Koko-dantzen festan harrapatu gintuzten Goya sariek. Dantza eta kantu artean, astirik ez telebistari begiratzeko. Eta hori geu ere Handia pelikula sarituaren parte sentitzen garala, bertan parte hartzeko opari ederraz gozatu baitugu.


Gero jakin dugu Eneko Sagardoik jaso zuela gaualdiko lehen Goya saria, eta bere esker hitzetan Txotxe aipatu zuela. Hemen unea:
Txotxe, Jose Martin Urrutia, irakasle eta antzerkilari elgoibartarra, Durangon Kurutziaga ikastolan irakasle zela antzerki tallerrak martxan jarri, eta hainbat durangar gazte, antzerkiaren munduan sartzearen erantzulea, tartean, Eneko Sagardoi bera.
Koko-dantzek ere badute zor txiki bat Txotxekin, izan ere, orain 10 urte, koko-dantzetarako maskarak egiten irakatsi zigun. Elgoibarko Ekekei antzerki taldearen eskutik egin genuen maskara tallerra eta txotxe berak jardun zuen irakasle bertan.
Biharamunean kolpea. Txotxeren heriotzaren albistea. Antzerkia bultzatuz eta sustatuz lan eskerga egin duen Jose Martin Urrutia igande goizean hil zen, 56 urterekin. Eneko Sagardoik hauxe idatzi dio: “Atzo eskertu nizun eta gaur joan zara. Bizitza eman zenidan gehien behar nuenean”.