2020 urte-pandemiko baten dantza-kronika

2021/01/29 09:55

Dantza entsegua, 2020-11-02. Argazkia: Oier Araolaza – Kezka dantza taldea cc-by-sa

Urtea hasi orduko, urtarrilaren 4an dantzan ari ginen, pozik eta itxaropenez beteta, dantzaz betetako urtebete aurretik genuelakoan. Ez genuen sumatzen inoiz imajinatuko ez genuena, dantza, lana, aisia eta bizitza osorik hankaz gora jarriko zuen pandemia handik gutxira zetorkigula. Hain izan da berezia urtea, jaso dugun zartakoa eta gure bizitza eta jarduerak horrenbeste baldintzatu ditu, erreakzionatzeko gai ere nekez izan garela, eta gure sareko txoko honetan ere ohiko kronikarik apenas sareratu dugula. Ez-ohiko urtean beraz, ez-ohiko kronika, urte pandemiko honen laburpena 10 kapitulutan.

1. Hitzen maisua hitzik gabe

  • Urtarrilak 4: Martin Zalakain Gasteizen, Principal Antzokian

Harrera beroa egin zioten arabarrek Martin Zalakainen abentura dantzatuari Gasteizko Printzipal antzokian. Portugaletetik Baionara, Debatik Iruñera, Euskal Herriko hainbat bazterretako dantzariak biltzen gara Argia dantzari taldearen zuzendaritzapean, eta Gasteizen arabar dantzari bat ere izan genuen gure artean.

Debabarreneko dantzariak Martin Zalakain Gasteiz 2020
Kezka (Eibar), Haritz (Elgoibar), Gure-Kai (Deba), Itxaropena (Zestoa) eta Indarra (Gasteiz) dantzari taldeetako dantzariak Argia dantzari taldearen Martin Zalakain ikuskizunaren emanaldian Gasteizen, Printzipal Antzokian, 2020-01-04ean.

Ikusleen artean, arabar dantzazaleekin batera izan ziren musikari, agintari (Lehendakaria eta Arabako Batzar Nagusietako presidentea tarteko) eta idazleak ere, eta hain zuzen hitzen bi artista handirekin, Asun Garikanorekin eta Bernardo Atxagarekin solasteko aukera izan genuen emanaldi bukaeran.

Martin Zalakain Gasteizen Bernardo Atxaga eta Asun Garikano
Mikel Urbeltz, Gari Otamendi, Asun Garikano, Bernardo Atxaga eta Iñaki Arregi. Martin Zalakain ikuskizunaren bukaeran, Gasteizko Printzipal antzokian, 2020-01-04. Argazkia: Oier Araolaza – Dantzan CC by-sa

Ikuskizunak eragindako emozioak eta dantzak eta musikak ebokaziorako duten gaitasunaz ari ginela, une batean, hitzen maisu handia denak, hitzik gabe zegoela aitortu zigun. Ezustean, inoiz jasotako lorerik ederrena jaso genuela sentituz jarraitu genuen trasteak jasotzeko lanarekin. 

2. Zalakain Sarasuaren herrian

  • Urtarrilak 18: Martin Zalakain Elgoibarren, Olaizaga kiroldegian

Marian Arregi eta Jose Inazio Sarasua gogoratuz eta omenduz abiatu zen Martin Zalakain ikuskizuna Elgoibarko Olaizaga kiroldegian. Hain zuzen ere Jose Inazio Sarasuaren ekimenez eta indarrez hainbat folklore jaialdi eder jaso eta bizitako eszenatokian, Haritz Euskal Dantzari Taldearen herrian, Sarasuaren aberrian. 

Haritz dantzari taldeko kideak Martin Zalakain Elgoibarren
Haritz Euskal Dantzari Taldeko hainbat belaunalditako dantzariak Elgoibarren, Martin Zalakain emanaldiaren baitan, 2020-01-18.

Elgoibarko Martin Zalakainen emanaldian Ekaitz Zilarmendi argazkilaria izan genuen gure artean eta erreportaje zoragarria utzi zigun.

Martin Zalakain Elgoibarren
Martin Zalakain, Argia Euskal Dantzari Taldea, Elgoibar, 2020-01-18. Argazkia: Ekaitz Zilarmendi.

Irudietako batzuetan kazuela berean dantzatzen antzematen zaigun bizi-poza uste baino lehenago bukatu zitzaigun.

