Utah-ko Unibertsitateko ballet ikasleak astebetez izan ditugu Euskal Herrian euskal dantzen oinarriak ikasten. Guztira, Utahko Unibertsitateko dantza graduko hamaika dantza ikasle ibili dira gure artean. Kezka dantza taldeak bere “etxean”, Portalea Kultur Etxean egin dien harrera, eta bertako dantza-gelan, Dantzertin eta Gipuzkoako Dantzagunean jaso dituzte dantza-klaseak.
- Utah-ko dantza ikasleak Sabin Bikandiren eta Patxi Labordaren klasean Dantzertin. Bilbo, 2017-05-09. Argazkia: Oier Araolaza-Dantzan.eus CC-BY-SA
Utahko Unibertsitateko dantza ikaslek Character Dance Ensemble taldean aritzen dira eta urtero tokiko dantzak ikasteko bidaia bat egin ohi dute. Beraien balleteko ikasketak osatzeko tokiko dantza tradizionalek egindako ekarpenei garrantzi handia ematen diote, helburua da tokiko dantza baten ezaugarri propioak eta estiloaren izaera jasotzea. 2008an etorri ziren lehen aldiz Utahko Unibertsitateko ballet ikasleak euskal dantzak ikastera, eta oraingoan beste belaunaldi batek errepikatu du esperientzia.
Utah-ko dantza ikasleak Deia egunkariko azalean.
- Utah-ko dantza ikasleak Gipuzkoako Dantzagunean Gari Otamendiren klasean. Errenteria, 2017-05-11. Argazkia: Oier Araolaza-Dantzan.eus CC-BY-SA
Dantzan.com-en koordinaziopean, eta Dantzan Ikasi programaren babesarekin, Kezkako, Dantzertiko, Argia-Ikerfolkeko, Aiko taldeko eta Bilbao Musikako irakasleen dantza-klaseak jaso dituzte Euskal Herrian egindako egonaldian. Gipuzkoako eta Zuberoako dantzak, eta fandango eta arin-arinak landu dituzte gehienbat, eta Gari Otamendi, Josu Garate, Sabin Bikandi, Patxi Laborda eta Oier Araolaza izan dituzte irakasle.
- Utah-ko dantza ikasleak Josu Garaterekin beroketa ariketak egiten. Eibar, 2017-05-10. Argazkia: Oier Araolaza-Dantza.eus CC-BY-SA
Dantza gelatik kanpo ere bai
Dantza-eskolez gain Euskal Herria apur bat ezagutzeko aukera izan dute amerikar dantzariek. Donostia eta Bilbo hiriburuak, baina baita herri txikiagoak ere bai, eta adibidez, Deban, bertako San Roke ezpata-dantzaren historia eta ibilbidea ezagutzeko aukera izan dute, parrokia eta udaletxe plazatik hasi eta San Roke ermitaraino igoz, eta ingurune ederrak animatuta Santa Katalinaraino iritsiz.
- Utah-ko ikasleak Andoni Iriondo Gure Kai dantza taldeko kidearekin. 2017-05-10, Deba. Argazkia: Oier Araolaza CC-BY-SA
- Utah-ko dantza ikasleak San Roke ermitatik Santa Katalinara bidean. 2017-05-10, Deba. Argazkia: Oier Araolaza-Dantzan.eus CC-BY-SA
Ikasitakoa ikusteko, eta egonaldiari amaiera biribila emateko emanaldi pedagogiko bat osatu dute Kezka, Argia eta Utahko dantzariek. Kezkako eta Argiako dantzariek oholtza gainean dantzatu dituzte ikastaroan zehar landukotako dantzak. Utahko dantzariek, berriz, astean zehar ikasitakoa eta beraiek Salt Lake Cityn duten taldearekin egin ohi dituzten dantzetako batzuk eskaini dituzte.
- Utah-ko dantza ikasleen emanaldia Portalean. Eibar, 2017-05-12. Argazkia: Josu Garate-Dantza.eus CC-BY-SA
Egonaldia laburra bezain intentsua izan da. Bertako dantzak ikasteaz gain turismoa egiteko eta Euskal Herriko dantzariak ezagutzeko aukera ere izan dute. Zenbait klase, Dantzertiko, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Mailako Eskolako, eta Dantzan Ikasiko ikasleekin batera jaso dituzte. Etorri aurretik eta orain zer esanik ez, Utahko ballet ikasleek argi daukate euskal dantzak ikastea interesgarria eta aberasgarria zaiela beraien dantzari formakuntzan.