizilagun batzuk agurtu gaituzte entseguetan eta baita txalotu eta eskertu ere, auzoari alaitasuna, musika, bizitasuna, dantza ematen diogulakoan.

Kezka garajea lurra jartzen
Egurrezko lur-zorua jartzeko lanak Kezka Garajean, 2020-12-05. Argazkia: Oier Araolaza – Kezka dantza taldea CC-by-sa.

Lurra gogorra du baina Kezka Garajeak eta dantzarako egokitu beharra ikusi dugu. Horrela, aislantea eta egurrezko geruza jarri diogu 2020an eta linoleoa 2021ean.

Kezka garajea lurra jartzen
Egurrezko lur-zorua jartzeko lanak Kezka Garajean, 2020-12-05. Argazkia: Oier Araolaza – Kezka dantza taldea CC-by-sa.

Tarte bat hartzen badugu sarrera bat egingo dugun lurra dantzarako egokitzeko egin ditugun hobekuntza lanak azalduz. Oraingoz lehen ekinaldiko argazkiekin utziko dugu.

Kezka garajea lurra jartzen
Egurrezko lur-zorua jartzeko lanak Kezka Garajean, 2020-12-05. Argazkia: Oier Araolaza – Kezka dantza taldea CC-by-sa.
Kezka garajea lurra jartzen
Egurrezko lur-zorua jartzeko lanak Kezka Garajean, 2020-12-05. Argazkia: Oier Araolaza – Kezka dantza taldea CC-by-sa.

Dantza kinka larrian jarri duen urte berezi honetan dantzan jarraitzeko ilusio eta gogoa ez ditugula galdu erakusteko, hona hemen dantzan jarraitzeko gure oinei egokitu diegun lur-zorua.

Kezka garajea lurra jartzen
Egurrezko lur-zorua jartzeko lanak Kezka Garajean, 2020-12-05. Argazkia: Oier Araolaza – Kezka dantza taldea CC-by-sa.
Kezka garajea lurra jartzen
Egurrezko lur-zorua jartzeko lanak Kezka Garajean, 2020-12-05. Argazkia: Oier Araolaza – Kezka dantza taldea CC-by-sa.
Kezka garajea lurra jartzen
Egurrezko lur-zorua jartzeko lanak Kezka Garajean, 2020-12-05. Argazkia: Oier Araolaza – Kezka dantza taldea CC-by-sa.

Plazara Dantzara 1993: atzera begira festarik gabeko San Andres hauetan

Plazara Dantzara 1993: atzera begira festarik gabeko San Andres hauetan

Plazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose Valderrey

Festarik gabeko San Andres tristeak dira hauek. Eibarko plazak eta kaleak jendez beteta, baserritarren azoka ederra, talo eta txistorra usaina, musika eta dantza, festa eta bizipoza izan ditugun festa falta zaigu aurten.

Plazara Dantzara 1993 - 076
Plazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose Valderrey

Kezka dantza taldeak Plazara Dantzara erromeria ospatu dugu San Andres egunez azken 27 urteotan. Egia da euriaren ―euriteen esan beharko genuke, demasak izan baitira urte batzuetan― eraginez, behin baino gehiagotan bertan behera utzi behar izan dugula dantzaldia, edo euripean saio laburragoak egin behar izan ditugula, baina baserritar jantziak soinean, gehiago edo gutxiago, plazan ala tabernaren aterpean, urte guztiotan inoiz ez da falta izan musika, dantza eta festa. Aurten arte. 2020. A zelako urtea! 

Plazara Dantzara 1993 - 070
Plazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose Valderrey

Atzera begira

Besterik ezin egin eta aprobetxatu dezagun ba atzera begiratzeko eta Plazara Dantzara nola abiatu zen gogoratzeko. 1993. urtea zen. Eibarko zenbait dantzari ―Aresatz Usobiaga, Virginia Andres, Enrike Izagirre, Roberto Altzerreka, Oier Araolaza,…― Elgoibarko Haritz dantzari taldearen entseguetara joaten hasita geunden, bertako zuzendari Jose Inazio Sarasua eta dantza-irakasle Lurdes Odriozolarekin gure dantzaren-ezagutza eta funtzionamendu modua hobetzeko asmoz.

