Arrateko dantzak Kofradia egunean eskainiko ditugu aurten

Arrateko ezpata-dantzaren grabaketa, 2020-09-06. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa

Pandemia tarteko, aurten ere ezingo dugu irailaren 8an bertan ohi dugun moduan Arrateko dantzen sorta zelairatu. Hala ere, kofradia egunean, irailaren 12an, igandean, eguerdiko 13:00ean eskainiko ditugu Arrateko ezpata-dantza eta trokeo-dantzak Arrateko zelaian. Osasun egoera dela eta Eibarko Udalak erabaki du 2021 honetan ere ez antolatzea Arrateko jairik. 2020an ere berdin gertatu zen eta ordukoan ezpata-dantza aurretik grabatu eta irailaren 8an sarean zabaldu genituen irudiak.

Arrate ezpata-dantza 2020
Arrateko ezpata-dantzaren grabaketa, 2020-09-06. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa

Aurten ere ez da festarik izango, baina Arrateko dantzak kofradia egunean, irailaren 12an, igandez eskaintzeko aukera izango dugu. 12:30ean izango da meza Arrateko santutegian eta mezaren ondotik ez da prozesiorik izango, eta beraz, 13:00-13:15 inguruan eskainiko ditugu Arrateko dantzak zelaian, Usartza txistulari taldeak eta Kezka dantza taldeak. Arrateko ezpata-dantza eta trokeo-dantzak (makila txikiena, makila handiena eta brokel-makilena) eskainiko ditugu. 

Arrate ezpata-dantza 2020
Arrateko ezpata-dantzaren grabaketa, 2020-09-06. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa

Neurriak

Arrate jaietan izan ohi duenarekin alderatuta ez-ohiko tankera du egunotan Arrateko zelaiak, txosnarik, oholtzarik ez bestelakorik gabe, belarrak berdetzen ditu inguruak, probalekuko harriak ere estaliz zenbait puntutan. Probatokiaren inguruan aulkiak jarriko dira eta dantza ekitaldia ikusi nahi duenak aulkietan eserita egon beharko du, distantziak eta ezarritako neurriak betez. Eserlekuak ez dira aldez aurretik erreserbatuko; ikusleak iritsi ahala esertzen joan daitezke.

Arrate ezpata-dantza 2020
Arrateko ezpata-dantzaren grabaketa, 2020-09-06. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa

Dantzarien taldea ere azken urteotakoarekin alderatuta apur bat txikiagoa izango da. Azken hamabost urteotan Euskal Herri osoko hainbat dantzari, dantza-maisu eta dantza-lagun gonbidatu ditugu Arratera, gurekin dantzatu eta Arrateko Dantzarien Kofradiako kide izatera. Aurten ordea, iaz bezala, ez da ohorezko gonbidaturik ez eta kanpotik etorritakorik izango eta Kezkako dantzariekin osatuko da taldea.

Arrate ezpata-dantza 2020
Arrateko ezpata-dantzaren grabaketa, 2020-09-06. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa

Arrateko Amaren Dantzak 2021

  • Taldeak: Arrateko Dantzarien Kofradia, Kezka dantza taldea eta Usartza txistulari taldea.
  • Data: 2021eko irailaren 12a, igandea, 13:00etan.
  • Tokia: Arrateko (Eibar) zelaia.
  • Dantzak: Arrateko ezpata-dantza eta trokeo-dantzak
  • Antolatzaileak: Kezka dantza taldea – Eibarko Klub Deportiboa, Arrateko kofradia, Eibarko Udala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude