Kontra-dantzak eta Sanferminetako dantzak Euskal Jaian

Kontra-dantzak eta Sanferminetako dantzak Euskal Jaian

Iruñea, Sanferminetako trokeo-dantzak, 2017-07-14. Argazkia: Mikel Irure

Asteburu honetan ospatuko da Eibarko 54. Euskal Jaia. Aurten ohiko datak baino dezente lehenago, hauteskundeak izango baitira maiatzeko azken asteburuan. Igandean, maiatzaren 12an, Euskal Jaiko dantza jaialdia egingo dugu Untzaga plazan eta bi osagai nagusi izango ditugu bertan. Batetik, Iruñeko Duguna dantza taldearen eskutik Sanferminetako trokeo-dantzak ikusteko aukera izango dugu. Bestetik, Eibarko Kezka dantza taldeak zenbait kontra-dantza egingo ditu. Gathubi taldearen doinura dantzari eta ikusle, guztiek dantza egiteko aukera izango da plazan bi dantza taldeen emanaldien ondoren.

Hiru kontra-dantza Argiari esker-onez

Kezka dantza taldeak hiru kontra-dantza dantzatuko ditu, hirurak Argiaren itzalera atondutakoak. Batetik, Marian Arregik sortutako doinuarekin Juan Antonio Urbeltzek prestatutako kadrila oinarri hartuta egindako egokitzapena egingo dugu. Ondoren, Auritzeko karrika-dantzaren doinura Argiaren axeri-boda ikuskizunerako eta Dantza filmerako egindako kontra-dantzaren moldaketa. Azkenik, Kaleko Argia izeneko kontra-dantza egingo dugu, XVIII. mendeko kontra-dantza baten moldaketa Eibarko Euskal Jaian tradizio handikoa den Alakinkirrinera doinuaren laguntzarekin. Kezka dantza eskolako umeen (6-16 urte) taldeak, helduen ikastaroetakoak (16-90) eta dantza taldeko dantzariak, guztiek batera dantzatuko dituzte kontra-dantzak.

2018-05-27_ezpalak_Eibar_FL_MG_8084_1600p.jpg
Ezpalak jaialdia Eibarren, 2018-05-27. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC BY-SA

Iruñeko Sanferminetako trokeo-dantzak

Duguna dantza taldeak, Iruñeko Sanferminak hasi eta bukatzeko egiten dituen trokeo-dantzak ekarriko ditu Eibarrera. Hain zuzen uztaialren 7an, San Fermin egunez, eta uztailaren 14an, festen azken egunean dantzatzen dituzte trokeo-dantza eder eta ikusgarri hauek. Guztira zazpi dantzek osatzen dute zikloa: sarrera-irteera egiteko paseoa, makila-txikien dantza, makila-handiena, brokelen eta ezpaten dantza, zinta-dantza, arku-dantza eta giza dorrea. 

Gathubirekin dantzan

Duguna dantza taldeko musikariek osatzen duten Gathubi taldea arduratuko da jaialdi osoko musikaz, kontra-dantzekin hasi eta bukaeran nahi duten guztientzat irekita egingo den dantzaldi irekiraino. Eguerdiko jaialdi bukaeran dantzarako zenbait pieza joko ditu Gathubik arratsaldeko erromeriaren aurrerapen moduan, izan ere, Gathubiko musikariekin eta Josu Garateren gidaritzapean egingo da arratsaldeko dantzaldia.

2017-05-28_Ezpalak_OA_17.47.42_r.jpg
Erromeria Eibarko Untzaga plazan, 2017-05-27. Argazkia: Oier Araolaza – Dantzan cc by-sa

Fernando Abanzabalegiri omenaldia

Gathubiren arratsaldeko erromeria bukatuta, larrain-dantza izango da plazan, eta segidan, Fernando Abanzabalegiri, Euskal Jaiaren antolaketan lan eskerga egindakoari, omenaldia eskainiko zaio Toribio Etxebarrian, Klub Deportiboaren aurrean, kantu, bertso eta dantzaren bidez. Bertan egingo den azken larrain-dantzarekin bukatuko da 54. Euskal Jaia.

54. Euskal jaia

Maiatzak 10, ostirala
17:00 Kalian jolasian Bizikleta plazan
20:15 Cloverwind Untzagako karpan
23:00 Egurra eta kitto Untzagako karpan
01:00 Mugi panderoa Untzagako karpan

Maiatzak 11, larunbata
10:00-14:00 Artisasu eta baserritarren azoka, herri kirolak eta bertsolariak. 
19:00 Eibarko musika bandaren kontzertua
19:30 Trikipoteoa
21:30 Kantu afaria

Maiatzak 12, igandea
12:00 Kalejira Urkizutik Untzagara
12:30 Euskal jaiko dantza jaialdia: Duguna, Kezka eta Gathubi.
17:00 Erromeria Gathubi taldeko musikariek eta Josu Garatek gidatuta
19:00 Larrain-dantza
19:30 Fernando Abanzabalegiri omenaldia
20:00 Azken larrain-dantza

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude