Plazan dantzatzeko aukerarik gabe, Coliseo Antzokian emanaldi didaktikoa eskaini genuen 2021eko maiatzaren 30ean, Eibarko Klub Deportiboak antolatutako 56. Euskal Jaiaren programaren baitan. Korrotik pikutara izeneko hitzaldi-dantzatu honetan korroan, borobilean hasi eta egitura koreografikoen bilakaera kontatu eta dantzatu dugu.

Borobiletik sokara
Arrateko kantutegitik jasotako kopla zaharrak irradakan dantzatuz eta kantatuz hasi gara.
Birjiña Arrateko Zeruko lorea, zuri ta enkarnada, graziaz betea.
Arrateko zelaiko bai floridadea, hantxe kantetan dabe ederki Salbea.
Lirio loraz dago Arraten altarea, handixek gora doa zerura bidea.
Zerura gura neuke zerura boladu, aingeruak baleidakez heguak prestadu.

Borobila hautsi gabe, eskuak askatu gabe, dantza-jauzi bat egin dugu, ostalerrak, Gari Otamendik arrabitarekin jo, dantzatu eta markatu diguna. Txulalaik irradaka izateko dituen ezaugarriak ikusi eta dantzatu ondoren, borobila eten da eta sokan aurrendari eta azkendari bat agertu dira.

Jone Lahidalga aurreskulari eta Luken Aranburu atzesku direla desafioa dantzatu dute Jose Migel Laskurainen txistuaren doinura eta Iraide Ansorenaren atabalaren erritmora. Soka korapilotu dugu zubien bidez eta agurra eta Aita San Migel dantzatu diote aurresku-atzeskuek Ane Muguruza eta Jone Saez zerbitzariekin batera gonbidatu paperean egokitu den Maider Altzibarri.


Sokatik ingurutxora
Gorteetan bezala, plaza eta larrainetan, bikote dantzak nagusitu arren borobilean dantzatzeko ohiturari eutsi zitzaion eta horren erakusgarri diren adibide batzuk dantzatu ditugu: ingurutxo bihurtutako polka, bolant-dantza tankera duen ezkotixa, larrain-dantzan ezagun zaigun baltsa. Quico Puges, Adolfo Jainaga, Iraide Ansorena, Jose Migel Laskurain, Gari Otamendi eta Unai Narbaiza musikariek liluratu gaituzte beren musika ederrarekin, eta antzokia betetzen zuten ikusleak inbidiaz bete, hain musika dantzagarria dantzatu ezinagatik.


Bikoteak laukote edo seikote bihurtuta, kontra-dantzen munduari begiratu diogu, bai Marin Marais-en Le Basque kontra-dantzan dantzatuz, bai euskal arku-dantzak eta Nafarroa Beherean dantzatzen diren kontra-dantzak, finean dantza bera direla agerian jarriz.

Zentrifugadorak bere bidean darrai eta laukoteak bikotetan askatuz, korrido eta arin-arinekin iritsi zaigu sakabanatze prozesua azken helmugara, alegia, pikutara.

Musikariak eta dantzariak
Jose Migel Laskurainek jo du txistua, Adolfo Jainagak trikitixa, Quico Pugesek biolontxeloa, Gari Otamendik biolina, Iraide Ansorenak perkusioak eta Unai Narbaizak panderoa. Dantzariak berriz honakoak izan dira: Jone Lahidalga, Ane Muguruza, Luken Aranburu, Maider Altzibar, Uxue Gisasola, Ainhoa Larrañaga, Unai Txurruka, Irune Saez, Jone Saez, Izar Araolaza, Jone Amuategi, Maite Gonzalez, Oihane Llorente, Julene Usobiaga, Josu Garate eta Oier Araolaza, eta azken honek egin ditu esatari-gidari lanak.