Martin Zalakain Elgoibarren
Martin Zalakain, Argia Euskal Dantzari Taldea, Elgoiba, 2020-01-18. Argazkia: Ekaitz Zilarmendi.

3. Kokomarruak Zaldibarrera begira

  • Otsailak 15, Koko-dantzak Arrateballen 

Otsaileko bigarren astean, dena prest genuen inauteriak abian jarri eta koko-eske eta koko-dantzak Eibarko baserri eta kaleetan zabaltzeko. Baina otsailaren 6an herriko mugan dagoen Zaldibarko zabortegian luizia gertatu, Sololuze eta Beltran langileak bertan lurperatuta geratu, autopista eten eta Eibar eta Ermuko airean laino toxikoa zabaldu zen. Otsailaren 15eko goizeko 7:30ean Portaleko dantza-gelan geunden, koko-jantziak janzten hasteko prest, baina zer egingo genuen erabakitzeke.

Koko-dantzak 2020 hasi aurreko bilera
Koko-dantzak kaleratu ala ez erabakitzeko bilera, 2020-02-15. Argazkia: Fernando Retolaza.

Bezperan, otsailaren 14an, Eibarren eta Ermuan kanpoan kirolik ez egiteko eta etxeetako leihoak itxita mantentzea aholkatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Egoera aztertu eta iritzi-trukea egin ondoren, baserrietako koko-eskea mantendu eta arratsaldeko herriko kalejira bertan behera uztea erabaki genuen. Jantzi, argazkia egin San Andres parrokiaren atarian, merkatu plazan zeuden baserritar gutxiei bisita eta lehen dantza eskaini eta abiatu ginen.

Koko-dantzak 2020 talde argazkia eliza aurrean
Koko-dantzak, talde argazkia hasieran, 2020-02-15. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC-by-sa

Bi taldetan antolatuta, Arrateballeruntz eta Gorostaruntz abiatu ginen. Talde bat Arrate azpian dagoen Gaztelu baserriraino eraman eta handik behera jaisten hasi ziren dantzan, kantuan eta eskean: Arizmendiguena, Arizmendi, San Juangua, Zelaikoa, Untzeta, Agiñao-azpi, Agiñao-gain, Guenetxe, Narru, Erdikoa, Aretxitagoitikoa, Barrundi, Iñarra, Mendigoiti, Lezeta.

Koko-eskea 2020
Koko-dantzariak eta kokomarruak Eibarren, Untzeta baserrian, 2020-02-15. Argazkia: Fernando Retolaza – Kezka dantza taldea CC by-sa.

Asola Berri soziedadean hamaiketako ederrarekin indarberrituta jarraitu genuen Sumendixa goikora eta behekora. Bitartean, bigarren taldeak ere gorantz jo zuen baina Gorosta alderantz lehenengo: Mugitza, Pagolatxabola, Gorostabeletxe, Gorostagainekoa, Gorostabeña, Gorostazpikoa, Zestero, Kantabria eta hortik jaisten Itsaso, Maapilla, Zezeil, Ezkaregi-Errota eta Lezetaabeletxe.

Koko-eskea 2020
Koko-dantzak, Arraguetako Ama Birjina eta Batista Kojua, 2020-02-15. Argazkia: Fernando Retolaza – Kezka dantza taldea CC by-sa.

Bi taldeak batuta iritsi ziren Lazaretora eta bertan egin genuen azken emanaldia elkarrekin.

Koko-dantzak musikariak 2020
Koko-dantzetan aritutako musikari taldea: Iraide Ansorena, Unai Txurruka, Jose Migel Laskurain, Eneritz Aranburu, Adolfo Jainaga, Unai Narbaiza eta Andoni Urbieta. Eibar, 2020-02-15. Argazkia: Fernando Retolaza – Kezka dantza taldea CC by-sa.

Hor bukatu ziren 2020ko koko-dantzak. Arratsaldeko kalejira bertan behera geratuta koko-jantziak erantzi eta gordetzeko ordua iritsi zen. Gutxi espero genuen une horretan hori izango zela 2020an ohiko modura zerbait hurbilduta egingo genuen azken ekitaldia. 

Koko-eskea 2020
Koko-dantzariak eta kokomarruak Eibarren, 2020-02-15. Argazkia: Fernando Retolaza – Kezka dantza taldea CC by-sa.

