Irekita dago Ikaskoli kanpaina, Gabonetako otarrak erosteko aukera Zuberoako ikastolak laguntzeko. Urteak daramatzagu Eibarko Klub Deportiboko Kezka dantza taldetik Xiberoko ikastolen kanpaina honetan parte hartzen eta aurten ere arituko gara. Bi berritasun izango ditu aurtengo kanpainak: eskaerak Ikaskoliren webgunean bertan egingo dira eta saskiak Eibarko Klub Deportiboan jasoko dira. Azaroaren 28 arte egin daitezke eskaerak.
Saskiak: tokiko produktuak
Zuberoako ikastoletako guraso eta guraso ohiek ekoizten dituzten jakiekin osatzen dira saskiak. Produktore txikien ekoizpenak dira, baserritar, artzain eta ekoizleak, bertako produktuak (gaztaia, ahate gibela, eztia, gozogintza,…) lantzen dituztenak. Hiru saski mota erosi daitezke aurten:

- Ahüzki (40€): Xerriki patea (190g), Ahate gibel berrosatua (125g), Eztia (500g), Bixkotx poltsa artisanala (150g), Ardi gasna (550g)
- Irati (55€): Xerriki patea (190g), Ahate gibel berrosatua (125g), Axoa: xahaki xehatua saltsan (640g), Ezti Olha eztia (500g. Edo hau faltako balitz Bortuko eztia), Bixkotx poltsa artisanala (150g), Ardi gasna (550g)
- Orhi (70€): Ahate gibela (200g), Bixkotx gatzatuak (80g), Lukainka idorra, azafrai erreximenta (250ml. Edo hau faltako balitz Bortuko eztia), gasna (1 kg)
Eskaera egiterakoan Eibar – Kezka dantza taldea hautatu behar da Eibarko Klub Deportiboan, Toribio Etxebarriako 16-1ean dugun egoitzan jasotzeko.
Zuberoako ikastolak
Euskara kinka larrian dago Zuberoan. Babes ofizialik gabe, etxeko transmisioa eteten ari da eta ikastolak euskararen txinparta bizi-arazten ahalegintzen dira. Bi ikastola daude Zuberoan, Alozekoa Basaburuan eta Eperra Pettarrean. Haien sostenguan laguntza handia eskaintzen du saskien kanpainak. Iaz 2200 saski saldu ziren eta horri esker covid19aren ondorioz ikastolei murriztu zitzaizkien diru-laguntzek eragindako arazo ekonomikoei aurre egin ahal izan zitzaien.