Oihane Puertas eta Idoia Lahidalga, Tenpraren Guarpena aurkezten. Eibar, Portalea, 2021-09-23. Argazkia: Oier Araolaza – Kezka dantza taldea cc-by-sa
Ez genuen aurreikusi Idoia Lahidalgaren eta Oihane Puertasen Tenpraren Guarpena dokumentalak horrelako ikusmina eragingo zuenik. Erronkariren berezko erakargarritasunari, bailara horretako emakumeen lanen oroitzapena, eta bereziki, Lahidalga eta Puertas sortzaile gazteen lana ikusteko nahia gehituta, ikusle erantzun ederra izan da ondorioa. 19:00etarako aurreikusitako emanaldia azkar bete zela ikusita, 20:00etarako bigarren emanaldia ireki genuen, eta hori ere bete zenean, egileen eskuzabaltasunari esker 20:45ean hirugarren pasea eskaini zen: 112 ikusle guztira.
Trenparen Guarpena. Eibar, Portalea, 2021-09-23. Argazkia: Oier Araolaza – Kezka dantza taldea cc-by-sa
Emakumeen lan ahaztuak
Tenpraren Guarpenak Erronkari ibarreko emakumeek egiten zituzten lanak jartzen ditu kontakizunaren erdigunean. Mendialdeko baso-mutil eta almadiazain gizonezkoen mundua maiz kontatua eta oroitua izan dela kontziente dira egileak eta emakumeen bizi-modu gogorrean egiten zituzten lanetan jartzen dute arreta. Zuberoara espartinak egitera doazen enaren oroitzapena ageri da dokumentalean, baina erdigunean horiek baino lilura gutxiago eragin izan duten bestelako lana, etxe, soro eta garbitokietan egiten zirenak agertzen ditu.
Bi belaunalditako lau emakumek kontatzen dituztenek osatzen dute narrazioa, eta Erronkari bertako bizi-lagunek eta emakumeek egin zituzten antzezpenekin grabatutako errekreazioekin irudikatzen dira kontakizunean ageri diren lanak. Irudi eta soinu zaindua nabarmentzen da lanean, eta muntaketa erritmo biziarekin doa saltoka kontakizuna lan batetik bestera.
Tenpraren guarpena (2021). Idoia Lahidalga eta Oihane Puertas.
Oroimenaren ariketa
Komunikazio ikasketak aprobetxatu dituztela erakutsiz ongi prestatu eta komunikatutako aurkezpenak egin dituzten Puertasek eta Idoiak emanaldien aurretik, eta galderak erantzuten ere zentzuz eta arrazoiz aritu dira. Galdera eta ekarpenetan zenbaitek aipatu zuen agian emakumeek Erronkarin egiten zituzten lanen antzekoak izango zirela Eibarren eta inguruetan garai horretako emakumeek egiten zituztenak, baina neguaren gorritasuna beste bat izanik mendialdean, ezin konparatu izoztutako errekan erropa garbitzeko lanak Deba ibarrekoekin. Ikusleen artetik ekarpena egin zutenen artean ziren XX. mendean Erronkariko azken euskalduna izan zen Antonia Anauten ondorengoetako batzuk.
Dantza, musika eta bertso, programa ederra antolatu dute Otxandion Urduri dantza taldeak eta Iurretako dantzariek. Soka-dantza gainbeheran dagoela sumatzen dute Durangaldean eta balioan jartzeko jaialdia antolatu dute irailaren 4an. Pozik hartu dugu gonbidapena Kezka dantza taldean. Zer esanik ez “kartela” ezagutu ahala piztu digun ilusioa: Bermeoko Alkartasuna, Iruñeko Duguna, Iurreta, Durango, Berriz eta Garaiko dantzariak, Gari Otamendi, Carlos Sagi eta Ander Blasco musikariak, Miren Amuriza eta Unai Iturriaga bertsolariak, Josu Zabala musikari eta akuilaria…
Ander Blasco, Gari Otamendi eta Carlos Sagi. Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Oier Araolaza – Dantzan CC by-sa
Plaza eder bat herri dotorearen erdian
Otxandio distiratsu dago. Etxe, kale eta plaza, txukun eta dotore ageri zaizkio bisitariari eta herriaren erdian, udaletxe txiki bezain politaren parean plaza eder-ederra. Eszenatokia, eserlekuak, ingurua hesituta aforoa neurtzeko, soinua…. dena prest dute antolatzaileek iritsi garenerako. Dantzarako atondu, instrukzioak jaso eta prest gaude dantzarako. Hasi da jendea plazara hurbiltzen.
Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Oier Araolaza – Dantzan CC by-sa
Sokaren erregelak
Eserleku asko daude plazan eta zalantza dugu beteko diren, baina antzematen da dantza-jaialdien gosea dagoela eta Otxandio eta hango eta hemengo ikuslez betetzen hasi dira aulkiak. Herrikoez gain Durangaldea, Zarautz, Baztan, Oñati edo Santurtzitik iritsitako dantza-zaleak ezagutu ditugu ikusleen artean. Plaza ia betetzen duten ikusleei Miren Soloeta eta Eneko Abasolo “Abarkas”-en ongi-etorria eskaini ondoren, Bizkaiko gaiteroen pieza batekin hasi da jaialdia.
Bizkaiko gaiteroak, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.
Erregelen deia jo du Alex Agirrebeitia txistulariak eta Durangoko eta Berrizko bina dantzari plazaratu dira. Andoni Urtiagak eta Aritz Lasargurenek dantzatu dituzte aurreskuaren erregelak eta Gorka Otaduyk eta Ixone Aromak atzeskuarenak. Durangaldeko dantza-kode zahar eta konplexua dantzatzeko estilo eta tankeren aberastasuna hasi da plazaratzen.
Erregelak, Berriz eta Durangoko dantzariak, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.Soka-dantza, Berriz eta Durangoko dantzariak, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.Iurreta, durango, Garai eta Berrizko dantzariak. Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Oier Araolaza – Dantzan cc by-sa
Norbanakoa taldean
Talde estilo bateratua eta norbanakoaren nortasuna uztartzeko moduaz lezio paregabea eskaini digu Duguna dantza taldeak eskainitako soka-dantzan. Pandemiak hainbat talde kinka larrian jarri badu ez da hori Dugunaren kasua, belaunaldi gazte eta ederra loratzen ari baita beteranoen sokara eskuz esku helduta.
Soka-dantza, Duguna dantza taldea, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.Soka-dantza, Duguna dantza taldea, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.Soka-dantza, Duguna dantza taldea, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.Duguna dantza taldea. Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Oier Araolaza – Dantzan cc by-sa
Bertsotan ere aurreskua eta atzeskua kontzeptuak erabiltzen direla kontatu zigun behin Eñaut Agirrek. Bidea ireki batek, errematatu besteak, bertsoaren erregeletan duten trebetasunaz gain, euskal dantzarekiko duten gertutasuna agertu dute Miren Amurizak eta Unai Iturriagak, Josu Zabalak soinuaz lagunduta.
Hamar minutuko mugan sartzeko kezkaz aritu gara entseguetan. San Joan eguneko soka-dantzan ohikoa dugun tankeran, eskutik helduta eta elkarri eskutik tiraka egin dugu plazarako sarrera. Maskarapean arnasari buelta emateko astirik gabe dantzatu dute desafioa aurreskuak eta atzeskuak.
Soka-dantza, Eibarko Kezka dantza taldea, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.Soka-dantza, Eibarko Kezka dantza taldea, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.
San Joan zortzikoaren doinura puntu-jolasean aritu gara gero, bakarlarien eta talde osoaren aldairak tartekatuz. Urduri dantza taldeko bi dantzariri agurra eta Aita San Migel dantzatu ondoren zubiri-zubiri atera gara plazatik.
Soka-dantza, Eibarko Kezka dantza taldea, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.Soka-dantza, Eibarko Kezka dantza taldea, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.Soka-dantza, Eibarko Kezka dantza taldea, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.Kezka dantza taldea. Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Jonander
Oinak dantzan, ipurdia geldi
Gari Otamendi, Ander Blasco eta Carlos Sagi, hiru musikari handi, mundua dantzan jartzeko musika armatzat daukatenak. Arrabita, esku-soinu, alboka eta pandero, euskal tradizioko dantza-doinu ederrak eskaini dituzte. Ikusleen oinak eta ipurdiak geldi egon ezin sumatzen ziren, baina sorbalda, esku eta buru baino ezin dantzatu gaurkoan.
Ander Blasco, Gari Otamendi, Carlos Sagi, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.
Bermeoko Alkartasuna dantza taldeak 100 alargunen dantza ekarri du Otxandioko plazara. Itsasoak eramandako arrantzaleen doluz irradakan dantzatzen dira, Thierry Biskariren kantan oinarritutakoa, Uxue Alberdiren hitzak eta Patxi Labordak mazurka erritmora koreografiatuta.