Plazara Dantzara 1993 - 054
Plazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose Valderrey

Bertan elgoibarko dantzari belaunaldi harrigarri bat ―Nerea Lariz, Jon Lizarralde, Edurne Odriozola, Abel Iriondo, Garbiñe Gorostiaga, Mikel Legorburu, Arantza Aginako, Kastor Otaegi, Ainhoa Larrañaga, Asier Gorriti,…― ezagutu genuen.

Plazara Dantzara 1993 - 032
Lurdes Odriozola, Plazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose Valderrey

Horrez gain, Debako Gure-Kai taldea eta bertako dantzariekin ―Andoni Iriondo, Nekane Goikoetxea, Iñaki Elosua,…―  ere topo egin genuen, gure antzera babes bila Elgoibarrera jo zutenak.

Plazara Dantzara 1993 - 063
Nekane Goikoetxea eta Iñaki Elosua, Plazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose Valderrey

Haritz eta Gure-Kai dantza taldeek, Gabon Zahar eta Soro eguneko ferietan Plazara Dantzara Izeneko erromeria martxan jarrita zuten bi urte lehenago eta Kezka dantza taldea ere gonbidatu “zirkuituan” sartzera.

Plazara Dantzara 1993 - 023
Edurne Odriozola eta Asier Gorriti, Plazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose Valderrey
Plazara Dantzara 1993 - 074
Belen Arrizabalaga eta Enrike Izagirre, Plazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose Valderrey

Horrela, 1993ko azaroaren 27an, larunbatez, San Andres egunari aurre hartuz, Eibarko lehen Plazara Dantzara erromeria antolatu genuen Eibarko Udalaren laguntzarekin.

Plazara Dantzara 1993 - 016
Plazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose Valderrey
Plazara Dantzara 1993 - 017
Plazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose Valderrey

Jainaga eta Narbaiza trikitilariak eta Elgoibarko udalaren txistulari taldea arduratu ziren musikarekin.

Plazara Dantzara 1993 - 005
Jainaga eta Narbaiza trikitilariak, Plazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose Valderrey

Fandangoa, arin-arina, kalejira, dantza-jauziak, polka, balts eta rantxerak, eta Iribasko ingurutxoa zein Imotzeko esku-dantza dantzatuz.

Plazara Dantzara 1993 - 045
Ainhoa Larrañaga, Plazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose Valderrey
Plazara Dantzara 1993 - 037
Aiert Ibarbia, Plazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose Valderrey

Jose Valderrey-ren argazki sorta eder honetan ongi antzematen da Plazara Dantzarak dantzaren bidez Untzagan jarritako festa eta giroa.

Plazara Dantzara 1993 - 046
Plazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose Valderrey
Plazara Dantzara 1993 - 066
Plazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose Valderrey
Plazara Dantzara 1993 - 002
Plazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose Valderrey

Kezka dantza eskola ETB1en

Dantza eskolek beraien jardunarekin jarraitzeko aukera dute oraingoz Euskal Autonomia Erkidegoan eta eskola horietako baten jarduna, Eibarko Kezka dantza eskolarena erakusten du Euskal Telebistako Gaur Egun albistegian agertu den erreportaje honek. Umeez gain helduak ere aritzen dira euskal dantza ikasten Kezka dantza eskolan eta helduen ikastaldietako batean izan dira ETBko kamerak. Kezka dantza eskolako Oier Araolazak eman ditu dantza eskolak dituen osasun onuren inguruko argibideak eta covid19arekin ez kutsatzeko beharrezko neurri guztiak hartuta aritzen direla azaldu dute Mari Karmen eta Edurne ikasleek. 

Dantza gaitezen biharamunik ez balego bezala

Entsegu bakoitza tarte baterako azkena izan daitekeen sentipenarekin ari gara bizitzen. Baina ari gara. Dantza osasuna dela sinesten badugu, nola utziko diogu dantzatzeari osasunaren izenean? Gakoa neurriak hartzean datzala sinetsita gaude, dantzari eutsi, baina babes neurri guztiak beteta. Dantzan kutsatze arriskua ahalik eta txikiena izatea da helburua, beraz, arauak betetzeaz gainera, ahalik eta modurik seguruenean aritzeko neurriak hartzea. Hauxe da guk egin duguna:

  • Espazio handiago bat alokatu dugu, talde handiak zatitzeko eta bertan elkarren artean distantzia handiagoa bermatzeko.
  • Protokoloa ezarri dugu, gehienezko edukiera, sarreran gel hidroalkoholikoarekin garbiketa, distantziak, e.a. guztiak zehaztuz.
  • Maskarak darabiltzagu jarduera osoan. Badakigu zenbait testuingurutan intentsitate handiko gorputz ariketa egiterakoan baimenduta dagoela maskara kentzea, baina ez dago argi dantzan hori baimenduta dagoen, eta gainera, ez du zentzurik arrisku handieneko unean ―arnasketa areagotzen zaigunean― maskara kentzeak. Babes-neurriez ari bagara, hain zuzen ere une horietan da beharrezkoena musukoa jantzita izatea. 
  • Aireztapen oso ona dugula ziurtatu dugu. Espazio berriak atetzarra du eta osorik altxatzen dugu, eta kalera ematen duten beste bi ate ere irekita izaten ditugu. Gainera altura handia du lokalak, 5 m inguru. Dantza-gela ongi aireztatzen dela ziurtatzeko CO2 neurgailua darabilgu. Neurgailuak 800 ppm-ko langa gainditzen ez duen bitartean adierazten digu gela ongi aireztatzen ari dela. Kopuru horretara iritsiko balitz entsegua bertan behera utziko genuke. Atzo, entsegua hasi aurretik 415 ppm markatzen zituen CO2 neurgailuak. 15 dantzari ordubetez gorputz ariketa bizian aritu ondoren daturik altuena 587 izan da.
Kezka entsegua 2020-11-02
CO2 neurgailua Kezka dantza eskolan, Eibar, 2020-11-02. Arg.: Oier Araolaza – Dantzan CC by-sa

Dantza taldea dantza eskolan

Araudiek ez dute dantza taldeez hitz egiten. Dantza jarduera kirolaren ala hezkuntza ez-arautuaren zakuan sartu behar zen erabaki ezinda ibili gara, baina Kezkaren dantza eskola osoa ―ume eta heldu artean 15 talde―  hezkuntza ez-arautua dela kontuan hartuta, eta dantza taldearen jarduera dantza eskolakoaren oso antzekoa denez ―irakasle batek gidatzen ditu entseguak eta dinamika dantza eskolako ikasgelen ia-berbera da―, ba erabaki dugu dantza taldea dantza eskolan integratzea. Beraz, dantza taldeko kide guztiok matrikula orriak bete ditugu eta ikasturte honetan dantza eskolako beste ikasgela bat izatera pasatu gara.

Eusko Jaurlaritzaren urriaren 26ko dekretuan, arautu gabeko prestakuntza-zentroak aipatzen ditu 8. puntuan eta bertan dioenez, horietan ikasketa-jarduera “presentziala izan ahal izango da, gehienez ere 25 pertsonaren mugara bitarte. Beharrezko neurriak ezarri beharko dira instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa den”. Horixe da beraz, aplikatzen ari garen araubidea.

Kezka entsegua 2020-11-02
Entsegua, Kezka dantza eskolan, Eibar, 2020-11-02. Arg.: Oier Araolaza – Dantzan CC by-sa

Azken dantza hau

Agian bihar bukatuko dira gure entseguak. Agian etzi. Nietzschek esana da galdutzat eman beharko genukeela dantzatu ez garen egun bakoitza. Dantza gaitezen bada, biharamunik ez balego bezala.ERLAZIONATUTAKO ELEMENTUAKCO2 neurgailua, dantza-gelako airearen egoera ezagutzeko tresnaEta orain zer?Dantza kinka larrian jarri du pandemiakDantzarako protokoloa

Erakusketa: Kezkaren dantza argazkilarien begiradapean

Karteleko argazkia: Fernando Retolaza

Eibarko Klub Deportiboko Argazkilaritza taldearen laguntzarekin, Kezka dantza taldearen argazki-erakusketa izango da ikusgai urrian zehar Deportiboan bertan. Azken hiru urteotan Kezkak egindako dantza-ekitaldietako argazkien hautaketa jaso du erakusketak. 

Hamar begirada

Hamar argazkilarik Kezkaren dantza jarduerei eskaini dizkieten begirada desberdinak ageri dira bertan. Hauek dira argazkilariak: Felipe Loiola, Iñaki Zugasti, Gorka Bravo, Ekaitz Zilarmendi, Eire Vila, Malen Jainaga, Josu Garate, Amaia Rodriguez, Jose Valderrey, Idoia Lahidalga eta Fernando Retolaza.

Begirada horietan azken urteotan Kezkak berak eskainitako hainbat emanaldi eta parte hartutako zenbait dantza-ekitaldi ageri dira: Santa Kurutzeko soka-dantza, Eibar 1937 ikuskizuna, Dantza filmaren grabaketa, San Joan eguneko aurreskua, Arrateko ezpata-dantza, Martin Zalakain ikuskizuna, Anberesen (Belgika) eskainitako Arrateko ezpata-dantza, Eibarko Euskal Jaia, Eibarko Dantzari Eguna, Dantzan Biharrian egoitzan egindako ekitaldiak Soka erakusketaren bueltan, Gipuzkoako Diputazioan Urrezko Dominaren ematen ekitaldian eskainitako ezpata-dantza, eta baita azken hilabeteetan musukoekin eta babes neurriekin egindako Euskal Jaiko kalejira edo Coliseoko soka-dantza ere.

Argazki erakusketa: Kezkaren dantza

  • Antolatzailea: Eibarko Klub Deportiboaren Argazkilaritza taldea
  • Tokia: Eibarko Klub Deportiboa, Toribio Etxeberria, 16 – 1 (20600 Eibar)
  • Datak: Urriaren 1etik 31ra
  • Argazkilariak: Felipe Loiola, Iñaki Zugasti, Gorka Bravo, Ekaitz Zilarmendi, Malen Jainaga, Josu Garate, Amaia Rodriguez, Jose Valderrey, Idoia Lahidalga eta Fernando Retolaza.

San Juan soka-dantza Coliseo antzokitik sarera eskainiko da

Soka-dantzaren entsegua, 2020-06-10. Argazkia: Idoia Lahidalga.

Normalitate berria deitzen den honetan dantza eta festak ez dira lehengo tokira itzuli oraingoz. San Juan egunean Eibarren dantzatu ohi dugun soka-dantza Coliseo antzokian egingo dugu eta Eibarko Udalak bere kanalaren bidez zuzeneko emisioan sareratuko du dantza saioa ekainaren 24an, 20:30ean. Coliseo antzokian bertan ikusteko 90 sarrera-gonbidapen jarriko ditu herritarren eskura Eibarko Udalak eta gaur bertan joan daiteke Coliseoko txarteldegira sarrerak eskatzera.

25 urte ondoren

Egoera berezia eta aldaketa handiak dira aurtengo San Juan eguneko aurreskuarenak, baina gora-beheraz eta aldaketaz betetako ibilbidea izan du. Iaz 25 urte bete ziren San Juan eguneko aurreskua berreskuratu zutenetik Usartza txistulari taldeak eta Kezka dantza taldeak Eibarko Udalarekin. 1994ko ekainaren 24an berpiztu zen aurreskua San Juan egunean, eta hain zuzen aurretik beste 25 urte inguru eginak zituen lokartuta.

Eibar soka-dantza San Juan 1994
Aurreskua edo soka-dantza Eibarren, San Juan egunez, 1994-06-24. Argazkia: Jose Valderre – Kezka dantza taldea cc by-sa

1994tik aurrera Eibarko Udal batzak parte hartu zuen soka-dantzan hainbat urtetan, baina 2005ean alkateak ez zuen parte hartu, bai ostera zinegotzietako batzuk, eta 2006tik aurrera udal batzako kideek ez dute parte hartu ekitaldian, eta urtero herriko elkarte eta norbanako batzuk omendu dira San Juan eguneko aurreskuan. 2015ean genero bereizketarik gabeko soka-dantza egiten hasi ginen, dantzari guztiek parte hartzen dute lehen sokan eta ez dago rol desberdinik generoaren arabera.

