Errekatxuko taller txiki batean musika tresna berezi bat eraikitzen jakin zuten 1960ko hamarkada hasieran. Projectors elkarteko Jesus Mari Agirre eta Aitor Alberdiren ekimenez Helmholtz organo eibartarra era askotako musika egiten entzuteko aukera izaten da urtero, eta 2021ean, 60. urteurrena dela eta kontzertu handia antolatu dute San Andres egunean Coliseo antzokian: Mikel Azpiroz eta Elkano Browning Cream, Olatz Salvador, Julian Maeso, Mikel Erentxun, Zaloa Urain, Maite Arroitajauregi “Mursego”, eta kontzertua irekitzen, Juan Luis Agirre organojole eibartarra, Iraide Ansorena eta Quico Pugesek lagunduta eta Kezka dantza taldea dantzan.

Sokan, lotuan eta soltean
60ko hamarkadako soinua dario Helmholtz organoari eta giro horretan kokatu dugu gure dantza saioa: soka-dantzan hasi, soltean eta lotuan segitzeko. Quico Puges-ek txeloarekin gidatuta batu zaizkio Juan Luis Agirre organoarekin eta Iraide Ansorena txeloarekin.

Altsasuko soka-dantzaren doinuarekin eszenaratu dira dantzariak, zubiak egin eta berriz gordera ezkutatzeko.

Quico Puges-en beraren doinuak eta Josu Garaten gidaritza koreografikoarekin, arin-arin, fandango eta kalejirara, soltean zein lotuan, dantzatu dituzte Kezkako dantzariek.

Dantzarietan azken orduko ordezkapenak egin behar izan ditugu eta Josu Garate eta Ainhoa Larrañagarekin batera Jone Lahidalga eta Oier Araolaza aritu dira, ensaiatzen aritu baina emanaldi egunean etxean geratu behar izan diren Eider Agirrebeña eta Luken Aranburu ordezkatuz.