Ehun alargunen dantza, Bermeoko Alkartasuna dantza taldea, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.Ehun alargunen dantza, Bermeoko Alkartasuna dantza taldea, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.Alkartasuna dantza taldea. Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Oier Araolaza – Dantzan cc by-sa
Mazurkaren malenkoniari beste mazurka batek eman dio erreleboa, bigarren hau Gari Otamendi, Ander Blasco eta Carlos Sagi hirukotearen eskutik, eta eserita bada ere, hainbat hanka dantzan ari dira dantza bihurrian.
Erregela bihurriak eta zortziko erregularrak
Durangaldeko erregelen bigarren txandan Garaiko Unai Etxeita eta Eneko Sarrigoitia, eta Iurretako Eñaut Aiartzaguena eta Maitane Totorika aritu dira aurresku eta atzesku lanetan.
Alex Agirrebeitian txistuaren doinura erretiratu dira horiek eta sartu da plazara Otxandioko Urduri dantza taldeko soka. San Pedro zortziko ederra dantzatu dute errementarien omenez.
Soka-dantza, Urduri dantza taldea, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.Urduri dantza taldea, Soka-dantzen ekialdia, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.Urduri dantza taldea, San Pedro zortzikoa, Soka-dantzen ekialdia, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.Urduri dantza taldea. Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Amaiur Aristi – Dantzan CC by-sa
Azken soka, segitzeko bultzada
Segidan jaialdian parte hartu dugun talde guztietako bina dantzarik osatutako sokak hartu du plaza. Bizkaiko gaitarien jo eta guztiek batera dantzatu dituzte jota eta porrua, eta Otxandioko txistularien azken kalejirarekin borobildu da jaialdia.
Otxandioko garbitoki zaharrean prestatu gara dantzariak eta garbitokiaren azpialdean bildu gara dantza-ostean afal-mokadurako. Bai goxotasuna eta berotasuna otxandioarrek eskaini digutena. Dantzari, dantzazale eta musikariz beteta Otxandio, afalosteko giro ederra ez dugu berehalakoan ahaztuko. Dantza-festarik gabeko denboraldi luze eta idorraren bukaera izan ote da Otxandiokoa? Hala bedi.
Erronkari ibarreko emakumeen bizipenak jasotzen ditu Idoia Lahidalga Baglietto eibartarrak (eta Kezkako dantzariak) eta Oihane Puertas Ramirez lasartearrak egin duten dokumental honek “Tenpraren Guarpena” dokumentalak. Belaunaldi ezberdinetako lau emakume, bailarako zenbait herritakoak, bizipen ezberdinekin historia berdina kontatzen. Guarpenari etzau akabatan trenpa (oroimenari ez zaio amaitzen denbora) erronkarierazko esalmoldetik dator izenburua, Tenpraren Guarpena, alegia, denboraren oroimena.
Mondragon Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazio Graduaren amaierako lan modura egin dute Lahidalgak eta Puertasek dokumentala, eta ekainean aurkeztu dute tribunalaren aurrean. Hain zuzen Kimu Berri 1. Saria jaso dute, gradu bukaerako lanaren aurkezpen onenaren saria. Eta ondoren, Erronkaribarrean hainbat aurkezpen eta emanaldi egin dituzte uda honetan.
Tenpraren Guarpena Eibarren
• Data: 2021eko irailaren 23an, osteguna, 19:00etan. • Tokia: Portalea Kultur Etxeko (Eibar) areto nagusian (2. solairua). • Sarrerak: izen-emateak kezka@dantzan.com helbidean edo Kezka dantza taldearen uasapean (605 711 429) • Antolatzailea: Kezka dantza taldea – Eibarko Klub Deportiboa. • Laguntzailea: Eibarko Udala.
Arrateko ezpata-dantzaren grabaketa, 2020-09-06. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa
Pandemia tarteko, aurten ere ezingo dugu irailaren 8an bertan ohi dugun moduan Arrateko dantzen sorta zelairatu. Hala ere, kofradia egunean, irailaren 12an, igandean, eguerdiko 13:00ean eskainiko ditugu Arrateko ezpata-dantza eta trokeo-dantzak Arrateko zelaian. Osasun egoera dela eta Eibarko Udalak erabaki du 2021 honetan ere ez antolatzea Arrateko jairik. 2020an ere berdin gertatu zen eta ordukoan ezpata-dantza aurretik grabatu eta irailaren 8an sarean zabaldu genituen irudiak.
Arrateko ezpata-dantzaren grabaketa, 2020-09-06. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa
Aurten ere ez da festarik izango, baina Arrateko dantzak kofradia egunean, irailaren 12an, igandez eskaintzeko aukera izango dugu. 12:30ean izango da meza Arrateko santutegian eta mezaren ondotik ez da prozesiorik izango, eta beraz, 13:00-13:15 inguruan eskainiko ditugu Arrateko dantzak zelaian, Usartza txistulari taldeak eta Kezka dantza taldeak. Arrateko ezpata-dantza eta trokeo-dantzak (makila txikiena, makila handiena eta brokel-makilena) eskainiko ditugu.
Arrateko ezpata-dantzaren grabaketa, 2020-09-06. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa
Neurriak
Arrate jaietan izan ohi duenarekin alderatuta ez-ohiko tankera du egunotan Arrateko zelaiak, txosnarik, oholtzarik ez bestelakorik gabe, belarrak berdetzen ditu inguruak, probalekuko harriak ere estaliz zenbait puntutan. Probatokiaren inguruan aulkiak jarriko dira eta dantza ekitaldia ikusi nahi duenak aulkietan eserita egon beharko du, distantziak eta ezarritako neurriak betez. Eserlekuak ez dira aldez aurretik erreserbatuko; ikusleak iritsi ahala esertzen joan daitezke.
Arrateko ezpata-dantzaren grabaketa, 2020-09-06. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa
Dantzarien taldea ere azken urteotakoarekin alderatuta apur bat txikiagoa izango da. Azken hamabost urteotan Euskal Herri osoko hainbat dantzari, dantza-maisu eta dantza-lagun gonbidatu ditugu Arratera, gurekin dantzatu eta Arrateko Dantzarien Kofradiako kide izatera. Aurten ordea, iaz bezala, ez da ohorezko gonbidaturik ez eta kanpotik etorritakorik izango eta Kezkako dantzariekin osatuko da taldea.
Arrateko ezpata-dantzaren grabaketa, 2020-09-06. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa
Arrateko Amaren Dantzak 2021
Taldeak: Arrateko Dantzarien Kofradia, Kezka dantza taldea eta Usartza txistulari taldea.
Data: 2021eko irailaren 12a, igandea, 13:00etan.
Tokia: Arrateko (Eibar) zelaia.
Dantzak: Arrateko ezpata-dantza eta trokeo-dantzak
Antolatzaileak: Kezka dantza taldea – Eibarko Klub Deportiboa, Arrateko kofradia, Eibarko Udala.
Abel Iriondo, Arrate, 2006ko irailaren 8an. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC-by-sa
Kolpe latzarekin iritsi zaigu iraila. Abel Iriondo Elortza, dantzari eta dantza-maisu elgoibartarra hil da 54 urterekin. Arrateko dantzarien kofradiako ohorezko kidea, 2006an lehen aldiz gurekin dantzatu zuenetik ia-urtero izan da Arraten. Kezka dantza taldearekin harremana aurretik zuen ordea. 1990 eta 2000ko hamarkadetan San Joan eguneko soka-dantzan hainbat aldiz dantzatu zuen Untzaga plazan eta 1995-96 inguruan dantza irakasle ere aritu zen Kezkan.
Ohorezko gonbidatu bezala jaso zuen Arrateko Dantzarien Kofradiaren domina 2006an eta hamabi aldiz dantzatu du Arraten guztira, bi domina eskuratzeko merituak egin dituen lehen dantzaria izanik. Arraten bere dantzari dohain bikainak erakusteaz gainera, kanturako, festarako eta erromeriarako lagun ezinhobea zela erakutsi digu urtez urte.
Mikel Legorburu, Abel Iriondo, Lourdes Odriozola eta Jon Lizarralde. Elgoibarko Haritz dantzari taldeko dantzariak Arrateko Dantzarien Kofradiako ohorezko gonbidatuak. Arrate, 2006ko irailaren 8an. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC-by-sa
Arrateko dantzak irailaren 12an aurten
Aurten, pandemia dela eta, kofradia egunean, irailaren 12an eskainiko ditugu Arrateko dantzak Arrateko zelaian. Datozen egunetan eskainiko dugu horren inguruko xehetasun gehiago. Eguna aldatuta hainbat kontu aldatuko dira aurten, baina Abel Iriondok gurekin ez izatea izango da larriena.