1937ko apirilaren 25ean bonbardatu zuten Eibar hegazkin nazionalek, sei hilabetez gerrako frontea bertan izan ondoren. 80 urte pasata, egun hura gogora ekarri duten ekitaldietan parte hartu du apirileko azken egunetan Kezka dantza taldeak.
Apirilaren 28an eta 29an, ostirala eta larunbata hurrenez hurren, ikuskizun berezi baten bidez oroitu dira Eibarren gerra zibilaren inguruko gertakari eta ezbeharrak. Jesus Gutierrez historigilea hizlari zela, herriko zenbait elkartek hitzaldia dramatizatu zuten Coliseo Antzokian lehenengo eta Untzaga Plazan ondoren. Josu Mugikak koordinazio artistikoarekin Nerea Arriola biolinista, Marisol Arrillaga soinujolea, Biraka Dantza Taldea, Koro Gaztea, La Novena, Lekim Animazioak, Itzamna, Legarreko Musika Sormenerako Gunea, José Luis Valenciaga, herriko zenbait aktore eta gu ,Kezka Dantza Taldeako dantzariak aritu ginen lanean.
Ordu eta erdi inguruko ikuskizunean errepublika garaiko Eibar, frontea, setioa eta gerra osteko Eibarren ingurukoak kontatu ziren 4 ataletan. Garaiko bideo, argazki, lekukoen ahots, atzerki, dantza eta Gutierrezen hitzek bideratu zuten ikuskizuna eta bi egunetan Coliseo Antzokia eta Untzaga plaza jendez lepo egon ziren.
Kezka 1937ko Aberri Eguneko erromerian
1936ko uztailean hasi zuen sarraskia gerrak, eta 1937an horrek bere bidean zirauen arren, Eusko Jaurlaritzak aberri eguna ospatzea erabaki zuen. Martxoaren 28an zenbait herri jai giroan murgildu ziren, eta horietako bat izan zen Eibar. Goizaldetik hasita meza, txirrindularitza, pelota partidak, harrijasotzaileak eta dantzak izan ziren Eibarren eta hor, dantza horiek gogora ekarri nahian izan ginen gu ere.
Soltean aritu ginen dantzan, irudiotan ikus daitekeen bezela, garaiko erropekin festa egun handirako atonduta. Fandangoa taldeka, bikoteka, jiraka, eta bueltaka egin genuen, festan, alai. Hau amaitu ostean elkarri eskua emanda soka osatu eta kalejiran utzi genuen antzezlekua. Hilabetera bonbardatu zuten Eibar.
Hemen ikuskizun horretan egindako parte-hartzearen argazki gehiago: