Kezkako dantzariak Telmo Esnal-en “Dantza” filmearen errodajean

Telmo Esnal zine zuzendari eta dantzaria Dantza izeneko pelikula grabatzen ari da, eta bertan parte hartzen ari gara Kezkako dantzariak. Telmo Esnal zuzendari lanetan ari da, eta bi sortzaile ditu laguntzaile, Koldobika Jauregi eta Juan Antonio Urbeltz.

Koldobika Jauregi artista plastikoa arduratzen ari da jantzi eta atrezzoen diseinu eta estetikaz. Bestalde, Juan Antonio Urbeltzek euskal dantzarekin landutako mundu sinbolikoa eta Argiarekin plazaratutako eredu koreografikoan inspiratzen da dantza proposamena. Javi Agirre da filmeko argazki zuzendaria.

Euskal dantzariak

Euskal dantzariak, euskal dantza tradizionalean diharduten dantzariak dira nagusiki filman parte hartzen ari direnak, eszena batzuetan dantza garaikideko dantzariak ari badira ere.

Leitza: Dantza filmaren grabaketa 2017 talde-argazkia
Dantza filmaren grabaketa Leitzan, parte hartzaileen argazkia, 2017-05-14.

Argia dantzari taldeko dantzariak eta Argiaren inguruan lanean diharduten taldeetako dantzariak dira filmaren protagonistak: Arkaitz, Duguna, Haritz, Gure-Kai, Kezka, Urki, Astigar, Maritzuli edo Elai Alai taldeetakoak besteak beste, eta azken egunetako errodajeetan, beste hainbat herri eta taldetako dantzariek parte hartu dute.

Ezkio-Itsaso, Arantzazu, Belchite, Leitza…

Orain hiru urte hasi zen Telmo Esnal filmaren eszena baten grabaketarekin, hain zuzen ere Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserri-dolarean egin zen grabaketa hura. Filmea egiteko finantziazioa lotu ondoren, 2017an hasi dira grabaketak egiten, eta Kezkako dantzariak Arantzazu, Belchiten (Aragoa) eta Leitzan izan dira errodajeeetan parte hartzen.

Datozen hilabeteetan jarraituko dute grabaketek, eta 2018rako filma prest egotea espero da.

https://dantzan.eus/kidea/kezka/dantza-filmea-errodajea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude