Hileko artxiboak: apirila 2017

“Eibar 1937: 80 urte” ikuskizunean parte hartuko dugu

Gaur eta bihar, Gerra Zibilean Eibarren gertatutako bonbardaketa eta gertakarien inguruko hitzaldi-ikusgarrian parte hartuko dugu Kezka dantza taldeko dantzariok. Jesus Gutierrez gidoilari eta hizlari, eta Josu Mujikaren koordinazio artistikoarekin, lan-talde zabalak parte hartuko ekitaldian: Nerea Arriola biolin-jotzailea, Biraka Dantza Taldea, Koro Gaztea, Lekim animazioak, Itzamna, herriko hainbat antzezle eta Kezka Dantza Taldea.

Ekitaldiari buruzko informazio zabala Ego Ibarraren webgunean: Eibar 1937: 80 urte

Kezka gerra zibila eibar 1937-2017 80 urte

Eibar 1927: 80 urte

  • Apirilak 28, ostirala, 20:30 Coliseo antzokian.
  • Apirilak 29, larunbata, 22:00 Untzaga plazan.

Juanita Unzueta, balleta Errusiatik Eibarrera ekarri zuen emakumea hil da

Apirilaren 6an zendu da 95 urterekin Juana Unzueta Garcia (Eibar, 1924-2017), Ballet Eibarres dantza akademiako sortzailea eta irakasle izandakoa. Eibarko Fermin Calbeton kalean jaio zen 1924ko ekainaren 16an, eta Gerra Zibiletik ihesi, lau urteko anaia Armandorekin Errusiara bidali zuten 1937an. Balleta ikasi zuen bertan Vladimir Biely irakasle errusiarrarekin, eta besteak beste Antzoki Handian zein lantegi handietako langile errusiarren aurrean hainbat emanaldi eskaini zituen.

Aurreskua Siberian, Stalin-en aurrean jota

Juanita Unzuetak gogoan zuen nola behin, Stalin-en aurrera eraman zituzten eta euskal jota bat dantzatu zuen mandatariaren begiradapean. Beste batean, Siberian, militar amerikar baten epaiketan aurreskua dantzatu zuen. 1956an itzuli zen Errusiatik, Eibarren dantza eskola jarri eta Ballet Eibarres izenarekin erretiroa hartu arte jardun zuen bertan irakasten. Bere eskolan ikasi zuten, besteak beste Iker Gomez dantzari eta koreografoak, eta Ballet Eibarres-i jarraipena ematen dion Pili Alonso irakasleak.

Ballet Eibarres 1970
Ballet Eibarres, 1970. Argazkia: Plazaola.

Gorosta eta Mandiola hamargarrenaren lekuko

Aurten ere etorri eta joan dira inauteriak Eibarren. Azken hamar urteotan Koko-dantzek ekarri dute jaia herrira eta pasa den otsailaren 18an Gorosta eta Mandiolako bailarek izan zuten kokomarru, dantzari eta gainontzeko pertsonaia guztiak dantza eta kantuan ikusteko aukera.

Lau urteko zikloetako 3. bueltan sartuta, aurrean aipatutako bailaretan gora eta behera, baserriz-baserri, aritu ginen Kezkako dantzariek osatutako koko-kuadrila. Urtea joan eta urtea etorri, gainera, hango zein hemengo lagunak ere gehitu zaizkigu komitibara eta hauen laguntzaz jaia geroz eta handiago, ederrago egiten ari da. Eskerrik asko!

2017 02 18 Koko dantzak FR 09 kk17 DSC6504
Koko-dantzak. Argazkia: Fernando Retolaza dantzan CC BY-SA

Eibar zuloan dago, bai, baina bertan egote horrek ematen dizkigu inguruko mendi eta bailarak eta horrela, zuloan hasi, aldapan gora eta behera ibili eta berriro ere zuloan amaitzen ditugu koko-dantzok; merkatu-plazatik mendian gora eta bailarotatik Eibarko kaleetara.

Horixe ba urteroko jarduna: dantza, kantua, jan-erana eta festa. Jardun horri hasiera goizean goiz eman genion aurten ere: 08:30etarako Merkatu plazan! Bertan bota zuen Don Eusebiok lehen txapligua eta agurtu genituen baserritik produkturik onenak ekartzen ditutzen baserritarrak ere.

2017 02 18 Koko dantzak FR 01 PLAZIAKK17 DSC5944
Koko-dantzak. Argazkia: Fernando Retolaza – dantzan CC BY-SA
2017 02 18 Koko dantzak FR 01 PLAZIAKK17 DSC5975
Koko-dantzak. Argazkia: Fernando Retolaza – dantzan CC BY-SA

Zuloa lagatzeko momentu iritsi eta bailarak zain genituen goizean goizeko ihintza urtzen hasi zenerako.

2017 02 18 koko dantzak FL 0960
Koko-dantzak. Argazkia: Felipe Loiola – dantzan CC BY-SA

Azken urteetan hartutako martxari jarraituta taldearen erdia fungonetaz iritsi zen Gorosta zein Mandiolan urrutien gelditzen diren baserrietara. Horrela, ASua, Gisasola, Berretxinagoikoa, Ixua baserria, Ixua jatetxea, Nebera, Iturruagoikoa, Iturruabehekoa, Mandiolaginekoa, Mandiolazpikoa eta Arlaban egin dituzte bata bestearen ostean baina ez jarraian.

Izan ere, aurtengoan baserriko produktuak otarrean bezala sartu ditugu sabelean ere. Baserriotan hamarretako, hamaiketako eta hamabitakoak ere egin ditugu. Ederrak zeuden baserritarrek prestatutako odolostea, txistorra eta kroketak, besteak beste. Argi gelditu zaigu beste urte batez ere, ortuan bezain ongi moldatzen direla gure baserritarrak sukaldean!

2017 02 18 koko dantzak FL 1334
Koko-dantzak. Argazkia: Felipe Loiola – dantzan CC BY-SA

Bestalde, koko-dantzetatik gehien gustatzen zaigun alderdietako bat gugandik hain hurbil baina batzuetan hain urrun dauden baserrietako bizilagunekin elkartzea eta elkar ezagutzea da. Dantzarako, kanturako eta berriketarako aukera izan ohi dugu eta asko izaten dira egun honetan bizitako momentu hunkigarriak: txikienen irribarreetatik hasi, gazteen indarretik pasa eta helduen istorioetaraino. Aurtengoan ere dantzan, irribarrez eta malko txikiren batekin ospatu dugu elkartzeko aukera.

2017 02 18 koko dantzak FL 1305
Koko-dantzan. Argazkia: Felipe Loiola – dantzan CC BY-SA
2017 02 18 koko dantzak FL 1295
Koko-dantzan. Argazkia: Felipe Loiola – dantzan CC BY-SA

Ibilbidea oinez egin zuen taldeak, aldiz, Orbetik gora hasi zuen jarduna, eta baita ondo hasi ere. Aldapan gora hasi eta hori berori abesten amaitu genuen lehenengo baserrian, Eskaregin. Bertako txikiak, Haritzek, panderoa esku artean hartu eta koko jantzitako guztiak dantzan jarri bait gintuen San Blas eta kafe artean gosaria egiten genuen bitartean!

2017 02 18 Koko dantzak FR 02 ezkaregikk17 DSC6027
Koko-dantzak. Argazkia: Fernando Retolaza – dantzan CC BY-SA

Kontzertua gutxi ez eta amak egindako Burburixo erropak jantzita batu zitzaingun ibilbidera Haritz, hau bai fitxajea!

