Ezaguna da Zumarragako Antioko baselizan egiten den ezpata-dantza. Ezagunak eta ederrak dira, bai baseliza eta baita ezpata-dantza bera ere, eta Kezkako dantzariok hau bertatik bertara ezagutu eta gure dantzak Zumarargara eramateko aukera izan genuen Santa Isabel festetan, uztaileko lehen egunetan.
Asteburu borobila antolatu zuten Irrintzi taldeko eta Antxiñako Ama txistulari taldeko lagunek uztailaren 1 eta 2rako. Larunbatez emanaldia herriko Zelai Aristi antzokian eta igandez Antioko ezpata-dantza eta soka-dantza. Lehenengo eguneko planean sartu ginen gu ere, honela, Arrate egunez zelaian egiten ditugun ezpata-dantza eta trokeo-dantzak Zumarragako antzokian aurkeztu genituen plazer handiz, orain ia 10 urte hasitako bidean beste urrats bat emanez. Izan ere, 2008an, Argia taldearen Axeri-boda ikuskizunarekin batera, Zumarragako eta Arrateko ezpata-dantzak eskaini baikenituen Antioko baselizan.


Oihane Llorentek atera zuen taldea ezpata-dantzaren kapitain lanetan eta Elgoibarko Haritz taldeko zein Eibarko Kezkako dantzariak eta musikariak aritu ziren, dantzari eta bakarlari lanetan.
Igandean, Santa Isabel egunez, Irrintziko dantzariekin batera, goizean goiz Antioko baselizarako bidea oinez egin genuen, hasierako prozesiotik hasi eta goraino jarraitu genituen dantzariak, belar eta lorez estalitako aldapetan gora.

Baseliza barruan egiten dute ezpata-dantza lehenego eta gero kanpoan jartzen duten oholtzan. Lekua hartu eta gustura ikusi genituen ezpata-dantza zein soka-dantza, batzuok zortzikoan hankak Zumarragakoen antzera noiz igoko genituen galdezka.


Ederra izaten da inguruko dantzak bertatik bertarta ikusi eta ezagutzea, eta are eta ederragoa dantzariekin beraiekin tarteak elkarbanatzea. Hara eginiko bisita bueltatu ziguten gainera Irrintziko bi dantzarik, Eneko Galdos eta Oihane Vicente bi hilabeteren buruan gurean izan baikenituen, Arrateko ezpata-dantzan.