Kezkako dantzariak Martin Zalakain ikusgarrian

Kezkako dantzariak Martin Zalakain ikusgarrian

Martin Zalakain ikuskizunean parte hartzen duten Kezkako dantzariak (Maite Gonzalez falta da).

2017ko azaroaren 11n estreinatu zen Juan Antonio Urbeltzen azken lana Bilboko Arriagan: Martin Zalakain.

Euskal Herriko hamaika txokotako dantzariak taula gainera ekarri ditu antzerkia eta dantza bera uztartu nahi izan dituen lanak; hala, Harkaitz Canok izen bereko Pio Barojaren eleberria antzerkirako euskaratu eta moldatu du eta Ander Linus aktorea da hari dramatikoari tiraka ikuskizunaren gidari lana egiten duena.

 MG 5914
Argazkia: Amaia Rodriguez – dantzan CC BY-SA

Martin txikiaren abenturetatik hasi eta helduaroko bizipenetara garamatza moldaketa honek, pasarteak dantza tradizionalaren bidez kontatuz. Urbeltzen esanetara aritu gara ikuskizun honen prestaketan Kezka Dantza Taldeko zenbait kide, Euskal Herriko dantza talde eta lagun ugariz inguratuta, hala nola, Astigarragako Astigar, Añorgako Arkaitz, Iruñeko Duguna, Elgoibarko Haritz, Portugaleteko Elai-Alai, Debako Gure-Kai, Biarritzeko Maritzuli, Añorgako Konpainia eta guztiak biltzen dituen Donostiako Argia.

Bi urteko prestaketa lanen ondoren, joan den azaroaren 11n iritsi zen egun handia: Bilboko Arriaga Antzokiko taula gainera igo ginen eta estreinaldiek sortu ohi duten zirrara bereziarekin gozatu genuen.

 

2017 10 28 29 Zalakain ensaioa Eibarren IZ 0758
Argazkia: Iñaki Zugasti, dantzan.com – CC BY-SA

Kezkako partaideeok Arkale tabernan girotutako eszenan egiten dugu agerraldi nagusia. Bertan, kantuan, fandagoan. arin-arinean eta erromeria giroko bestelako doinuetan aritzen gara, istorioaren garaiko festa eta zalaparta giroa bersortu nahian, Mikel Urbeltzen bibolinak eta Imanol Urkizuren panderoak lagunduta.

Edonola ere, emanaldietan zehar pieza batean baino gehiagotan dantzatzen dugu, baina ez dugu spoiler gehiegi egin nahi!

2017 10 28 29 Zalakain ensaioa Eibarren IZ 0448
Argazkia: Iñaki Zugasti, dantzan.com – CC BY-SA

 Ah! Martin bera ere aurpegi ezaguna egingo zaizue Kezkako dantzarien bila aritzen bazarete, izan ere, Josu Garatek hezur-haragitzen du lan honetako protagonista nagusia.

2017 12 16 Donostia Victoria Eugenia Martin Zalakain 3725 IZ (132)
Argazkia: Iñaki Zugasti, dantzan.eus – CC BY-SA

Dagoeneko estreinaldiaz gain, lau saio egin ditugu: Donostiako Viktoria Eugenia antzokian aritu ginen abenduan, leporaino betetako antzokiaren aurrean; Iruñeko Baluarte antzokiaren txanda etorri zen gero, urtarrilean eta joan diren otsailaren 17 eta 18an Baionan aritu gara. 5000 ikusle izan ditu dagoeneko Martin Zalakainek. Oraindik ez baduzu Martin Zalakain ikusi, honakoak dira datozen hilabeteetan egingo ditugun emanaldiak:

  • 2018ko apirilaren 21ean, Gernikan.
  • 2018ko maiatzaren 19an, Eibarko Coliseoan.

Eibarko emanaldirako sarrerak bi egunetan agortu ziren, beraz, egun berean bigarren emanaldi bat egingo da eta sarrerak salgai daude Kutxabank-en bidez (loturan sartu eta Coliseo antzokia bilatu).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude