Untzaga plazak Zamalgoa ikusi zuen joan den maiatzean, Nafarroa Beherean noizbait izandako zaldikoa dantzan hasi baitzen berriro ere, ia mende beteren ostean. Kezka Dantza Taldeko dantzariok 2017ko maiatzaren 28an, Ezpalak jaialdiaren baitan, atera genuen berriro jendeartera.
Argazkia: Txebi ArriagaArgazkia: Josu Garate – dantzan.eus CC BY-SAArgazkia: Josu Garate – dantzan.eus CC BY-SA
Izan ere, zaldikoak izan ziren aurtengo Ezpalak jaialdiko protagonista, eta gurea, Bartzelona, Beasain, Iruñea, Okzitania eta Biarritzetik etorritako beste batzuen artean aritu zen jauzika. 1930eko hamarkadan Donibane Garazin eta Anhauzen ikusi omen zuen “zamalgoa” Violet Alford ikertzaile ingelesak, eta guk, kabalkadaren testuingurura ekarri genuen hau, jauzi, martxa, dantza-jauzi eta dantza-luzearekin inguratuta.
Argazkia: Txebi Arriaga – dantzan.eus CC BY-SAArgazkia:Txebi Arriaga – dantzan.eus CC BY-SA
Kanpotik etorritako lagunekin Urkizutik Untzagarainoko kalejira egin ostean, Kezkako dantzari guztiok zabaldu genuen emanaldia, txiki, gazte eta heldu, denok hartu genuen plaza Iruñeko musikariek martxa jotzen zuten bitartean. Koloretako txapel eta zintak izan ziren nagusi plazan. Hala, dantza eskolako ikasleek Nafarroa Behereko zenbait dantza ikasi zituzten urtean zehar eta den denak jarraian egin zituzten jira eta bueltan, elkarri helduta, dantzan.
Kezkako dantzari talde batek Handia pelikularen errodajean parte hartzeko aukera izan genuen. Opari bat izan zen guretzat. Pelikula batean, horrelako pelikula batean gainera, parte hartzea izugarrizko goxokia izan zen. Pelikulan zehar gertatzen den ezkontza baten festan, ezteietan familia eta lagunen taldean sartu, eta bazkalosteko dantzaldia prestatzeko enkargu polita egokitu zitzaigun.
1847an eztei dantzaldi bat nola ote zen?
XIX. mende erdialdean kokatuta dagoenez filma, garaiko moldera egokitu behar izan genuen gure parte hartzea eta erronka benetan polita gertatu zen: janzkeraz ez genuen arduratu behar ―Saioa Larak Goya saria eskuratu du jantzi diseinuan egindako lan bikainagatik!―, baina bestelakoekin nahikoa lan izan genuen: musika, erritmoak, doinuak, dantzak, dantzakera, musika tresnak… Ez zen edonolako erronka. 1847an kokatutako eztei baten tankerako dantzaldia egin behar genuen, eta horrek gure dantzaren historian sakondu eta izugarri ikasteko aukera eman zigun.
Handia filmerako dantza entsegua Artelekun.
Familia tankera eman nahirik, Kezka, Haritz eta Argiako zenbait ume, gazte eta helduekin osatu zen dantzarien taldea: Fernando Aristizabal, Mertxe Ibañez, Ainhoa Larrañaga, Josu Garate, Eire Vila, Oier Araolaza, Olaiz Agirrebeña, Esther Kareaga, Enrike Izagirre eta Ane Sarasketa dantzariak; Izar Araolaza, Izaro Bernedo, Ekain Araolaza eta Maule Bernedo umeak; eta Joxemari Irastorza txistulari eta Beñat Lopez atabalari lanetan.
Handia filmaren errodajean parte hartutako dantzariak eta musikariak, Beizama, 2016-04-25.
Eibarren gure hamaika dantza ekitaldi grabatu dituen kamerari eibartarra, Jose Antonio Roige ere aritu zen Handia filmaren errodajean. Steadycama erabiltzen artista da (horretan ere!) eta tramankulu horrekin hainbat eszena grabatzen aritu zen.
