
Plazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose Valderrey
Festarik gabeko San Andres tristeak dira hauek. Eibarko plazak eta kaleak jendez beteta, baserritarren azoka ederra, talo eta txistorra usaina, musika eta dantza, festa eta bizipoza izan ditugun festa falta zaigu aurten.

Kezka dantza taldeak Plazara Dantzara erromeria ospatu dugu San Andres egunez azken 27 urteotan. Egia da euriaren ―euriteen esan beharko genuke, demasak izan baitira urte batzuetan― eraginez, behin baino gehiagotan bertan behera utzi behar izan dugula dantzaldia, edo euripean saio laburragoak egin behar izan ditugula, baina baserritar jantziak soinean, gehiago edo gutxiago, plazan ala tabernaren aterpean, urte guztiotan inoiz ez da falta izan musika, dantza eta festa. Aurten arte. 2020. A zelako urtea!

Atzera begira
Besterik ezin egin eta aprobetxatu dezagun ba atzera begiratzeko eta Plazara Dantzara nola abiatu zen gogoratzeko. 1993. urtea zen. Eibarko zenbait dantzari ―Aresatz Usobiaga, Virginia Andres, Enrike Izagirre, Roberto Altzerreka, Oier Araolaza,…― Elgoibarko Haritz dantzari taldearen entseguetara joaten hasita geunden, bertako zuzendari Jose Inazio Sarasua eta dantza-irakasle Lurdes Odriozolarekin gure dantzaren-ezagutza eta funtzionamendu modua hobetzeko asmoz.

Bertan elgoibarko dantzari belaunaldi harrigarri bat ―Nerea Lariz, Jon Lizarralde, Edurne Odriozola, Abel Iriondo, Garbiñe Gorostiaga, Mikel Legorburu, Arantza Aginako, Kastor Otaegi, Ainhoa Larrañaga, Asier Gorriti,…― ezagutu genuen.

Horrez gain, Debako Gure-Kai taldea eta bertako dantzariekin ―Andoni Iriondo, Nekane Goikoetxea, Iñaki Elosua,…― ere topo egin genuen, gure antzera babes bila Elgoibarrera jo zutenak.

Haritz eta Gure-Kai dantza taldeek, Gabon Zahar eta Soro eguneko ferietan Plazara Dantzara Izeneko erromeria martxan jarrita zuten bi urte lehenago eta Kezka dantza taldea ere gonbidatu “zirkuituan” sartzera.


Horrela, 1993ko azaroaren 27an, larunbatez, San Andres egunari aurre hartuz, Eibarko lehen Plazara Dantzara erromeria antolatu genuen Eibarko Udalaren laguntzarekin.


Jainaga eta Narbaiza trikitilariak eta Elgoibarko udalaren txistulari taldea arduratu ziren musikarekin.

Fandangoa, arin-arina, kalejira, dantza-jauziak, polka, balts eta rantxerak, eta Iribasko ingurutxoa zein Imotzeko esku-dantza dantzatuz.


Jose Valderrey-ren argazki sorta eder honetan ongi antzematen da Plazara Dantzarak dantzaren bidez Untzagan jarritako festa eta giroa.


