Apirilaren 6an zendu da 95 urterekin Juana Unzueta Garcia (Eibar, 1924-2017), Ballet Eibarres dantza akademiako sortzailea eta irakasle izandakoa. Eibarko Fermin Calbeton kalean jaio zen 1924ko ekainaren 16an, eta Gerra Zibiletik ihesi, lau urteko anaia Armandorekin Errusiara bidali zuten 1937an. Balleta ikasi zuen bertan Vladimir Biely irakasle errusiarrarekin, eta besteak beste Antzoki Handian zein lantegi handietako langile errusiarren aurrean hainbat emanaldi eskaini zituen.
Aurreskua Siberian, Stalin-en aurrean jota
Juanita Unzuetak gogoan zuen nola behin, Stalin-en aurrera eraman zituzten eta euskal jota bat dantzatu zuen mandatariaren begiradapean. Beste batean, Siberian, militar amerikar baten epaiketan aurreskua dantzatu zuen. 1956an itzuli zen Errusiatik, Eibarren dantza eskola jarri eta Ballet Eibarres izenarekin erretiroa hartu arte jardun zuen bertan irakasten. Bere eskolan ikasi zuten, besteak beste Iker Gomez dantzari eta koreografoak, eta Ballet Eibarres-i jarraipena ematen dion Pili Alonso irakasleak.