
Maiatzeko azken asteburuan ospatu izan da Euskal Jaia Eibarren eta azken bi urteetako gora-beheren ondoren ohiko data eta ospakizun eredura itzuliko da Eibarko Klub Deportiboak antolatzen duen festa. Txarangak, kontzertuak, azoka eta kantu-afariak ez dira faltako eta igandean dantzan protagonista izango duen eguna, Begiraleak eta Kezkaren emanaldiarekin eta Patxi eta Konpaniaren erromeriarekin.
Begiraleak eta Kezka
Donibane Lohizuneko Begiraleak taldea izango dugu aurtengo dantza talde gonbidatua. Ibilbide luze eta oparoko taldea da, Begiraleak elkartea 1935an sortu baitzen. Hasiera batean antzerki taldea bazen ere, berehala dantza batu zitzaion. Gaur egun hainbat sail ditu elkarteak: musika, kantua, dantza, literatura eta sukaldaritza, besteak beste. 1980ko hamarkadan Betti Bettelu taldeko maisua zelarik dantza-jauziak eta Lapurdiko dantza errepertorioa berreskuratu eta sustatzen aritu zen. Hain zuen Lapurdiko dantza-sorta bat ekarriko du Begiraleak taldeak Eibarrera: Kaskarot martxa, Beteluk sortutako makil-berri eta fandangoa, marmutx eta zapatain, ainhoarrak dantza-jauzia eta bukatzeko Makeako soka-dantza.

Bestalde, Kezka dantza taldeak kostaldeko zenbait dantza eta hiru kontra-dantza eskainiko ditu bere emanaldian. Kaskaroten dantzarekin hasi, kaxakarranka eta Saliña-Saliña zahagi-dantzaren ondoren, Marian Arregiren doinuarekin dantzatutako kadrilea, Auritzeko karrika-dantzaren doinuarekin Argiak egindako kontra-dantza eta Kaleko Argia deritzogun kontra-dantza egingo ditugu.
Erromeria Patxi eta Konpaniarekin
20 urtetik gora dira Patxi Perez-ek Eibarko Euskal Jaiko erromeria gidatzera lehen aldiz etorri zenetik. Ezagutu dugu Tapia eta Leturiakin, Batbirukin eta azken urteotan Konpaniakin. 1990eko hamarkadak Euskal Herriko dantzaldien eredua eraberritu zuen Patxi Perez-ek, dantzaldiak gidatzeko joera zabalduz, errepertoria eraberrituz. Dantza-jauziak hegoaldean zabaltzen lan handia egin du eta Europan era honetako dantzaldietan arrakasta zuten hainbat dantza, hala nola borobila edo txapeloaz adibidez, gurean zabalduz. Patxi Perez-ek dantza gidaritza eta txirula jotzen ditu eta berarekin aritzen dira Jimmy Arrabit bateriarekin, Panpi Gerard eskusoinuarekin eta Mikel Perez arrabita eta gitarrarekin.

Euskal Jaia 2022 Dantza-egunaren programa
Euskal Jai osoaren programa Deportiboko kultura batzordearen atalean daukazue. Hemen berriz, igandeko ekitaldien programa duzu:
Maiatzak 29, igandea
11:00 Dantzarien elkartzea Urkizun
11:45 Kalejira Urkizutik abiatuko da
12:10 Dantza-geldialdia Toribio Etxebarria kalean
12:30 Dantza jaialdia Untzagan
14:30 Bazkaria karpan
17:00 Erromeria Patxi eta Konpainiarekin
19:00 Larrain-dantza
20:00 Larrain-dantza Deportibo aurrean
Dokumentuaren akzioak