Fernando Retolazak egindako argazki gehiago hemen: Koko-dantzak 2020 [argazkiak]

4. Bertan Behera

Eibarren 30 urtez kaldereroak plazaratu ditugu karnabaletan. Zaldibarko zabortegiaren isuriak zirela eta inauterietako programa osorik bertan behera uzteko aukera aurreratu zigun udalak. Guk ere egoera baloratu eta kaldereroak ez ateratzea erabaki genuen. Udalari jakinarazi genion erabakia. Azken orduan udalak ekitaldi batzuk mantentzea erabaki zuen eta ofizialki jakinarazi zuen kaldereroak mantenduko zirela. Otsailaren 21ean, karnabal barikuan, udalak kontratatutako txaranga atera zen eta kalejiran parte hartu ohi duten 8-9 elkarteetatik bateko dozena erdi kidek parte hartu zuten bertan.

Otsailean Txinatik zetorren birusaren soinuak gero eta ozenagoak ziren. Baina martxora sartu orduko alarmak pizten hasi ziren eta martxoaren 13tik aurrera bertan behera izan ziren egutegian gehien errepikatu ziren hitzak. 

Covdi19 pandemiaren ondorioz Bertan behera geratutako batzuk

  • Martxoak 14, larunbata: Martin Zalakain Zornotzan.
  • Apirilak 25, larunbata: Martin Zalakain Deban.
  • Maiatzak 4, igandea: soka-dantza Santa Kurutz auzoan.
  • Maiatzak 23, larunbata: Martin Zalakain Beasainen.
  • Ekainak 12, ostirala: Eibarko Dantzari Eguna. 
  • Irailak 12, larunbata: Martin Zalakain Hondarribian.
  • Urriak 24, larunbata: Martin Zalakain, Astigarragan.
  • Azaroak 1, igandea: Mendi-kultura jaialdia Kalamua-Arraten.
  • Azaroak 30, astelehena: Plazara Dantzara dantzaldia.
  • Abenduak 26, larunbata: Martin Zalakain Donostian, Victoria Eugenian.

Martin Zalakain ikuskizunaren urtea ia-osorik hankaz gora joan da. 

Martin Zalakain 2020 egutegia egindakoak eta bertan behera geratutakoak

5. Dantza-konfinatuak

Konfinamenduan etxetik dantzan jarraitzeko ahaleginak ugariak izan dira. Dantzan.eus-en “Eutsi dantzan” bideo-tutorialak baliatu genituen hasieran. Gero taldeko bideo-deietan aritu gara entseguak egiten, horrek dituen zailtasunak eta mugak ondo ezagutzeraino: etxe bakoitzeko sukaldeko, egongela edo pasilloetako tamainak, soinua eta irudiaren sinkronizazio/ez-sinkronizazioak, e.a.

Kezka entsegu telematikoa konfinamenduan 2020
Kezka, entsegu telematikoa konfinamenduan 2020-04-29.

Entsegu telematikoez gain, beste mota bateko dantza-jardunak ere egin ditugu pantailen-dantzan. Adibidez, Saray Garzia dantzari profesional eibartarrarekin tailer bat egin genuen maiatzaren lehen egunetan.

Kezka bideo-tallerra Saray Garzia  2020
Dantza garaikide tallerra Saray Garziarekin konfinamenduan 2020-05-04.

Eta entsegu telematikoen desabantaila guztien artean aukera positibo txiki bat ere bazela ohartuta, distantzia fisikoaren ondorioz normalki egiten ez dugun moduko bi talderen arteko entsegu konpartituta egin genuen, Iruñeko Duguna dantza taldearekin batera.

Kezka-Duguna dantza-entsegu telematikoa konfinamenduan 2020
Kezka eta Duguna dantza taldeen arteko entsegu-telematiko konpartitua konfinamenduan, 2020-05-20.

6. Dantza-maskaratuak

2020a iritsi arte dantza-maskaratuak beste zerbait ziren. Inauteriekin lotzen genituen. Baina urte honetan inauterietatik kanpo ere aritu gara maskarekin dantzan.

  • Maiatzak 31, igandea: Euskal Jaiaren usaina airean

Maiatzean, Euskal Jaia osorik bertan behera geratuta, talde txikietan antolatuta herriko kale eta plaza batzuk dantzaz eta musikaz girotzen aritu ginen.