Jose Antonio Roige, kameraria Handia filmaren errodajean Steadycam-a erabiliz.
Handiaren lantaldearekin
Filmaren prestaketa fasean, lehendik ondo baino hobeto ezagutzen genuen etxe batera joatea tokatu zitzaigun, Arteleku izan zenaren eraikinera. Han izan baitu produkzio fasean koartel nagusia Handia filmak. Artelekun izan zen Dantzagunea hainbat urtez, eta makina bat dantza entsegu egindako gela berean jardun genuen Handiako lantaldearekin ezteietako dantzaldia prestatzen. Bertan ezagutu genituen Aia Kruse aktorea, eta Saad Kaiche gorputz bikoizketa egiten zuen benetako erraldoia. Eta haiekin jardun genuen dantzaldia prestatzen, gurekin batera dantzatzen baitzuten eszenan.
Handia filmaren errodajea. Argazkia: David Herranz.
Filmean zuzendari laguntzaile lanetan ziharduen Telmo Esnal-en eskutik iritsi zitzaigun proposamena, eta berarekin lehen zirriborroa prestatu ondoren Handiaren zuzendariekin, Jon Garaño eta Aitor Arregirekin kontrastatzeko aukera izan genuen. Harrigarria horrelako pelikula batean, eszena bakoitza, plano bakoitza, zer nolako pazientziarekin eta inteligentziarekin pentsatua, aztertua, eztabaidatua eta adostua den. Aitor eta Jon-ek atentzio osoz entzun eta ikusi zuten gure dantzaldi zirroborroa, galderak eta iradokizunak egin zituzten, eta erabat adeitsu zoriondu eta eskertu zuten gure ahalegina.
Handia filmerako dantza entsegua Artelekun.
Beizaman, Lete baserri ederrean izan zen errodajea. Produkzio lan-talde atseginak airean ibili gintuen batetik bestera, gainontzeko teknikari eta aktore taldea ezagutzeko aukera izan genuen, eta eztei-bazkaria eta bazkalosteko dantzaldia hainbat aldiz egin genuen, une bakoitzaz disfrutatuz.
Handia (2017). Zuzendariak: Jon Garaño eta Aitor Arregi. Argazki zuzendaritza: Jabier Agirre.
Montaje onenaren Goya saria
Handia pelikularen azken muntaketan ez da eztei-dantzaldiaren arrasto handirik. Segundu gutxi batzuk. Gure koreografia lanak gordeta geratu dira. Guri asko ikasteko balio izan ziguten, eta hor ikasitako gauza batzuk baliatu ditugu ondoren, adibidez Martin Zalakain-en. Pena bakarra, horren ondorioz ez garela koreografia onenaren saria jasotzeko aukerarik izan. Kar, kar, kar.
Handia filmaren errodajea Beizamako Lete baserrian. Argazkia: Jose Mari Irastorza.
Trukean, guraiziak ongien erabili dituenaren saria eskuratu du pelikulak. Izan ere, gauza jakina da 10 Goya eskuratu dituela Aitor Arregi eta Jon Garañoren Handia filmak. Horietako bat Muntaketa onenaren saria da, Laurent Dufreche eta Raúl López-ek eskuratu dutena. Kasualitatea, asteburu honetan, Martin Zalakain Baionan eskaini dugu, eta dantza saioa ikustera hurbilduz da Laurent Dufreche. Berak gu (emanaldiagatik) eta guk bera (Goya sariagatik) zorion-agurrak trukatu ditugu.
Sariak eta aitortzak
Handia (2017). Zuzendariak: Jon Garaño eta Aitor Arregi.
