San Juan soka-dantza Coliseo antzokitik sarera eskainiko da

Soka-dantzaren entsegua, 2020-06-10. Argazkia: Idoia Lahidalga.

Normalitate berria deitzen den honetan dantza eta festak ez dira lehengo tokira itzuli oraingoz. San Juan egunean Eibarren dantzatu ohi dugun soka-dantza Coliseo antzokian egingo dugu eta Eibarko Udalak bere kanalaren bidez zuzeneko emisioan sareratuko du dantza saioa ekainaren 24an, 20:30ean. Coliseo antzokian bertan ikusteko 90 sarrera-gonbidapen jarriko ditu herritarren eskura Eibarko Udalak eta gaur bertan joan daiteke Coliseoko txarteldegira sarrerak eskatzera.

25 urte ondoren

Egoera berezia eta aldaketa handiak dira aurtengo San Juan eguneko aurreskuarenak, baina gora-beheraz eta aldaketaz betetako ibilbidea izan du. Iaz 25 urte bete ziren San Juan eguneko aurreskua berreskuratu zutenetik Usartza txistulari taldeak eta Kezka dantza taldeak Eibarko Udalarekin. 1994ko ekainaren 24an berpiztu zen aurreskua San Juan egunean, eta hain zuzen aurretik beste 25 urte inguru eginak zituen lokartuta.

Eibar soka-dantza San Juan 1994
Aurreskua edo soka-dantza Eibarren, San Juan egunez, 1994-06-24. Argazkia: Jose Valderre – Kezka dantza taldea cc by-sa

1994tik aurrera Eibarko Udal batzak parte hartu zuen soka-dantzan hainbat urtetan, baina 2005ean alkateak ez zuen parte hartu, bai ostera zinegotzietako batzuk, eta 2006tik aurrera udal batzako kideek ez dute parte hartu ekitaldian, eta urtero herriko elkarte eta norbanako batzuk omendu dira San Juan eguneko aurreskuan. 2015ean genero bereizketarik gabeko soka-dantza egiten hasi ginen, dantzari guztiek parte hartzen dute lehen sokan eta ez dago rol desberdinik generoaren arabera.

Kezka, San Juan soka-dantza 2015: Sarrera
Argazkia: Felipe Loiola. Dantzan, CC BY-SA

Osasun-langileei omenaldia

San Juan jaietan udalak herriko elkarte eta norbanakoak omentzeko ohitura du eta aurtengo San Juan berezi hauetan gure bizitzak errotik eraldatu dituen covid-19tik babestu gaituzten osasun-langileak omenduko dituzte. Soka-dantzan ere osasun-langileei eskainiko diegu aurreskua eta herriaren soka sinbolikoan sartzera gonbidatuko ditugu. Osasun-langileen ordezkari bi lagun gonbidatu ditugu soka-dantzara: Ane Astigarraga, Eibarko ospitalean covid19ko gaixoak artatzen dituen erizaina eta Iratxe Odriozola, Mendaroko larrialdietan lan egiten duen medikua. Biak osasun-langileak eta dantzariak dira, Elgoibarko Haritz dantzari taldean aritua lehena eta Ermuko Txindurrin dantzari, eta gaur egun batez ere txistulari aritzen dena bigarrena.

Antzokian bertan ikusteko sarrerak

Coliseo antzokian bertan 90 lagun inguru sartu ahal izango dira aurreskua bertan ikusteko. Eserlekuen arteko tarte minimoa, 1,5 m ezarrita, horiek da Coliseoan sartu daitezken ikusleak. Gonbidapen-sarrerak eskuratu nahi dituenak Coliseo antzokiaren txarteldegira jo behar du honako egutegi-ordutegian: 

  • ekainak 19, ostirala, 17:30etatik 19:30etara.
  • ekainak 22, astelehena, 17:30etatik 19:30etara.

San Juan soka-dantza 2020 online

Antzokira etortzerik ez duzuen beste guztiok pantaila bidez ikusi ahal izango duzue soka-dantza, Eibarko Udalaren kanalean. Hemen xehetasunak, data, ordutegia eta kanalerako lotura:

  • Zer: Eibarko San Juan soka-dantza.
  • Nork: Kezka dantza taldea eta Usartza txistulari taldea.
  • Omenduak: Debabarrenako osasun-langileak.
  • Data: 2020ko ekainaren 24an, asteazkena.
  • Ordutegia: 20:30.
  • Zuzeneko emanaldiaEibarko Udalaren kanalean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.