Bi egunetan sarrera guztiak salduta! Harrituta gaude Martin Zalakain ikusteko sortu den ikusminarekin. Sarrerak zein azkar agortu diren ikusita, egunean bertan bigarren emanaldi bat egingo da. 19:00etan izango da lehen emanaldia (internet bidez sarrerak agortu badira ere, badakizue txarteldegian izaten dela sarrera gutxi batzuk gehiago erosteko aukera) eta bigarrena berriz 22:00etan. Eguneraketa 2018-03-19: Dagoeneko salgai jarri dira bigarren emanaldirako sarrerak. Txarteldegian bertan edo Kutxabank bidez (Coliseo Eibar bilatu) erosi daitezke.

Beraz, maiatzaren 19an Eibarko Coliseo antzokian, Eibarko Udalaren eskutik eta Eibarko Klub Deportiboak antolatzen duen Eibarko Euskal Jaiaren egitarauan sartuta, Martin Zalakain-en bi emanaldi eskainiko dira. Juan A. Urbeltz, Ander Lipus eta Harkaitz Canoren eskutik, eta Artedrama, Argia, Kezka, Duguna, Haritz, Maritzuli, Arkaitz, Gure-Kai eta Astigar taldeetako dantzari, aktore eta musikariekin Pio Barojak sortutako pertsonaiaren nondik norakoak kontatzen ditu Martin Zalakain, dantza, antzerki, musika eta literatura batzen dituen ikuskizunak.