Produktoreei eta banatzaileei mesede egiten diete sariek, zabalkundean laguntzen baitute. Sortzaileek errekonozimendua eta oihartzuna jasotzen dute sariei esker. Baina pelikula nola egin den (lagin txiki bat besterik ez bada) ikusita eta filmea bera pantaila handian ikusita, gaude, errekonozimendu horiek ez dutela sarien menpe egon behar. Handia pelikula handia zen Goya saririk ez zeukanean ere, eta bakarra ere ez balu jaso ere, berdin mereziko luke euskal eremu honetako komunikabide, ikusle, kultur sistema eta erakundeetako ordezkarien aitortza eta errekonozimendua. Harrera beroa izan zuen Donostiako zinemaldian, baina pena ematen du kanpoko errekonozimenduaren zain egotea bertakoa eskaini ahal izateko. Horrek gutxitasun konplexua adierazten du. Izan gaitezen ausart eta zintzoak euskal sortzaileekin, kanpoko homologazioari itxaroten ibili gabe.
Handia filmaren errodajea Beizaman. Argazkia: Oier Araolaza – dantzan.eus CC by-sa
Asteburu honetan Eibarren
Handia pelikula 2017ko irailean, Donostiako zinemaldian estreinatu zen, eta urrian Eibarren ikusteko aukera izan zen. Ez dakigu Ane Urkiola kultur sustatzaile eta ikusentzunezkoen alorreko profesional eibartarrak xaxatuta, edo bestela ere hala pentsatuta zutelako, baina filmaren banatzaileak otsailaren 24an eta 25ean, alegia, larunbat eta igande honetan, Handia Eibarko Coliseo antzokian eskainiko du. Oraindik ikusi gabe baldin baduzue ezin duzue galdu.
“Arrate gainian 2017ko irailaren 8an”. Han bildu gintuen ezpata-dantzak kofrade guztiak, beterano-beteranoetatik hasi eta Arrateko ezpatak eskuan lehenengoz hartzen zituztenetaraino. 50 dantzaritik gora, eguaraldi ona, giro hobea, jendetza zelaian eta gu prest, dantza eta egun berezirako prest.
Argazkia: Felipe Loiola – dantzan-eus CC BY-SA
Zumarragako dantzariak gonbidatu
Argazkia: Felipe Loiola – dantzan.eus CC BY-SA
Kezka dantza taldeak ezpata-dantza Arratera berriro igo zuenetik, urtero-urtero gonbidatu berriak izaten dira gurean, askotan ezpata-txikiak eskuan eta azkendari lanetan ibiltzen dira, eta bestetan taldean, ezpata-luzeak elkarri emanda. Aurten ezpata-txikiak eskuan agertu zaizkigu Zumarragatik etorritako bi gonbidatuak; Oihane Vicente eta Eneko Galdos. Ezpatak ondo ezagutzen dituzte biek, beraien herrian, Santa Isabel jaietan Antioko baselizan azkendari lanetan ibilitakoak baitira. Dantzari finak biak, ederto bete zituzten lanak, aldare zein prozesioko zortzikoak eta baita ezpata-dantza zein trokeo-dantzetakoak ere. Zorionak eta eskerrik beroenak bi kofrade berriei.
Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC BY-SAArgazkia: Felipe Loiola – dantzan.eus CC BY-SA
Ohiturak mantenduz
Meza nagusian Gipuzkoako ezpata-dantzaren zortzikoa egin zuten dotore bi gonbidatuek, altare aurrean, Antion egin bezala. Ezpata-luzeekin elizako aldaretik hasi eta sarrerako aterainoko bi dantzari ilarak lagundu genituen Oihane eta Eneko, Josu Garatek taldearen gidaritza hartzen zuen bitartean.
Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC BY-SA
Meza ostean prozesioa laguntzen dugu talde osoak gurutzeraino eta Salvea kantatu ostean, eliza atarira bueltatu eta Amabirjinaren aurrean Gipuzkoako zortzikoa dantzatzen da berriro, Luken Aranburu eta Eider Agirrebeñak lagundu zituzten gonbidatuak azken honetan. Ondoren, zelaira hurbilduta, hau hartzeko prestatzen gara. 12:00ak aldera izaten da hori. Usartza txistulari taldeko lagunak prest izaten dira oholtzan, zezenaren doinuarekin dantzarioi zelaian ongietorria emateko. Aurten ere bertan ziren Enrike Montero, Iratxe Jimenez, Asier Castelos eta Iñaki Orbegozo. Zelaia luze eta zabaletara hartuta Gipuzkoako ezpata-txikien zortzikoa dantzatu zuten berriro lau azkenadariek eta bi parrilak osatuta, Jone Saez, Egoitz Blanco, Jone Lahidalga eta Miren Hazasek ere ezpata-txikiak hartu zituzten, Arrateko zortzikoa egiteko. Josu Garate eta Oihane Llorentek begiratzen zituzten parrilen gain gainetik.
Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC BY-SA
Ezpata-dantza amaituta Arrateko trokeo-dantzak bata bestearen atzetik egiten ditugu: Makil-txikiena, Makil-handiena eta Makil-brokelena. Eneko Galdosek hartu zuen lehenengo probalekuko aurreko aldea, makil-txikien buruzagi lanak elegantziaz osatuz. Oihane Vicentek jarraitu zuen hau, Makil-handien buruzagi lanak egin zituen honek eta baita ederto borobildu ere. Trokeo-dantzekin amaitzeko etxeko Luken Aranburuk izan zuen brokel-makilen buruzagi izateko ardura. Hiru dantzetako taldeak ere ederto aritu ziren zortziko eta jokuetan.
Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC BY-SA
Bazkalostekoak
Tiro Pitxoiko goiko jangela bete genuen ezpata-dantzara hurbildutako guztien artean. Han, bapo bazkaldu ostean Enrike Izagirrek berak idatzitako eguneko kronika ederra irakurtzen digu eta Oier Araolazak kofrade berriei ongietorria ematen die Arrateko Amaren dantzarion dominak entregatuz. Oihane eta Enekok pozik erantzun zioten honi. Gonbidatuak ez ziren, ordea, domina jaso zuten bakarrak izan. Arraten hamar urtez dantza egiten duten dantzariek ere beren domina propioa jasotzen baitute eta aurtengoan Esther Kareaga eta Abel Iriondok eskuratu dute hau. Zorionak biei!
Argazkia: Felipe Loiola – dantzan.eus CC BY-SAArgazkia: Felipe Loiola -dantzan.eus CC BY-SA
Arrate gainian, zelaian dantzan hasitakoa, zelaian dantzan amaitu zen 2017 honetan ere. Horrela jarrai dezan urte askoan!
Koko-dantzak, 2018-02-03. Argazkia: Fernando Retolaza – Kezka dantza taldea CC BY-SA
Koko-dantzen festan harrapatu gintuzten Goya sariek. Dantza eta kantu artean, astirik ez telebistari begiratzeko. Eta hori geu ere Handia pelikula sarituaren parte sentitzen garala, bertan parte hartzeko opari ederraz gozatu baitugu.
Handia filmaren errodajea. Argazkia: David Herranz (DV).Handia filmaren errodajean parte hartutako dantzariak eta musikariak, Beizama, 2016-04-25.
Gero jakin dugu Eneko Sagardoik jaso zuela gaualdiko lehen Goya saria, eta bere esker hitzetan Txotxe aipatu zuela. Hemen unea:
Txotxe, Jose Martin Urrutia, irakasle eta antzerkilari elgoibartarra, Durangon Kurutziaga ikastolan irakasle zela antzerki tallerrak martxan jarri, eta hainbat durangar gazte, antzerkiaren munduan sartzearen erantzulea, tartean, Eneko Sagardoi bera.
Koko-dantzek ere badute zor txiki bat Txotxekin, izan ere, orain 10 urte, koko-dantzetarako maskarak egiten irakatsi zigun. Elgoibarko Ekekei antzerki taldearen eskutik egin genuen maskara tallerra eta txotxe berak jardun zuen irakasle bertan.
Biharamunean kolpea. Txotxeren heriotzaren albistea. Antzerkia bultzatuz eta sustatuz lan eskerga egin duen Jose Martin Urrutia igande goizean hil zen, 56 urterekin. Eneko Sagardoik hauxe idatzi dio: “Atzo eskertu nizun eta gaur joan zara. Bizitza eman zenidan gehien behar nuenean”.