2017 02 18 Koko dantzak FR 08 aizpiri kk17 DSC6373
Koko-dantzak. Argazkia: Fernando Retolaza – dantzan CC BY-SA

Hurrengo baserri guztietan, Eskaregin, Agirregainekoan, Agirreazpikoan, Azaldegigainekoan, Nagiorben, Nagiorbebekoan, Bonetan, Sagarbietan, Azpirin, Mandiolagainekoan, Mandiolazpikoan eta Asolaazpikoan harrera ezin hobea egin ziguten etxeetakoek. Porru, patata, sagardo, sagar, intxaur, gazta, txorixo, aza eta abarrak emateaz gain mahai gaina ere odoloste, salda, tortila, okela egosi zein San Blasez beteta eskaini ziguten eta egon ziren baita etxean egon ezin eta atarian janari poltsa ederra laga zigutenik ere! Eskerrik asko hamaikagarrenez Eibarko baserritarrei!

2017ko Koko-dantza hauetan Azpiri baserriko atarian elkartu ginen bi taldeak. Gertukoa dugun baserria da gainera eta jendetza batu zen bertan, hangoak eta hemengoak, denak dantzan, denak saltsan! Mahai inguru ederra jarri ziguten Azpirin ere eta denok bertan geundela Koko-marruen soka-dantza egiteko plaza ederra ikusi genuen. Baita taldeko argazkia ateratzekoa ere.

2017 02 18 koko dantzak FL 1404
Koko-dantzan. Argazkia: Felipe Loiola – dantzan CC BY-SA
2017 02 18 koko dantzak FL 1452
Koko-dantzan. Argazkia: Felipe Loiola – dantzan CC BY-SA

Fox-trotarekin hasi eta arin-arinarekin bukatzen duen koko-dantza, lotuan, sueltuan eta makila-dantzan egiten duguna, kalejirak eta kokomarruen soka-dantza izan dira orain arte koko-dantzen errepertorioko pieza nagusiak, baina aurten habanera ere gehitu zaio honi. Marian Arregik Pepe Andoain-i ikasitako Molinatxo habanerarekin koko-dantzak eta baserri inguruak paregabeko eszenatoki bilakatu zitzaizkigun pega-pega eginda Habana Eibarko alturetara hurbiltzeko.

2017 02 18 Koko dantzak FR 07 sagarbitza kk17 DSC6283
Koko-dantzak. Argazkia: Fernando Retolaza – dantzan CC BY-SA

Baserrietako lanak amaituta, eta zulo ederrera bueltan, atseden apur bat hartu eta indarrak berreskuratzeko parada izan genuen Unbe elkartean. Hor ere taldeko mallabitarrek ekarritako enpanadak eta salda tradizio bilakatzen hasiak dira jada! Atsedenerako tartea ez da luzea izaten eta konturatu orduko Eibarko kaleak zain genituen festa jarraitzeko.

2017 02 18 koko dantzak FL 1722
Koko-dantzan. Argazkia: Felipe Loiola – dantzan CC BY-SA

19:00etan bildu ginen berriro ere dantza eta kantuari ein genion. Oraingoan baserri inguruetan paregabe lanean aritutako musikariei Mausitxak hartu zien lekukoa eta Zuloagatarren, Toribio Etxebarria, Untzaga, Kalbeton eta Plaza Barrian aritu ginen koko-dantzak erakusten! Eibartar ugari bilbu izan dira hasieratik jai honen inguruan baina orain, lehenengo txapligua entzun eta koko-dantzetako lehen bertsoak entzun zirenetik hamar urtera, giroak hobera egin du! Zuri ere eskerrik asko Eibar eta uste askotarako Koko-dantzak!

2017 02 18 koko dantzak FL 1895
Koko-dantzan. Argazkia: Felipe Loiola – dantzan CC BY-SA

Kolorez, inauteriz eta dantzaz jantzitako argazki gahiago ikusi nahi? Hona Fernando Retolaza eta Felipe Loiolaren koko-galeria:
Koko-dantzak 2017