Kezka, San Juan soka-dantza 2015: Sarrera
Argazkia: Felipe Loiola. Dantzan, CC BY-SA

Osasun-langileei omenaldia

San Juan jaietan udalak herriko elkarte eta norbanakoak omentzeko ohitura du eta aurtengo San Juan berezi hauetan gure bizitzak errotik eraldatu dituen covid-19tik babestu gaituzten osasun-langileak omenduko dituzte. Soka-dantzan ere osasun-langileei eskainiko diegu aurreskua eta herriaren soka sinbolikoan sartzera gonbidatuko ditugu. Osasun-langileen ordezkari bi lagun gonbidatu ditugu soka-dantzara: Ane Astigarraga, Eibarko ospitalean covid19ko gaixoak artatzen dituen erizaina eta Iratxe Odriozola, Mendaroko larrialdietan lan egiten duen medikua. Biak osasun-langileak eta dantzariak dira, Elgoibarko Haritz dantzari taldean aritua lehena eta Ermuko Txindurrin dantzari, eta gaur egun batez ere txistulari aritzen dena bigarrena.

Antzokian bertan ikusteko sarrerak

Coliseo antzokian bertan 90 lagun inguru sartu ahal izango dira aurreskua bertan ikusteko. Eserlekuen arteko tarte minimoa, 1,5 m ezarrita, horiek da Coliseoan sartu daitezken ikusleak. Gonbidapen-sarrerak eskuratu nahi dituenak Coliseo antzokiaren txarteldegira jo behar du honako egutegi-ordutegian: 

  • ekainak 19, ostirala, 17:30etatik 19:30etara.
  • ekainak 22, astelehena, 17:30etatik 19:30etara.

San Juan soka-dantza 2020 online

Antzokira etortzerik ez duzuen beste guztiok pantaila bidez ikusi ahal izango duzue soka-dantza, Eibarko Udalaren kanalean. Hemen xehetasunak, data, ordutegia eta kanalerako lotura:

  • Zer: Eibarko San Juan soka-dantza.
  • Nork: Kezka dantza taldea eta Usartza txistulari taldea.
  • Omenduak: Debabarrenako osasun-langileak.
  • Data: 2020ko ekainaren 24an, asteazkena.
  • Ordutegia: 20:30.
  • Zuzeneko emanaldiaEibarko Udalaren kanalean.

Dantzaren Nazioarteko Eguna elkarrekin ospatuko dugu

Dantzaren Nazioarteko Eguna apirilaren 29an ospatzen da eta eguna ospatzeko
Kaxak eta Kezkak denon artean kate bat eraikitzea proposatzen dizuegu.
Animatu zaitez edozein estilo edota gorputzeko atalekin. Graba ezazu bideo bat horizontalean segundu batzuetakoa (5-10s) dantza egiten eta bidali info@kaxa.eus helbidera denon artean estilo anitzeko dantza osatzeko. Emailez jasotako bideoak bakarrik erabiliko dira eta azken data apirilaren 27a 23:59ak arte izango da.

Koko-dantzak 2020 Arrate-ballen eta Gorostan barrena

Koko-dantzariak, koko-marruak eta musikariak San Andres parrokiaren aurrean, Eibar, 2019-02-23. Argazkia: Fernando Retolaza – Kezka dantza taldea CC by-sa

Otsailaren 15ean aterako dira koko-dantzak Eibarren. Arrate-balle eta Gorosta auzoaren zati bat bisitatuko ditugu 2020an. Eibarko Arastosteek keinu berezia egin diote aurten gainera koko-dantzei. Karnabalen programazio iragartzen dituen kartelean koko-dantzarik eta koko-marruak dira protagonista. Joseba Imanol Vilas artista donostiarrak egindako afitxa honek irabazi du urtero Eibarko inauteriak iragartzeko egiten den kartel lehiaketa.

Arastosteak Eibar 2020
Aratosteak 2020 Eibarren. Kartelaren egilea: Joseba Imanol Vilas.

Koko-dantzariaren kapela gainean, loreak bailitzan ageri zaizkigu koko-dantzari eta koko-marruak, tartean direla Sasikartia, Hartza, masustak, Martin perratzailia, Arraguetako Ama Birjina, Batista kojua, burburixuak, Kattalin eta Manuela, Petra, e.a. 

Koko-dantzak 2020

2019ko otsailaren 15a, larunbata:

  • 8:30 Merkatu plazan lehen agerraldia.
  • 9:00 – 15:00 Koko-dantzak eta koko-eskea Arrate-balle eta Gorosta auzoko baserrietan.
  • 19:00-21:00 Anbulategian batu eta Zuloagatarren, Toribio Etxebarria, Untzaga, Kalbeton eta Plaza Barria kale eta plazetan koko-dantzak Mauxitxarekin.