Horixe dio Eibarko kaldereroen konpartsak abesten duen abestietako batek. Izan ere bai, horrela iritsi ziren kaldereroak herrira 1991an, gerra aurreko konpartsa hura berreskuratu eta Estaziño kaletik gora kalejiran irten aurretik.
Urteak dira, ordea, taldea Urkizun batzen hasi zela eta aurten ere iturri aurrean elkartu ginen denok, otsailaren 24an, barixaku erregularrean; Lagun taldea, Txolarte, Jainagaren trikitixa eskola, Ustekabe fanfarea, Untzagako egoitza, Kaleetan kantuz, Kezka dantza talde eta dantza eskolako kideak eta bere kasa hurbiltzen zaizkigun hainbat lagun bildu ginen hain zuzen ere, eta handik Untzagarainoko bidea egin genuen eibartar ugari kaleen bazterretan batzen ziren bitartean. Ederra giroa!
Zartagin eta mailu hotsek, kantu eta dantzekin batera girotu zuten kalejira eta Hartzak ere bereganatu zuen, nola ez, ikusleen arreta. Untzagara iritsitakoan, Eibarko rugbiko neskek pregoia indartsu bota eta Hartzaren dantzarekin amaitu genuen Kaldererook 2016ko lana.