Tenpraren Guarpenaren hiru emanaldi ikusminari erantzuteko

Oihane Puertas eta Idoia Lahidalga, Tenpraren Guarpena aurkezten. Eibar, Portalea, 2021-09-23. Argazkia: Oier Araolaza – Kezka dantza taldea cc-by-sa

Ez genuen aurreikusi Idoia Lahidalgaren eta Oihane Puertasen Tenpraren Guarpena dokumentalak horrelako ikusmina eragingo zuenik. Erronkariren berezko erakargarritasunari, bailara horretako emakumeen lanen oroitzapena, eta bereziki, Lahidalga eta Puertas sortzaile gazteen lana ikusteko nahia gehituta, ikusle erantzun ederra izan da ondorioa. 19:00etarako aurreikusitako emanaldia azkar bete zela ikusita, 20:00etarako bigarren emanaldia ireki genuen, eta hori ere bete zenean, egileen eskuzabaltasunari esker 20:45ean hirugarren pasea eskaini zen: 112 ikusle guztira.

20210923_PortaleaTenprarenguarpena_OA_9211_r.JPG
Trenparen Guarpena. Eibar, Portalea, 2021-09-23. Argazkia: Oier Araolaza – Kezka dantza taldea cc-by-sa

Emakumeen lan ahaztuak

Tenpraren Guarpenak Erronkari ibarreko emakumeek egiten zituzten lanak jartzen ditu kontakizunaren erdigunean. Mendialdeko baso-mutil eta almadiazain gizonezkoen mundua maiz kontatua eta oroitua izan dela kontziente dira egileak eta emakumeen bizi-modu gogorrean egiten zituzten lanetan jartzen dute arreta. Zuberoara espartinak egitera doazen enaren oroitzapena ageri da dokumentalean, baina erdigunean horiek baino lilura gutxiago eragin izan duten bestelako lana, etxe, soro eta garbitokietan egiten zirenak agertzen ditu. 

Bi belaunalditako lau emakumek kontatzen dituztenek osatzen dute narrazioa, eta Erronkari bertako bizi-lagunek eta emakumeek egin zituzten antzezpenekin grabatutako errekreazioekin irudikatzen dira kontakizunean ageri diren lanak. Irudi eta soinu zaindua nabarmentzen da lanean, eta muntaketa erritmo biziarekin doa saltoka kontakizuna lan batetik bestera. 

Tenpraren guarpena
Tenpraren guarpena (2021). Idoia Lahidalga eta Oihane Puertas.

Oroimenaren ariketa

Komunikazio ikasketak aprobetxatu dituztela erakutsiz ongi prestatu eta komunikatutako aurkezpenak egin dituzten Puertasek eta Idoiak emanaldien aurretik, eta galderak erantzuten ere zentzuz eta arrazoiz aritu dira. Galdera eta ekarpenetan zenbaitek aipatu zuen agian emakumeek Erronkarin egiten zituzten lanen antzekoak izango zirela Eibarren eta inguruetan garai horretako emakumeek egiten zituztenak, baina neguaren gorritasuna beste bat izanik mendialdean, ezin konparatu izoztutako errekan erropa garbitzeko lanak Deba ibarrekoekin. Ikusleen artetik ekarpena egin zutenen artean ziren XX. mendean Erronkariko azken euskalduna izan zen Antonia Anauten ondorengoetako batzuk.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude