Entsegu bakoitza tarte baterako azkena izan daitekeen sentipenarekin ari gara bizitzen. Baina ari gara. Dantza osasuna dela sinesten badugu, nola utziko diogu dantzatzeari osasunaren izenean? Gakoa neurriak hartzean datzala sinetsita gaude, dantzari eutsi, baina babes neurri guztiak beteta. Dantzan kutsatze arriskua ahalik eta txikiena izatea da helburua, beraz, arauak betetzeaz gainera, ahalik eta modurik seguruenean aritzeko neurriak hartzea. Hauxe da guk egin duguna:
- Espazio handiago bat alokatu dugu, talde handiak zatitzeko eta bertan elkarren artean distantzia handiagoa bermatzeko.
- Protokoloa ezarri dugu, gehienezko edukiera, sarreran gel hidroalkoholikoarekin garbiketa, distantziak, e.a. guztiak zehaztuz.
- Maskarak darabiltzagu jarduera osoan. Badakigu zenbait testuingurutan intentsitate handiko gorputz ariketa egiterakoan baimenduta dagoela maskara kentzea, baina ez dago argi dantzan hori baimenduta dagoen, eta gainera, ez du zentzurik arrisku handieneko unean ―arnasketa areagotzen zaigunean― maskara kentzeak. Babes-neurriez ari bagara, hain zuzen ere une horietan da beharrezkoena musukoa jantzita izatea.
- Aireztapen oso ona dugula ziurtatu dugu. Espazio berriak atetzarra du eta osorik altxatzen dugu, eta kalera ematen duten beste bi ate ere irekita izaten ditugu. Gainera altura handia du lokalak, 5 m inguru. Dantza-gela ongi aireztatzen dela ziurtatzeko CO2 neurgailua darabilgu. Neurgailuak 800 ppm-ko langa gainditzen ez duen bitartean adierazten digu gela ongi aireztatzen ari dela. Kopuru horretara iritsiko balitz entsegua bertan behera utziko genuke. Atzo, entsegua hasi aurretik 415 ppm markatzen zituen CO2 neurgailuak. 15 dantzari ordubetez gorputz ariketa bizian aritu ondoren daturik altuena 587 izan da.

Dantza taldea dantza eskolan
Araudiek ez dute dantza taldeez hitz egiten. Dantza jarduera kirolaren ala hezkuntza ez-arautuaren zakuan sartu behar zen erabaki ezinda ibili gara, baina Kezkaren dantza eskola osoa ―ume eta heldu artean 15 talde― hezkuntza ez-arautua dela kontuan hartuta, eta dantza taldearen jarduera dantza eskolakoaren oso antzekoa denez ―irakasle batek gidatzen ditu entseguak eta dinamika dantza eskolako ikasgelen ia-berbera da―, ba erabaki dugu dantza taldea dantza eskolan integratzea. Beraz, dantza taldeko kide guztiok matrikula orriak bete ditugu eta ikasturte honetan dantza eskolako beste ikasgela bat izatera pasatu gara.
Eusko Jaurlaritzaren urriaren 26ko dekretuan, arautu gabeko prestakuntza-zentroak aipatzen ditu 8. puntuan eta bertan dioenez, horietan ikasketa-jarduera “presentziala izan ahal izango da, gehienez ere 25 pertsonaren mugara bitarte. Beharrezko neurriak ezarri beharko dira instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa den”. Horixe da beraz, aplikatzen ari garen araubidea.

Azken dantza hau
Agian bihar bukatuko dira gure entseguak. Agian etzi. Nietzschek esana da galdutzat eman beharko genukeela dantzatu ez garen egun bakoitza. Dantza gaitezen bada, biharamunik ez balego bezala.ERLAZIONATUTAKO ELEMENTUAKCO2 neurgailua, dantza-gelako airearen egoera ezagutzeko tresnaEta orain zer?Dantza kinka larrian jarri du pandemiakDantzarako protokoloa