Eibarko Euskal Jaia 2020
Euskal Jaiari keinua pandemia garaian Eibarren, 2020-05-31. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC-by-sa

Lau talde antolatu genituen, bakoitzak bere musikari taldearekin: Elgoibarko gaitari gazteak, Jainaga eta Narbaiza trikitilariak, Usartza txistulariak eta Kezkako txistulariak. 

Eibarko Euskal Jaia 2020
Euskal Jaiari keinua pandemia garaian Eibarren, 2020-05-31. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC-by-sa

Euskal Jaia antolatzen duen Eibarko Klub Deportiboko kultura batzordearen laguntzarekin, plaza eta kale nagusietatik ihesi, auzo eta bazterreko plazetara jo genuen, distantziak mantenduz eta jendea biltzen hasi aurretik bukatu eta alde egiteko moduko emanaldi laburrak eskainiz.

Eibarko Euskal Jaia 2020
Euskal Jaiari keinua pandemia garaian Eibarren, 2020-05-31. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC-by-sa

Kaleko dantza emanaldi ibiltariak debekatu aurreko egunak ziren. 

Eibarko Euskal Jaia 2020
Euskal Jaiari keinua pandemia garaian Eibarren, 2020-05-31. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC-by-sa

Felipe Loiolak egindako argazki gehiago hemen: Euskal Jaia Eibarren 2020 [argazkiak]

7. Dantza-bideo-emankizunak uda aurretik

Ekaina etorri zen, baina gure dantza eskolako urteko emanaldi nagusia izaten den Dantzari Eguna ez ginen planteatzera ere iritsi. Soka-dantza kalez kale egiteko proposamena egin genuen, karrika-dantza bat. Baina ezezkoa jaso genuen. Horren ordez antzokian dantzatu eta bideoz zabaltzeko aukera sortu zen.

  • Ekainak 24, asteazkena: San Joan soka-dantza Coliseo antzokian

San Joan eguneko soka-dantza ere, 1994tik etenik gabe Untzaga plazan dantzatu duguna airean zegoen. Azkenean Coliseo antzokian, kameren eta ikusle gutxi batzuen aurrean egiteko aukera sortu zen.

San Juan soka-dantza 2020 Eibar
San Juan eguneko aurreskua edo soka-dantza Kezka dantza taldea eta Usartza txistulari taldearekin, osasungileen omenez, Eibarren, Coliseo Antzokian, 2020-06-24. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa

Urtero soka-dantzan izaten ditugun omenduak pandemiari aurre eginez lanean zebiltzan osasun-langileak izan ziren.

San Juan soka-dantza 2020 Eibar
San Juan eguneko aurreskua edo soka-dantza Kezka dantza taldea eta Usartza txistulari taldearekin, osasungileen omenez, Eibarren, Coliseo Antzokian, 2020-06-24. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa

Eserlekuetan osasun alorreko bailarako ordezkari nagusiak eta sokan gertuko bi dantzari, mediku eta erizain. Lehengoez gainera Covid19 gaixoak artatzea egokitu zaienak urte berezi honetan: Txindurriko Iratxe Odriozola dantzari eta txistulari ermuarra eta Haritzeko Ane Astigarraga dantzari elgoibartarra.

San Juan soka-dantza 2020 Eibar
San Juan eguneko aurreskua edo soka-dantza Kezka dantza taldea eta Usartza txistulari taldearekin, osasungileen omenez, Eibarren, Coliseo Antzokian, 2020-06-24. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa
San Juan soka-dantza 2020 Eibar
San Juan eguneko aurreskua edo soka-dantza Kezka dantza taldea eta Usartza txistulari taldearekin, osasungileen omenez, Eibarren, Coliseo Antzokian, 2020-06-24. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa
San Juan soka-dantza 2020 Eibar
San Juan eguneko aurreskua edo soka-dantza Kezka dantza taldea eta Usartza txistulari taldearekin, osasungileen omenez, Eibarren, Coliseo Antzokian, 2020-06-24. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa

Felipe Loiolak egindako argazki sorta zabalagoa hemen: San Joan soka-dantza 2020 [argazkiak]

8. Dantza-bideo-emankizunak uda ostean

Uda ostean beste ikasturte bat hasi eta pandemia atzean utzita normaltasunera itzultzeko itxaropenak berehala uxatu zituen covid19 birusak. Lehen lepotik burua ekarri zigun irailak eta Arrateko jairik gabe Arrateko Dantzak bideo-enlatatu beharrean aurkitu ginen. 

  • Irailak 5, larunbata: ezpata-dantzan grabaketa Arraten

Ohiko formatuan Arrateko ezpata-dantzarik izango ez zela onartuta, bideoa grabatzeko aukera izan genuen, eta Idoia Lahidalgaren ikus-entzunezko aginduetara eta Jose Antonio Roigeren airetiko begiradapean jarri ginen, urte berezi honetan ezpata-dantzaren oroitzapen berezia gordetzeko asmoz.

Arrate ezpata-dantza 2020
Arrateko ezpata-dantzaren grabaketa, 2020-09-06. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa

Usartza txistulari taldetik Enrike Montero, Asier Castelos, Iratxe Gimenez eta Iñaki Orbegozo izan genituen musikari lanetan, eta dantzariak, berriz, Ane Muguruza, Jone Amuategi, Garoa Magunazelaia, Jokin Hazas, Ane Sarasketa, Maialen Araolaza, Julene Usobiaga, Enrike Izagirre, Anartz Fernandez, Igor Baroja, Maddi Sarasua, Peru Alberdi, Maddi Alberdi, Maite Gonzalez, Egoitz Blanco, Miren Hazas, Oihane Llorente, Josu Garate, Jone Saez, Esther Kareaga, Maitane Fariñas, Joseba Aranzabal, Olaiz Agirrebeña, Harkaitz Urreta, Oier Araolaza, Ander Garitagoitia, Ainhoa Larrañaga, Luken Aranburu eta Jone Lahidalga. 

Arrate ezpata-dantza 2020
Arrateko ezpata-dantzaren grabaketa, 2020-09-06. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa

Ez ohiko egoera, ez ohiko irudiak; Arrateko zelai eta ingurune berde eta hutsetan ezpata-dantzariak eta txistulariak erakusten dituzten irudi bereziak utzi baitizkigu Felipe Loiolan begiradak.

Arrate ezpata-dantza 2020
Arrateko ezpata-dantzaren grabaketa, 2020-09-06. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa

Lau lerroko ezpata-dantza bi taldetan banatuta aritu ginen ezpata-dantzarien arteko distantziak bermatu ahal izateko.

Arrate ezpata-dantza 2020
Arrateko ezpata-dantzaren grabaketa, 2020-09-06. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa
Arrate ezpata-dantza 2020
Arrateko ezpata-dantzaren grabaketa, 2020-09-06. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa
Arrate ezpata-dantza 2020
Arrateko ezpata-dantzaren grabaketa, 2020-09-06. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa
Arrate ezpata-dantza 2020
Arrateko ezpata-dantzaren grabaketa, 2020-09-06. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC by-sa

Felipe Loiolak egindako argazki gehiago hemen: Arrate ezpata-dantza 2020 [argazkiak]

Idoia Lahidalga eta Jose Antonio Roigek egindako bideoa hemen:

https://dantzan.eus/bideoak/arrate-2020-ezpata-dantza/embed

9. Dekretu artean dantzan

Dekretuak irakurri, arau berriak aztertu, haietara egokitutako berrantolaketak egin eta berriz hasierara, dekretuak irakurri,… Horrela gabiltza irailetik. Lauzpabost astetik behin dena berraztertu behar eta neurri berrietara egokitu behar: protokoloa egin, protokoloa aldatu, protokolo berritu; orain aforoa murriztuta, gero leihoak eta ateak irekita, orain musukoarekin, gero musukoa eta taldea murriztuta, orain distantziarekin, gero distantzia, CO2 neurgailua, hidrogela eta errepertorioa berriz aldatuta. Entseguetarako lokal handiago bat alokatu eta egokitzen jardun gara azken hilabeteetan, Portaleko ohikoa txikia eta motza geratu baitzaigu neurriak betebeharrarekin. 

Kezka entsegua 2020-11-02
CO2 neurgailua Kezka dantza eskolan, Eibar, 2020-11-02. Arg.: Oier Araolaza – Dantzan CC by-sa

Pandemiak kinka larrian jarri du dantza. Entsegu bakoitzak azken entsegua izan daitekeelakoan ari gara dantzan. Biharamunik ez balego bezala dantzan. Entseguetan baino, entseguak egin ahal izateko antolaketa lanetan pasa zaizkigu hilabeteak. Eutsi! esaten du jendeak eta hori egiten saiatu gara: Eutsi dantzan!

https://dantzan.eus/bideoak/dantza-eskolen-osasun-onurak-etb1/embed

Ohiko dantza-emanaldirik egiteko aukerarik ez dugu izan. Baina han hemen, parte hartze txiki batzukin lanpetuta izan gara urte bukaeran ere bai.

  • Irailak 8, asteartea: Diasporaren aurreskua Omaiztegin.

Guretzat Arrate eguna den irailaren 8an ospatzen da Euskal Diasporaren Eguna. Aurten Arrate egunean Arratera joateko aukerarik ez eta diasporaren eguneko ekitaldian antolatu zen aurreskuan parte hartzeko aukera izan genuen.

Diasporaren aurreskua
Diasporaren aurreskuan dantzatzen, Ormaiztegin, 2020-09-08. Argazkia: Josu Garate – Dantzan CC-by-sa

Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako zuzendaritzaren eskariz diasporaren aurreskua koordinatu zuen Dantzan elkarteak eta hango eta hemengo dantzariek osatutako soka horretan izan ziren euskal ordezkari Miren Hazas dantzaria eta Jose Migel Laskurain txistularia, Gari Otamendi añorgarrarekin batera. 

https://dantzan.eus/bideoak/diasporaren-aurreskua-2020/embed
  • Urria: Kezkako argazkien erakusketa Eibarko Klub Deportiboan

Eibarko Klub Deportiboko Argazkilaritza taldearen eskutik, Kezka dantza taldearen argazki-erakusketa izan da ikusgai Deportiboan bertan. Azken hiru urteotan Kezkak egindako dantza-ekitaldietako argazkien hautaketa jaso du erakusketak. 

Kezka argazki erakusketa Eibarko Klub Deportiboan 2020
Kezka dantza taldearen argazki erakusketa Eibarko Klub Deportiboan, 2020-09-30.
  • Urriak 21, asteazkena: Ilustrazioa eta dantza, Bergarako Laboratorium museoan

Dantzak eta ilustrazioa nola elkartu ziren Euskal Herrian azaltzeko hitzaldi-dantzatua eskaini genuen Bergarako Laboratorium museoan, eta Bergarako Musika Eskolako ikasleekin batera, Quico Puges musikari katalandar-eibartartua, eta Ainhoa Larrañaga eta Oier Araolaza dantzariak aritu ginen soka-, arku- eta kontra-dantza batzuk eskainiz azalpenen osagarri.

Bergara Laboratorium dantza ilustrazioan
Dantza ilustrazioan hitzaldi-dantzatua Oier Araolaza eta Quico Puges-ekin Bergarako Laboratorium-en, 2020-10-21.
  • Abenduak 3, osteguna: Roberto Perezi omenaldia Burgoseko epaiketaren urteurrenean

Frankismoaren amaieraren hasiera irudikatzen duen Burgosko epaiketa gertatu zela 50 urte bete diren honetan, horren inguruko ekitaldia antolatu zen Eibarko Coliseo Antzokian eta bertan, epaiketaren aurreko manifestazioan parte hartzen ari zela poliziak hil zuen Roberto Perez gazte eibartarrari eskainitako omenaldia agurra dantzatu zuen Kezkako Ane Muguruza dantzariak, Andoni Altzibar, Josu Agirre eta Iñaki Barua musikarien txistu eta danbor doinura.

Roberto Perezi omenaldia
Burgozko prozesuaren 50. urteurrenean, Roberto Perez-i omenaldia Eibarko Coliseo antzokian, 2020-12-03. Argazkia: Gorka Errasti.
  • Abenduak 9, osteguna: Victoria Eugenia, Donostia, Xabier Leteren omenaldia

 Xabier Lete zendu zela 10. urteurrena gogoan hainbat ekitaldi antolatu dira eta horien artean zen abenduaren 9an Donostiako Victoria Eugenian egindako ekitaldia, idazle, musikari eta dantzarien parte hartzearekin. Ez dok Amairuren garaian Baga, Biga, Higa sentikarian sortzaile guztiak mutil-dantzaren doinura eszenaratzen ziren dantzaldia gogoan, Argia dantzari taldearen eskutik eszenaratu zen mutil-dantzan izan ginen Kezkako zenbait ordezkari.

