Hileko artxiboak: urria 2019

San Joan soka-dantza 2019


San Joan soka-dantza Eibarren 2019/06/23. Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus-CCBY-SA

Urtero bezala, ekainaren 24an, San Juan egunean, gaueko 23:30etan soka-dantza egin genuen, Jainaga eta Narbaiza trikitilariek erromeria bukatu bezain pronto.

San Joan soka dantza. 2019
San Joan soka dantza, 2019-06-24. Argazkia: Iñaki Zugasti, dantzan.eus CC BY-SA

Bostgarrenez sartu ginen Kezka Dantza Taldeko dantzariok korrika Untzagako plazan. Aurresku lanetan Luken Aranburu aritu zen, eta atzesku eta hortaz plazara sartzen azkena, Eider Agirrebeña izan zen. 

Argazkia: Iñaki Zugasti, dantzan.eus CC BY-SA
San Joan soka-dantza

Behin taldea plazan kokatuta, desafioari ekin zioten aurresku eta atzeskuek. Jarraian, abarketen doinuarekin nor bere eran banaka, binaka, hirunaka eta baita launaka ere dantzan egin genuen. San Joaneko zortzikoa entzunaz batera aurrezku eta atzeskuak primeran aritu ziren, beraien onena emanez. 

Argazkia: Iñaki Zugasti, dantzan.eus CC BY-SA
San Joan soka-dantza

Ondoren, gonbidatuak plazara sartu eta agurra dantzatu genuen, aita san migelekin jarraituz. Aurtengo omenduak Arma Proba Bankua, Arrate Filatelia Elkartea, Eibarko unibertsitate laborala, Eibarko koro Gaztea eta kirolarien artean Aitziber Urkiola eta Avia Emakumeen Eibar Rugby taldea izan ziren.

Argazkia: Iñaki Zugasti, dantzan.eus CC BY-SA
San joan soka dantza2019 , omenduak
Argazkia: Iñaki Zugasti, dantzan.eus CC BY-SA
San Joan soka dantza 2019

Emanaldiari amaiera emate aldera fandango eta arin-arinean aritu ginen denak batera. Kalejiran atera ginen plazatik, eskutik helduta, suzko erroberei txanda pasatuz.

Argazkia: Iñaki Zugasti, dantzan.eus CC BY-SA
San Juan soka-dantza 2019

Soka erakusketa Eibarren

Urriaren 31tik abenduaren 15era Eibarren izango dugu “Soka, Euskal Dantzaren Urratsetan”  izeneko erakusketa, Dantzan Biharrian-en egoitzan. Erakusketa multimedia honek 150 metro karratutan euskal dantzari begirada zabal eta sakona eskaintzen dio 400 bat ilustrazio (artxibo bideoak, elkarrizketa zatiak, soinu zatiak eta artxibo irudiak), zazpi bideo sorkuntza original, 14 ukipen-pantaila, formatu handiko 7 HD telebista, 6 koadro digital, 15 ordenagailu eta 9 irakurgailuren bitartez, eta lau hizkuntzatan: euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez. 

Dantzan Biharrian
Biharrian Dantzan, Eibar.

Erakusketa Euskal Kulturaren Erakundeak (EKE) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak produzitu dute eta Biarritzen, Donostian, Bilbon, Gasteizen, Iruñean, Maulen, Baionan, Zarautzen, Getxon, Bordelen eta Pauen izan da besteak beste ikusle arrakasta handiz leku guztietan. Egoitza nagusia Eibaren duen Dantzan elkarteak ere parte hartu zuen erakusketaren edukien prestaketan eta orain Gipuzkoako Diputazioaren laguntzarekin Kezka, Dantzan eta EmePebo5t-en egoitza berrian, Dantzan Biharrian-en ikusi ahal izango da erakusketa sei astez. 

Soka erakusketa
Soka, euskal dantzaren urratsetan erakusketa, Euskal Kultur Erakundea (eke.eus). Argazkia: Johan Morin.

Soka, euskal dantzaren urratsetan: datak, ordutegiak eta kokapena

Datak: 2019ko urriaren 31tik abenduaren 15era
Ordutegiak:

  • Astelehenetik ostiralera 9:00etatik 20:00etara
  • Larunbat, igande eta jai-egunetan 11:00-13:00 eta 17:00-20:00 bitartean

*Azaroaren 30ean itxita izango da Eibarren jaia eguna baita.

Tokia: Biharrian Dantzan, Ubitxa 16-18 behea. 20600 Eibar

Kontaktua: 943 53 04 40 kezka@dantzan.com

Soka erakusketa
Soka, euskal dantzaren urratsetan erakusketa, Euskal Kultur Erakundea (eke.eus). Argazkia: Johan Morin.

Bisita-gidatuak eta jarduerak

Eskolekin eta taldeekin hitzorduak adostu eta bisita-gidatuak eta egokitutako jarduerak eskainiko dira (kezka@dantzan.com). Horrez gain, honako ekitaldiak izango dira:

  • Azaroak 4, astelehena, 19:30ean

Soka erakusketaren irekiera ekitaldia eta bisita-gidatua Oier Araolazaren (Kezka dantza taldea eta Dantzan) eskutik.

  • Azaroak 21, osteguna, 19:30ean

Soka erakusketara bisita-dantzatua Patxi Labordarekin (Aiko taldea eta Bilbao Musika).

  • Abenduak 12, osteguna, 19:30ean

Sorkuntzaren Soka, euskal dantza, tradizioa eta sorkuntzaren inguruko gogoeta saioa Juan Antonio Urbeltz eta Iñaki Arregirekin (Argia eta Ikerfolk)

Soka erakusketa Eibarren afitxa