Abel Iriondo, Arrateko Dantzarien Kofradiako kidea

Abel Iriondo, Arrate, 2006ko irailaren 8an. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC-by-sa

Kolpe latzarekin iritsi zaigu iraila. Abel Iriondo Elortza, dantzari eta dantza-maisu elgoibartarra hil da 54 urterekin. Arrateko dantzarien kofradiako ohorezko kidea, 2006an lehen aldiz gurekin dantzatu zuenetik ia-urtero izan da Arraten. Kezka dantza taldearekin harremana aurretik zuen ordea. 1990 eta 2000ko hamarkadetan San Joan eguneko soka-dantzan hainbat aldiz dantzatu zuen Untzaga plazan eta 1995-96 inguruan dantza irakasle ere aritu zen Kezkan.

Ohorezko gonbidatu bezala jaso zuen Arrateko Dantzarien Kofradiaren domina 2006an eta hamabi aldiz dantzatu du Arraten guztira, bi domina eskuratzeko merituak egin dituen lehen dantzaria izanik. Arraten bere dantzari dohain bikainak erakusteaz gainera, kanturako, festarako eta erromeriarako lagun ezinhobea zela erakutsi digu urtez urte. 

Arrateko dantzak 2006 Ohorezko gonbidatuak
Mikel Legorburu, Abel Iriondo, Lourdes Odriozola eta Jon Lizarralde. Elgoibarko Haritz dantzari taldeko dantzariak Arrateko Dantzarien Kofradiako ohorezko gonbidatuak. Arrate, 2006ko irailaren 8an. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC-by-sa

Arrateko dantzak irailaren 12an aurten

Aurten, pandemia dela eta, kofradia egunean, irailaren 12an eskainiko ditugu Arrateko dantzak Arrateko zelaian. Datozen egunetan eskainiko dugu horren inguruko xehetasun gehiago. Eguna aldatuta hainbat kontu aldatuko dira aurten, baina Abel Iriondok gurekin ez izatea izango da larriena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude