
Argazkia: Felipe Loiola – dantzan.eus CC BY-SA
Karnabalak hemen daude eta Eibarren koko-marruak ere prest daude herriko baserri-auzo eta kaleak hartzeko. Datorren larunbatean, otsailaren 23an, Otaola-Kiñarraga auzoko baserrietara hurbilduko dira dantzan, kantuan eta eskean, arratsalde aldera erdiguneko gune nagusiak hartu aurretik.

Ohi bezala goizeko 8:30ean hasiko dira aurtengo koko-dantzak merkatu plazan batzen diren baserritarren aurrean. Handik bi taldetan banatuta arituko dira baserritik baserrira eguerdi aldera arte. Talde batek Sautxitik gora Iragorri baserrira joko du, eta ondoren Azitainen Loiola, Egiguren, Ixkue eta Txopen bisitatuko ditu. Herriaren beste muturrera joango dira gero, Otaolaerdikoa eta Ipuruara. Bitartean, beste taldea, Txontatik abiatuko da Mertxete, Iraegi, Aretabeletxe, Iraegitxiki eta Unbe aldera joz eta bi taldeak elkartuta Altamirabehekoa, Katina eta Bolinguan bukatuko dute goizeko koko-eskea.
Arratsaldean kalejiran ibiliko dira koko-dantzak Eibarko erdigunea klaeetan, Mauxitxa txarangarekin batera. Anbulategi aurrean 19:00etan elkartu eta Zuloagatarren, Toribio Etxebarria, Untzaga, Kalbeton eta Plaza Barrian ibiliko gara, festan eta dantzan. Koko-dantzarixak, Aixerixak, Masustak, Sasikartia, Kattalin eta Manuela, Petra eta Maria, Don Eusebio, Batista kojua, Amabirjiña, Mamarruak, Burburixuak, Martin perratzailia, Koko-nagusixa, Juanapagua, musikuak eta Hartza prest daude, eta zuek?
Koko-dantzak 2019
2019ko otsailaren 23a, larunbata:
- 8:30 Merkatu plazan lehen agerraldia.
- 9:00 – 15:00 Koko-dantzak eta koko-eskea Otaola-Kiñarraga auzoko baserrietan.
- 19:00-21:00 Anbulategian batu eta Zuloagatarren, Toribio Etxebarria, Untzaga, Kalberton eta Plaza Barria kale eta plazetan koko-dantzak Mauxitxarekin.