Hileko artxiboak: maiatza 2019

Kontra-dantzak eta Sanferminetako dantzak Euskal Jaian

Kontra-dantzak eta Sanferminetako dantzak Euskal Jaian

Iruñea, Sanferminetako trokeo-dantzak, 2017-07-14. Argazkia: Mikel Irure

Asteburu honetan ospatuko da Eibarko 54. Euskal Jaia. Aurten ohiko datak baino dezente lehenago, hauteskundeak izango baitira maiatzeko azken asteburuan. Igandean, maiatzaren 12an, Euskal Jaiko dantza jaialdia egingo dugu Untzaga plazan eta bi osagai nagusi izango ditugu bertan. Batetik, Iruñeko Duguna dantza taldearen eskutik Sanferminetako trokeo-dantzak ikusteko aukera izango dugu. Bestetik, Eibarko Kezka dantza taldeak zenbait kontra-dantza egingo ditu. Gathubi taldearen doinura dantzari eta ikusle, guztiek dantza egiteko aukera izango da plazan bi dantza taldeen emanaldien ondoren.

Hiru kontra-dantza Argiari esker-onez

Kezka dantza taldeak hiru kontra-dantza dantzatuko ditu, hirurak Argiaren itzalera atondutakoak. Batetik, Marian Arregik sortutako doinuarekin Juan Antonio Urbeltzek prestatutako kadrila oinarri hartuta egindako egokitzapena egingo dugu. Ondoren, Auritzeko karrika-dantzaren doinura Argiaren axeri-boda ikuskizunerako eta Dantza filmerako egindako kontra-dantzaren moldaketa. Azkenik, Kaleko Argia izeneko kontra-dantza egingo dugu, XVIII. mendeko kontra-dantza baten moldaketa Eibarko Euskal Jaian tradizio handikoa den Alakinkirrinera doinuaren laguntzarekin. Kezka dantza eskolako umeen (6-16 urte) taldeak, helduen ikastaroetakoak (16-90) eta dantza taldeko dantzariak, guztiek batera dantzatuko dituzte kontra-dantzak.

2018-05-27_ezpalak_Eibar_FL_MG_8084_1600p.jpg
Ezpalak jaialdia Eibarren, 2018-05-27. Argazkia: Felipe Loiola – Kezka dantza taldea CC BY-SA

Iruñeko Sanferminetako trokeo-dantzak

Duguna dantza taldeak, Iruñeko Sanferminak hasi eta bukatzeko egiten dituen trokeo-dantzak ekarriko ditu Eibarrera. Hain zuzen uztaialren 7an, San Fermin egunez, eta uztailaren 14an, festen azken egunean dantzatzen dituzte trokeo-dantza eder eta ikusgarri hauek. Guztira zazpi dantzek osatzen dute zikloa: sarrera-irteera egiteko paseoa, makila-txikien dantza, makila-handiena, brokelen eta ezpaten dantza, zinta-dantza, arku-dantza eta giza dorrea. 

Gathubirekin dantzan

Duguna dantza taldeko musikariek osatzen duten Gathubi taldea arduratuko da jaialdi osoko musikaz, kontra-dantzekin hasi eta bukaeran nahi duten guztientzat irekita egingo den dantzaldi irekiraino. Eguerdiko jaialdi bukaeran dantzarako zenbait pieza joko ditu Gathubik arratsaldeko erromeriaren aurrerapen moduan, izan ere, Gathubiko musikariekin eta Josu Garateren gidaritzapean egingo da arratsaldeko dantzaldia.

2017-05-28_Ezpalak_OA_17.47.42_r.jpg
Erromeria Eibarko Untzaga plazan, 2017-05-27. Argazkia: Oier Araolaza – Dantzan cc by-sa

Fernando Abanzabalegiri omenaldia

Gathubiren arratsaldeko erromeria bukatuta, larrain-dantza izango da plazan, eta segidan, Fernando Abanzabalegiri, Euskal Jaiaren antolaketan lan eskerga egindakoari, omenaldia eskainiko zaio Toribio Etxebarrian, Klub Deportiboaren aurrean, kantu, bertso eta dantzaren bidez. Bertan egingo den azken larrain-dantzarekin bukatuko da 54. Euskal Jaia.

54. Euskal jaia

Maiatzak 10, ostirala
17:00 Kalian jolasian Bizikleta plazan
20:15 Cloverwind Untzagako karpan
23:00 Egurra eta kitto Untzagako karpan
01:00 Mugi panderoa Untzagako karpan

Maiatzak 11, larunbata
10:00-14:00 Artisasu eta baserritarren azoka, herri kirolak eta bertsolariak. 
19:00 Eibarko musika bandaren kontzertua
19:30 Trikipoteoa
21:30 Kantu afaria

Maiatzak 12, igandea
12:00 Kalejira Urkizutik Untzagara
12:30 Euskal jaiko dantza jaialdia: Duguna, Kezka eta Gathubi.
17:00 Erromeria Gathubi taldeko musikariek eta Josu Garatek gidatuta
19:00 Larrain-dantza
19:30 Fernando Abanzabalegiri omenaldia
20:00 Azken larrain-dantza

Ezpata-dantzak Antwerpenen, Europa zaharraren bihotzean

Kezka dantza taldea K

Ezpata-dantzak Antwerpenen, Europa zaharraren bihotzean

Argazkia: Eire Vila. dantzan.eus, CC BY-SA

Frankoen, merovingiarren, magraverriarren eta flandriarren hiri, Europaren bi mila urteko historiaren lekuko pribilegiatua den Anberesen bihotzean, katedralaren plazan, bertako eta inguruko ezpata-dantzen artean Arratekoa dantzatzeko aukera izan du Kezka dantza taldeak. Martxoaren 30 eta 31an izan da Antwerpenenen Arrateko ezpata-dantza, Belgikako hiri horretako ezpata-dantzaren 50. urteurrenaren festan hain zuzen ere. 

2019 03 31 Antwerpen ezpata dantzak EV 3263
Kezka Dantza Taldea Antwerpenen. Argazkia: Eire Vila – Dantzan CC BY-SA

Ezaguna genuen Eibarren Antwerpeneko zwaarddans edo ezpata-dantza, 2006an hemen izan baikenituen Ezpalak Jaialdiaren baitan. Bueltan joan gara oraingoan, beraien egun handian Arrateko ezpata-dantza eskaintzera. Egun gutxi, baina baina dantzaz eta ekintzaz beteak gertatu dira. Ostiral eta larunbata bitartean hiru olatutan iristen joan gara Brusselara eta bertatik ekarri gaituzte Antwerpenera.

2019 03 30 Antwerpen ezpata dantzak EV 2242
Argazkia: Eire Vila, dantzan.eus CC BY-SA

Lehen emanaldia Borgerhout-en

Larunbatean bertan, garai batean herri eta gaur hiriko auzou den Borgerhout distritoko udaletxearen aurrean egin dugu lehen agerraldia eta gurekin batera baita Eskoziako Hawick-eko Teries in Tartan taldeko ezpata-dantzariak eta Anberes bertako Lange Wapper taldeko emakumeen eta gizonezko nagusien taldeak ere. Luzaroan nortasun bereziko herria izandakoa da Borgerhout eta bere antolaketa eta historia izan ditu XX. mendean Antwerpenen hazkundeak hiri handiaren barrutian txertatu duen arte. Hala ere, Borgerhout bertako alkateak erakutsi zigunez historia eta kontzientzia politiko propioa, eta baita autonomia handia ere, mantentzen du noizbait udalerri izandakoak. 

2019 03 30 Antwerpen ezpata dantzak EV 2284
Argazkia: Eire Vila, dantzan.eus CC BY-SA

Oihane Llorentek taldearen buruzagitza hartuta plazaratu ginen hurbildutako jendeak egindako korroaren erdira. Zubiak egin ostean, Eider Agirrebeña, Jone Lahidalga, Miren Hazas eta Egoitz Blanco azkendariek Gipuzkoako ezpata-txiki dantzatu zuten. Taldea handia izanik 2 parrila egin genituen ondoren eta Josu Garate izan zen, buruzagiarekin batera, ezpaten gainean gora igo genuen dantzaria. Oier Araolazak burutu zituen, bere aldetik, kapitainaren egin beharrak. Arrateko zortzikoa eta ganbaradun zubiak egin eta gero txalo artean utzi genuen plaza. 

2019 03 30 Antwerpen ezpata dantzak EV 2308
Argazkiak: Eire Vila eta Josu Garate dantzan.eus CC BY-SA

Harrera eta festa

Harrera beroa egin digute hasiera hasieratik Antwerpeneko dantzariek. Beraien etxeetako zein auzuneko udaletxeko ateak parez pare zabaldu dizkigute eta bigarren honetan bisita gidatua ere egin digute. Etxeetan hartu gaituzten familiekin pasa dugu arratsaldea dantzariok: turismoan, bertako musika tradizionala zuzenean entzuten, dantzan, Belgikako garagardo ederra dastatzen… eta afaltzen, hori ere arratsaldez egiten dute eta. 

Afaldu ostean, 19:30etan izan dugu berriro ere denok elkartu eta dantzan jarraitzeko aukera; batzuk Stekene herriko Reintje Vos taldearen egoitzan, bertako ezpata-dantzarien entsegua ikusi, eta haiekin batera Belgikako dantza tradizionalak ikasteko aukera izan dugu.

Kezka Stekenen dantzaldia 2
Stekeneko Reintje Vos dantza taldearen egoitzan dantzaldia. Argazkia: OIer Araolaza – CC by-sa
Kezka Stekenen dantzaldia
Stekeneko Reintje Vos dantza taldearen egoitzan dantzaldia. Argazkia: OIer Araolaza – CC by-sa

Beste batzuk Anberes bertan, jaialdian parte hartu duten gainontzeko taldeetako musikari eta dantzariekin batera dantza-festa ederrean jardun gara. Gaua, ordea, ezin izan dugu asko luzatu. Igandean dator, Anberesko ezpata-dantzaren egun handia eta goizean goiz prest egon behar dugu 50. urteurrena behar bezala ospatzeko.

Antwerpen dantzaldia 01
Dantzaldia Antwerpenen. Argazkia: Jerome de Bie.
Antwerpen dantzaldia 01
Dantzaldia Antwerpenen. Argazkia: Jerome de Bie.

Antwerpen: ezpataz eskua moztu eta jaurti

‘Eskua’ esan nahi du flandiarrez ‘ant’-ek  eta ‘jaurti’ adierazten du ‘werpen’-ek: ‘eskua jaurti’ beraz. Elezaharrak kontatzen du Druoon Antigoon izeneko erraldoia bizi zela Escaut ibaian, pasatu nahi zuten itsasontzi guztiei ordainarazten ziena, eta itsasontziren batek ordaindu gabe pasatzeko ahalegina egiten bazuen kapitainari eskua mozten ziola. Silvio Bravo zenturioi erromatarrak desafio egin zion erraldoiari eta ezpataz erraldoiaren eskua moztu eta errekara jaurti zuen. ‘Eskua jaurti” = ‘Ant werpen’ horixe du beraz ele zaharraren arabera Antwerpen hiriak bere izenaren jatorria.

2019 03 31 Antwerpen ezpata dantzak EV 2420
Argazkiak: Eire Vila eta Josu Garate dantzan.eus CC BY-SA

Goizeko 8:00etan, Anbereseko hiri zaharrean, katedraletik metro gutxira, pub eta elkartearen-egoitzaren artekoa dirudien lokalean, hor hasi da egun handia. Antwerpeneko Lange Wapper taldearekin batera Eskozia, Herbehereak, Valonia, Flandriako eta Euskal Herriko taldeak. Han batu gara denok. Kafe, pastel eta garagardo artean hasi dugu eguna, norberaren aukeran, eta bertan izan dugu hiriko ezpata-dantzarien tradizioak bertatik-bertara ezagutzeko aukera ere.

2019 03 31 Antwerpen ezpata dantzak EV 2904
Eskoziako dantzariak. Argazkiak: Eire Vila eta Josu Garate dantzan.eus CC BY-SA
2019 03 31 Antwerpen ezpata dantzak EV 2884
Walloniako dantzariak. Argazkia: Eire Vila, dantzan.com. CC BY-SA

48 alditan dantzatu duen ezpata-dantzaria

Anbereseko ezpata-dantzari bakoitzak domina bat darama bularrean, urre, brontze edo zilar kolorekoak, handiak batzuk eta txikiagoak besteak. Ezpata-dantza urtean behin, garizuma-erdiko igandean dantzatzen dute eta bertan parte hartzen duten bosturteko bakoitzeko domina bat ematen diete dantzariei. Harrotasunez aldatzen dituzte dantzariek beraien bularreko dominen kolore eta tamainak. 

Antwerpen 2019 Marc Hanssens
Marc Hanssens, Antwerpeneko ezpata-dantza 48 aldiz dantzatu duen dantzaria. Argazkia: Oier Araolaza – Dantzan cc by-sa

45. ezpata-dantza egin zuenik ere ezagutu dugu, eta guztietan ibilbide luzeena duena ere bai, Marc Hanssens, igandean 48. aldiz dantzatu duena ezpata-dantza. Elurretan, zuritutako kaleetan dantzatu izana dugu gogoan Marc Hanssensek, baina okerrenak euritan bustita sei aldiz dantzatu beharrekoak ditu gogoan. Izan ere, goizeko 8:40an dantzatzen dute lehen aldiz ezpata-dantza, eta garai bateko meza ordutegiekin txandakatuz, goizean zehar sei aldiz dantzatzeko ohitura dute, batetik besterako ordu-erdi edo 40 minutuko tarteak eginez. 

Kezka eta Lange Wapper Anberes 2019
Erdian Marc Dewatcher (Lange Wapper taldearen eta ezpata-dantza jaialdiaren antolatzailea) eta Magdalena Petryna, poloniar dantzaria eta orain Lange Wappereko ezpata-dantzaria ere bai. Argazkia: Eire Vila – Dantzan CC BY-SA

Katedralaren aurrean ezpata-dantzan

Eta hasierako protokoloak amaituta dantzara. Egun berezia izanik 50. urteurrena dela eta eta kanpoko gonbidatuak tarteko, katedralaren aurreko lanak banatu eta hiriaren erdiguneko beste bi plazara iritsi dira ezpata-dantzak, azken txanpan talde guztiak, eguerdiko 13:00etik aurrera katedralaren aurrean batu arte.

2019 03 31 Antwerpen ezpata dantzak EV 3181
Antwerpeneko ezpata dantza. Argazkia: EIre Vila. dantzan.eus, CC BY-SA

 Bertan, kanpotik etorritako bost ezpata-dantza taldeak, Eskoziako Teries in Tartan (Hawick), Frantziako Flandriako In de Kring (Dunkerke), Belgikako Valoniako Compagnie Galouche (Quevaucamps), Belgikako Flandriako Reintje Vos (Stekene) eta Euskal Herriko Kezka dantza taldea (Eibar), eta Anberes bertako Lange Waperren lau ezpata-dantzari taldeak, hala nola ezpata-dantzari talde nagusia, helduena, emakumeena eta umeena, guztira bederatzi ezpata-dantza plazaratu dira, bata bestearen ondotik Katedralaren aurrean. Horiekin batera Holandako Nieuwdammer Shanty-Koor (Amsterdam) taldeak, musikaz eta kantuz osatu dute ezpata-dantzarien lana. 

2019 03 31 Antwerpen ezpata dantzak EV 2963
Dunkerkeko dantzariak. Argazkiak: Eire Vila eta Josu Garate dantzan.eus CC BY-SA
2019 03 31 Antwerpen ezpata dantzak EV 2935
Antwerpeneko emakumeen ezpata-dantza. Argazkia: Eire Vila. dantzan.com CC BY-SA

Azken emanaldian aldaketa izan dugu gure lerroetan, Leire Andikoetxeak lehenengo hartu ditu ezpata-txikiak, eta Lahidalga, Hazas eta Blancorekin batera osatu du azkendarien laukotea. Andoni Altzibarrek, Iñaki Baruak, Amaia Baglietok eta Ainhoa Urkizuk jarri diote musika Arrateko ezpata-dantzari. 

2019 03 31 Antwerpen ezpata dantzak EV 3117
Argazkia: Eire Vila. dantzan.eus CC BY-SA
2019 03 31 Antwerpen ezpata dantzak EV 2762
Argazkia: Eire Vila. dantzan.eus CC BY-SA

Emanaldia amaituta eta talde guztien familia argazkiak aterata kalejiran bueltatu gara dantzarien lokalera, kantuan. Oroigarri trukea ere izan dugu eta buruzagi-makilaren truke domina jaso dugu Kezkako dantzariok, zuzenean urrezkoa! Beraienean berriro dantzatzearren maila altuagoko dominik jasotzea ezinezkoa bada ere, egin diguten harreragatik, pasa dugun asteburuagatik eta elkarrekin emandako denboragatik, berriro ere gustura dantzatuko genuke “Eskua Jaurti” hiri ederraren katedralaren atariko plaza ederrean. Hurren arte Antwerpen.

Kezka Antwerpen Borgerhout 2019
Kezka dantza taldea Antwerpenen, Borgerhout distritoan, 2019-03-30. Argazkia: Eire Vila – Dantzan CC BY-SA

Asteburuko argazki gehiago ikusi nahi? Hona albuma:  

Arrateko ezpata-dantza Antwerpenen, 2019ko martxoaren 30 eta 31n