Ni Lete naiz
Mutil-dantzak Ni Lete naiz ekitaldian, Victoria Eugenia antzokia, 2020-12-09.
  •  Abenduak 9, osteguna: Urpekarien urteurrena eta bultzatzaileei omenaldia

Urtea hasi bezala, Eibarko Klub Deportiboko urpekarien batzordearen 50. urteurrena ospatuz bukatu zen guretzat, eta batzorde horretan urte guzti hauetan bultzaka aritu diren Arrate Eraso eta Javier Escuderori eskaini zitzaien omenaldian agurra dantzatu zuen Jone Lahidalgak, Andoni Altzibarren txistuaren eta Iñaki Baruan atabalaren doinura.

Eibarko Klub Deportiboko Urpekarien sailak 50 urte
Aurreskua Eibarko Klub Deportiboko Urpekarien batzordearen antolaketan 50 urtez aritutako Arrate Eraso eta Javier Escuderori, Coliseo Antzokia, Eibar, 2020-12-09.

10. Zapaltzen dugun lur-zorua

Irailean ikusi genuen Portalea Kultur Etxean erabiltzen dugun dantza-gela “txiki” geratu zitzaigula. Batetik, talde txikiagoetan aritzeko bigarren gela bat beharko genuelako. Bestetik, talde handiagoetan aritzeko metro karratu gehiago behar genituelako. Kultur Etxe alboan libre zegoen lokal bat ikusi eta alokatu egin genuen. Kezka Garajea deitzen diogu orain beste espazio honi, garajeetan erabiltzen den moduko atetzarra baitu eta hori goraino altxatuta aritzen garelako bertan aire zirkulazio egokia bermatzeko.  

Kezka garajea lurra jartzen
Egurrezko lur-zorua jartzeko lanak Kezka Garajean, 2020-12-05. Argazkia: Oier Araolaza – Kezka dantza taldea CC-by-sa.

Kalearen alturan egonik eta atea zabal zabalik, entseguan ari garela espaloitik pasatzen diren herritarrak ezin saihestu barrura begiratzea eta dantzan dabilen taldearekin harritzea. Auzoko bizilagun batzuk agurtu gaituzte entseguetan eta baita txalotu eta eskertu ere, auzoari alaitasuna, musika, bizitasuna, dantza ematen diogulakoan.

Kezka garajea lurra jartzen
Egurrezko lur-zorua jartzeko lanak Kezka Garajean, 2020-12-05. Argazkia: Oier Araolaza – Kezka dantza taldea CC-by-sa.

Lurra gogorra du baina Kezka Garajeak eta dantzarako egokitu beharra ikusi dugu. Horrela, aislantea eta egurrezko geruza jarri diogu 2020an eta linoleoa 2021ean.

Kezka garajea lurra jartzen
Egurrezko lur-zorua jartzeko lanak Kezka Garajean, 2020-12-05. Argazkia: Oier Araolaza – Kezka dantza taldea CC-by-sa.

Tarte bat hartzen badugu sarrera bat egingo dugun lurra dantzarako egokitzeko egin ditugun hobekuntza lanak azalduz. Oraingoz lehen ekinaldiko argazkiekin utziko dugu.

Kezka garajea lurra jartzen
Egurrezko lur-zorua jartzeko lanak Kezka Garajean, 2020-12-05. Argazkia: Oier Araolaza – Kezka dantza taldea CC-by-sa.
Kezka garajea lurra jartzen
Egurrezko lur-zorua jartzeko lanak Kezka Garajean, 2020-12-05. Argazkia: Oier Araolaza – Kezka dantza taldea CC-by-sa.

Dantza kinka larrian jarri duen urte berezi honetan dantzan jarraitzeko ilusio eta gogoa ez ditugula galdu erakusteko, hona hemen dantzan jarraitzeko gure oinei egokitu diegun lur-zorua.

Kezka garajea lurra jartzen
Egurrezko lur-zorua jartzeko lanak Kezka Garajean, 2020-12-05. Argazkia: Oier Araolaza – Kezka dantza taldea CC-by-sa.
Kezka garajea lurra jartzen
Egurrezko lur-zorua jartzeko lanak Kezka Garajean, 2020-12-05. Argazkia: Oier Araolaza – Kezka dantza taldea CC-by-sa.
Kezka garajea lurra jartzen
Egurrezko lur-zorua jartzeko lanak Kezka Garajean, 2020-12-05. Argazkia: Oier Araolaza – Kezka dantza taldea CC-by-sa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude