“Dantza” filmaren aurkezpena eta estreinaldia Eibarren abenduaren 26an

"Dantza" filmaren aurkezpena eta estreinaldia Eibarren abenduaren 26an

Dantza (2018). Zuzendaria: Telmo Esnal. Argazki zuzendaria: Javier Aguirre.

Donostiako Zinemaldiaren sekzio ofizialean eskaini ondoren, egunotan estreinatzen da zine aretoetan Telmo Esnal-ek zuzendu duen Dantza (2018) filma. Eibarren abenduaren 26an Coliseo antzokian izango da aurkezpena eta estreineko emanaldia. Telmo Esnal zuzendariarekin batera pelikularen ekoizpenean parte hartu dutenetako batzuk izango dira aurkezpenean, hala nola Juan Antonio Urbeltz koreografoa, Marian Fernandez ekoizlea, eta pelikulan parte hartu duten Kezka dantza taldeko dantzariak ere. 

Dantzaren bidez bizitzaren ziklo bat izan daitekeen istorio bat kontatzen du Telmo Esnalen pelikulak. Juan Antonio Urbeltzek euskal dantzarekin landutako mundu sinbolikoan oinarritzen da istorio hori. Koldobika Jauregi artista plastikoa arduratu da jantzi eta atrezzoen diseinuaz eta estetikaz eta Javi Agirre (Handia-rekin Goya irabazitako) da filmeko argazki zuzendaria.

Telmo Esnal Dantza 2018 afitxa

Dantzaren bidez kontatutako istorioa

Dantzaren bidez narratu du kontakizuna Esnalek, eta beraz, dantzariak dira istorioa gorpuztu dutenak. Argia dantzari taldearen gidaritzapean hainbat taldetako dantzariak aritu dira, eta horien artean izan dira Eibarko Kezka, Elgoibarko Haritz, Ermuko Txindurri eta Debako Gure-Kai dantzari taldeetako dantzariak ere. 2017 urtean zehar egin ziren filmaketa nagusiak, eta besteak beste Ezkio-Itsason, Arantzazun, Leitzan, Zarautzen edo Belchiten (Aragoa) egin dira grabaketak.

Kezkako dantzarientzat esperientzia berria eta berezia izan da, dantza-errodajeen gogortasuna ezagutzeko aukera ere izan dute, filmaketa sesio luze eta nekagarrietan maiz, baldintza gogorretan ere zenbaitetan, besteak beste Arantzazu, Baltzola edo Zarauzko grabaketetan pasa zuten hotzarengatik. Errodajeekin batera filme baten ibilbidearen zenbait atal eta Donostiako Zinemaldian izan duen plazaratze glamourosoaz gozatzeko aukera izan dute Kezkako dantzariek Telmo Esnalen filmaren bidez.

Kezkako dantzariak Dantza afitxa 2018 Telmo Esnal
Telmo Esnalen filmean parte hartu duten Kezkako dantzarietako batzuk.

Zehazki Eider Agirrebeña, Miren Hazas, Josu Garate, Ainhoa Larrañaga, Amaia Rodriguez, Egoitz Blanco, Enrike Izagirre, Jone Lahidalga, Amaia Visus, Jone Saez, Luken Aranburu, Maddi Alberdi, Maider Altzibar, Maider Otaola, Maitane Fariñas, Naroa Arrizabalaga, Maite Gonzalez, Nagore Fernandez, Oihane Llorente, Olaia Gabirondo, Oier Araolaza, Izar Araolaza, Ekain Araolaza, Olaiz Agirrebeña eta Unai Txurruka dira filmean parte hartu duten Kezka dantza taldeko dantzariak.

Kezkako dantzariak Leitzan Dantza filmaren errodajean
Kezka dantza taldeko dantzarietako batzuk Leitzan Telmo Esnal Dantza pelikularen errodajean.

Abenduak 26, estreinaldia Eibarren (Sarrerak)

Datorren abenduaren 26an, asteazkena, arratsaldeko 20:30ean Eibarko Coliseo antzokian estreinatuko da Eibarren Dantza filma. Sarrerak 5,50€ (4€ Coliseo lagunentzat) prezioa dute eta zuzendari eta parte hartzaileetako batzuk bertan izango dira, aurkezpena egiteko. Ondoko egunetan, Dantza filma Eibarren egun hauetan eskainiko da Coliseo antzokian: abenduak 28 ostirala, 29 larunbata eta 30 igandea.

Abenduaren 26ko aurkezpen eta estreinaldirako sarrerak (5,50€) erosteko bi modu daude:

  • Coliseoko txarteldegian bertan egun eta ordutegi hauetan: abenduaren 21ean, ostiralean 17:30-19:30 bitartean; abenduaren 22an, larunbatean, 16:00-16:30 eta 17:15-18:15 bitartean; abenduaren 23an, igandean,  16:00-16:30 eta 17:15-18:15 bitartean; abenduaren 26an, asteazkenean bertan, 20:00etatik aurrera.
  • Internet bidez sarrerak abenduaren 21ean 17:30etatik aurrera erosi ahal izango dira lotura honen bidez.

Dokumentuaren akzioak

Dantzan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.