Ramon Saizarbitoria idazle eta soziologoa omendu du Gipuzkoako Foru Aldundiak urrezko dominaren bidez 2016 urtearen hondarrean. Sari honekin bere lana eta euskara batuaren alde egindakoak eskertu nahi izan dizkio Aldundiak. Ezpata-dantzariek egin ziote harrera omenduari abenduaren 15ean Donostian egin zen ekitaldian, ohi moduan Gipuzkoako ezpata-dantza eskaini baitzioten probintziako hainbat txokotatik hurbildutako dantzariek.
Gipuzkoa Plazan, Foru Aldundiaren atarian, burutu zen ezpata-dantza. Bertan, Ahaldun Nagusia ondoan zuen Saizarbitoriari parez pare hurbildu zitzaion ezpata-dantzarien taldea Usartzako txistularien doinura. Zubia egin eta azkendariek ezpata txikiak dantzatu zituzten idazlearen aurrean. Etorritako bidetik itzultzen hasita, ganberadun zubia egin zitzaion Aldundiko eraikinaren atean.
Argia dantza taldearen zuzendaritzapean Arkaitz (Añorga), Aurtzaka (Beasain), Haritz (Elgoibar), Gure-Kai (Deba), Sahatsa (Azkoitia-Azpeitia), Urki (Andoain) eta Kezka (Eibar) dantza taldeetako dantzarien eta Usartza (Eibar) txistulari taldeko musikarien artean osatu da ezpata-dantza. Azkendari lanetan Joseba Astarbe, Gari Otamendi, Miren Hazas eta Igor Baroja aritu ziren eta Josu Garatek hartu zuen taldearen buruzagitza.
Felipe Loiola eta Iñaki Zugastik egindako argazki galeria zabalago bat ikus dezakezue hemen: