Larunbatez igo gara aurtengoan Arrateko gainera, eguzki betearekin, elkarri ezpata emanda zelaia hartzeko prest.

Aterpetxean prestaketa lanak eta tradizioaren lehenengo urratsa den argazkia ―58 ezpata-dantzari aurten― aterata, eliza barruan dantzatu genuen lehenengo, meza nagusian zehar. Bertan estreinatu ziren Iker Gil eta Keltze Iturralde, Portugaleteko Elai-Alai dantza taldeko lagunak eta eskarmentu handiko dantzariak.

Jarraian, Arrateko ama prozesioan atera zen gure atzetik eta herritar ugarik lagunduta egin genuen gurutzerainoko joan-etorria. Aurten, izan dira Keltze eta Ikerrez gain bide hori gurekin egin duten bestelako partaide batzuk, izan ere, Arrate gainera bizitzera iritsi berri diren mojek, lehenengoz ikusi zituzten, ziurrenik, prozesioa eta gure dantzak.

Hala, eliza parera iritsitakoan, ezpata txikiek, berriek zein arituek, Gipuzkoako ezpata-dantza eta Arratekoa eskaini zizkioten Eibartar guztion amari. Keltze eta Ikerrekin batera, Luken Aranburu eta Eider Agirrebeña agertu ziren amabirjinaren aurrera.

Atseden txiki bat hartu genuen orduan, luzaketa lanak egin eta zelairako saltoa prestatzeko. Josu Garatek gidatutako taldea Arrateko zelaian sartu zen, herritar artean eta eguzkipean dantzatzera. Ezpata txikietara batu ziren, Miren Hazas, Egoitz Blanco, Jone Lahidalga eta Ander Garitagoitia eta, estreinako aldiekin jarraitzeko, Ainhoa Larrañaga aipatu behar dugu oraingoan, izan ere, Kezka dantza taldean eskarmentu gehien duen dantzaria ahaztu gabe, lehen aldia izan zuen Ainhoak parrila gainean eta elegante eutsi zion erronkari. Bejon deizula, Larra!

Trokeo dantzen txanda etorri zen gero eta orduan ere fin aritu ziren Keltze eta Ikerrek egindako lana erakutsi zuten, Makil-txikien eta Brokel-makilen zortzikoetan, hurrenez hurren eta Luken izan zen Makil-handienari sarrera eman ziona.



Behin lanak bukatutakoan, ondo merezitako dutxa hartu eta Tiro pitxoiko jangelara hurreratu ginen denak, eguna borobiltzera. Enrike Izagirrek ohi duen bezain apain jantzi zuen egunaren kronika eta Oier Araolazak hartu zuen hitza jarraian. Gogoan izan genuen aurten utzi gaituen Marian Arregi, kantuan, eta txalo artean eta ongi etorria eman genien kofradiako kideen artera batu zaizkigun dantzari bizkaitarrei. Era berean, aipamen berezia jaso zuten Ane Sarasketak eta Aiert Ibarbiak, hamargarrenez jantzi baitute Arrateko amaren domina. Batzuk zein besteek, etxera eraman dute Arrateko amarekin lotuko dituen domina, hurrengoetan ere nahi izanez gero etortzeko edo etortzen jarraitzeko gonbitarekin batera.

Denoi ere, datorren urtera arte!
Hona hemen egunak utzitako argazki gehiago,