Ia 30 dantzariz osatutako soka lasterka bizian sartu zen Untzagako plazara 2017ko ekainaren 24an, gaueko 23.00ak eman berri zirenean. Eider Agirrebeñak egin zion tira sokari eta bera aritu zen aurresku lanetan; Ander Garitagoitia berriz, atzeskua aritu zen.
Argazkia: Iñaki zugasti – dantzan.eus CC BY-SA
Behin soka plazaren erdian kokatuta, desafioan aritu ziren aurresku eta atzeskua, nor baino nor dantzan.
Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC By-SAArgazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC By-SA
Desafioaren ondotik, San Juan zortzikoarekin sokako kide guztiek batera ekin zioten lehenengo eta jarraian, abarketen doinuarekin, bi edo hiru dantzariz osatutako taldetxoetan egin zuten dantza, nork bere onenak emanda. Jendez lepo zegoen plaza eta txalo zaparrada jaso zuten dantzari guztiek ere.
Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC By-SA
Usartza taldeko Enrike Montero, Ainhoa Urkizu, Asier Castelos eta Iñaki Orbegozo txistulariek lagunduta, aurtengo gonbidatuei, Ballet Eibarreseko ordezkariei agurra eta Aita San Miguel doinuak eskaini zizkieten aurresku-atzeskuek.
Argazkia: Felipe Loiola – dantzan.eus CC BY-SA
Hala, 2017an gonbidatu izan diren Ballet Eibarreseko lagunek gurekin batera fandango eta arinarina dantzatu zuten eta su-artifizialei bide eman genien, urtero bezala.
Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC By-SAArgazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC BY-SA
Azkenengo bi urteetan aterpean dantzatu ondoren, Untzaga plaza gogoz hartu genuen Kezkako dantzariok aurtengo dantzari egunean, 2017ko ekainaren 16an.
Hala, Euskal Herriko txoko guztietako dantzak ekarri genituen Untzaga plazara; Gipuzkoatik, Nafarroara, Bizkaiara zein Zuberoarainoko dantza bidaia eskaini genien Untzagako harmailetara hurbildu ziren lagunei.
Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC BY-SA
Jarraian azalduko ditugun dantza guztiei doinua jartzen aritu ziren musikariak honakoak izan ziren: Adolfo Jainaga eta Unai Narbaiza trikitilariak; Jose Miguel Laskurain, Andoni Urbieta eta Mikel Etxaniz gaiteroak; Amaia Baglietto, Josu Agirre eta Andoni Altzibar txistulariak eta Inaki Barua atabalaria.
Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC BY-SA
Ikasturtean zehar fin-fin landutakoak plazan erakusteko aukera izaten da dantzari eguna; dantzari txiki zein handientzat eta horrela gertatu zen aurtengoan ere:
2009an jaiotako neska-mutilek eman zioten hasiera familia eta lagunez betetako plaza ikuskizunari. Abaltzizketa eta Lizartzako dantza alai eta jostariak ekarri zizkiguten, Olaiz Agirrebeña irakaslearekin urte osoan prestatu ondoren. Primeran pasa zuten eta hala pasarazi ziguten ikusleoi ere; mejon deizuela!
Argazkia:Felipe Loiola – dantzan.eus CC BY-SA
Jarraian, 2010ean jaiotako taldearen txanda izan zen; Egoitz Blanco, Miren Hazas eta Olaiz Agirrebeñak zuzendutako neska-mutilek Esku-dantza, Marmutx eta Iturria egin zituzten, ikusleen txaloek etengabe lagunduta. Aurten plazara irten den talde gazteena izan da eta ziur errepikatzeko gogoa edukiko dutela, primeran pasa baitzuten.
Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC BY-SA
2008an sortutako dantzariak izan ziren hurrenak Untzagako ikusleen irribarrea hauspotzen, izan ere, sorgindantza plazaratu zuten Jone Lahidalgaren neska-mutilek aurtengoan. Kukurutxo gorriek, muxuek eta haserrek xarma berezia ematen diote dantza dibertigarri honi eta, beraz, hirugarren dantzari talde horrentzat ere ez zen txalorik falta izan.
Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC BY-SA
Ihauteri girotik Lesakako San Ferminetaraino egin genen salto 2007ko mutiko taldearen eskutik. Ander Garitagoitiak gidatutako taldea indartsu sartu zen plazara eta erreka baino ez zitzaien falta izan ekain betera uztailaren 7a ekartzeko. Energiaz betetako zubigainekoa eskaini ziguten, argazkian ikusi daitekeen moduan.
Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC BY-SA
Musika alaiarekin jarraituta, Lapurdiraino joan ginen 2006an jaiotako dantzarien eskutik. Miren Hazas eta Jone Lahidalgak zuzendu duten taldea osatzeko dantzara atera zen Jone bera eta ondo baino hobeto ekarri zituzten Lapurdiko makil-txikiena eta jauziak. Lan ederra neska-mutil hauena ere!
Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC BY-SA
Hurbilagora etorrita, 2005eko dantzariek Bizkaiko dantzari-dantza eskaini ziguten. Egoitz Blancok eta Olaiz agirrebeñak ikasturte osoan zehar irakatsitako dantzak plazan gauzatzeko ordua iritsi zitzaien eta nork bere onenak eman zituen. Ederra izan zen dantzari gazteak dantza honi eskatzen duen indarra eta energia ematen ikustea.
Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC BY-SA
Urtebete zaharragoek, 2004an sortutako neskek, gipuzkoako neskatxen soka-dantza sartu zuten plazara segidan. Dantza horrek eskatzen duen elegantzia eta determinazioa ekarri zituzten hamar neska gazteek, eta argi utzi zuten lana gogotik egin dutela aurtengoan Olaia Gabirondo eta Olaiz Agirrebeña irakasleekin.
Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC BY-SA
Emanaldiak aurrera jarraitu zuen, oraingoan 2007ko neska taldearen eskutik. Maider Otaolak zuzendutako taldeak Sarian Zunzun abestu eta danzatu zuen, erratzak eskuan hartuta eta 2005eko nesken ahotsek lagunduta. Irria margotu zuten berriro Untzagan bildutako ikuslegoaren aurpegietan.
Argazkia: IZ – dantzan.eus CC BY-SA
Dantza eskolako beteranoen txanda etorri zen gero; Ander Garitagoitiak zuzendutako 2001 eta 2002ko dantzari taldeak Cortesko dantzak eskaini zituen, Nafarroako doinu azkar bezain ederrak dantzan jarriz. Paseilloa, paloteadoa eta zinta-dantza ekarri zizkiguten, fin-fin gure gaiteroek lagunduta.
Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC BY-SA
Azken-aurreko posta egokitu zitzaien aurtengoan 2003ko neska-mutilei. Luken Aranbururen taldeak Arrateko Amaren trokeo dantzak jaitsi zituen Untzagako plazaraino eta erakutsi ziguten prest daudela Arrateko zelaia bera hartzeko ere.
Argazkia. Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC BY-SA
Azkenik, Kezkako helduen txanda iritsi zen eta azkenengo bi urteetan landutako Xiberuako maskaradak hurbildu zituzten Eibarko plaza nagusira. Dantza horiek eskatzen duten teknika eta izaera ahalbait ondoen islatzen saiatu ginen, dantzarako horrelako aukera paregabea gozatuz.
Argazkia: Felipe Loiola – dantzan.eus CC BY-SA
Beste ikasturte bati ekin diogu dagoeneko, banan beti da momentu ona egindako lanak fruituak ematen dituela gogratu eta datorren urteko dantzari-egunera begira lanean jarraitzeko indarrak hartzeko.
KOko-dantzak Azpiri baserrian, Eibar, 2017-02-18. Argazkia: Fernando Retolaza
Otsailaren 3an, San Blas egunez, ospatuko ditugu Koko-dantzak 2018 urte honetan. Aurten Mandiola eta Aginako baserrietan ibiliko gara. eta gero, ohi bezala Eibarko erdiguneko kaleetan izango da koko-dantzarien kalejira. Hona ordutegia:
Koko-dantzak 2018
2018ko otsailaren 3an, larunbata:
8:30 Merkatu plazan lehen agerraldia
9:00 – 15:00 Koko-dantzak eta koko-eskea Mandiola eta Agina aldeko baserrietan.
19:00-21:00 Anbulategian batu eta Zuloagatarren, Toribio Etxebarria, Untzaga, Kalberton eta Plaza Barria kale eta plazetan koko-dantzak Mauxitxarekin.