
Argazkia: Felipe Loiola, dantzan.eus BY CC-SA
2019ko otailaren 23an amaitu dugu Koko-dantzen hirugarren zikloa Otaola eta Kiñarraga auzoetan. Azken honekin, dozena bisita egin ditugun dagoeneko Eibarko baserri-auzo eta kaleetan inauteriak hasierako suziriarekin abiatzera eta aurtengoa ere ederra izan da, beste guztiak bezain berezia. Hala ere, oraingoan baserritarren harrera paregabea ekarri nahi dugu lehen lerro hauetara, beraiek ere egiten baitituzte Koko-dantzak eta aurten benetan modu aktiboan gainera!
Hona 2019ko Koko-dantzen kronikatxoa eta irudi-sorta.

Plaza Barrian hasi
8:30etan, Merkatu plazan. Hori izaten da Koko-konpartsaren lehen agerraldiaren hitzordua. Aurten, ordea, aurrerago bota dugu lehen txapligua: San Andres parrokiaren parean, Plaza Barrian. Taldeko argazkia atera ostean, handik behera entzun dira Burburixuen lehen orru eta Masusten lehen algarak eta, Merkatu plazako kanpoaldean dantza eta kantuan egin ostean ekin diogu mendirak bideari.
Koko-dantzak Otaola eta Kiñarragan
Eibarko hegoaldean kokatzen diren auzoak dira Otaola eta Kiñarraga. Lur eremu zabalak hartzen dituzten herriaren luzeera guztian eta baserrien arteko distantziak zenbait kolimetroatakoak badira kasu askotan. Bailara bietara iritsi ahal izateko, taldea bi zatitan banatu eta batzuk Txontatik gora oinez abiatu ginen; bien bitartean beste batzuk furgonetak hartu eta Sautxitik hasi eta Ipurua aldera egin zuten gero, denok batera, Bolingua baserrian amaitu aurretik.

Merkatu plazan banandu ondoren, talde batek Iragorri, Loiola, Egiguren, Ixkua, Azitain, Txopen, Otaolaerdikoa eta Ipurua bisitatu zituen. Bitartean, Txontatik gora oinez abiatutakoek Iraegi, Aretabeletxe eta Iraegi-txiki. Bi taldeak Kantinan elkartu ondoren, bai hori eta bai Bolingua batera egin dituzte.



Azken bi baserriatan talde osoa batuta aritu gara eta Kantinan batzen den jendetzarentzat Kokomarruen soka-dantza ere plazaratu du Koko-buruzagiak. Honek Kattalin hartu du eskutik eta soka osatu orduko hasi dira gainontzeko bikoteak ere dantzan; Manuela eta Martin, Batista eta Amabirjina, Petra eta Don Eusebio eta azkenik, Maria eta Hartza.


Eskean joaten gara gu, karnabala eraman eta trukean etxeko produktuak jasotzeko gogoz. Baina aurtengoan, jatekoaz gain, karnabal dosia ere jaso dugu, izan ere, zenbaitek koko-jantzita egin digute harrera. Guztiek ase dituzte gure gogoak dela janariz, dela edariz, mozorroz, musikaz edo dantzaz!
Berezia izan dira aurten, adibidez, bai Ixkuan eta bai Iraegi baserrietan izandako harrerak. Ixkuan etxeko guztiak koko-jantzita, eta buru-handiak ere genituen zain, dantza, festa eta hamaiketako ederrarekin harrera eginez. Iraegin, baserrira iristeko azken bihurgunea egitea falta zitzaigula bota dugu txapligua eta hasi dira gure musikarien trikitixa eta gaitak lanean. Baserrira hurbiltzen joan garen heinean, ordea, txalaparta hotsak ere entzun ditugu eta horiek ez ziren gureak.
Menditik herrira
Baserri inguruetako lanak amaituta, deskantsurako tartea hartu eta arratsalderako prestatu ostean, Koko-dantzen eguneko bigarren zatiari ekin diogu. 19:30ak anbulategiko parkean. Horiek ordua eta lekua. Elgoibarko Mausitxa txarangaren doinuak jarri du dantzan herria; Zuloagatarren, Toribio Etxebarria, Untzaga, Kalbeton eta Plaza Barria. Ibilbide osoan zehar birritan egin da Kokomarruen soka-dantza eta aldiro korro ederra sortu dute eibartarrek dantzarien inguruan.

Plaza Barrian amaitu
Eta lehena botatako tokian azken txapligua. Parrokiaren atarian berriz, Mauxitxaren azken notekin batera amaitu dira aurtengo Koko-dantzak ere. Hurrengora arte. 2019ko Koko-dantzen irudi gehiago ikusi nahi? Egin klik argazkian:
