Ostegunean irailak 8, Arrateko dantzak berriz Arraten izango ditugu. Gaur, asteartea 6, entsaio nagusia izango dugu Arraten bertan.
Gonbidatu nafarrak
Aurten Iruñeko Duguna dantza taldeko bi dantzari izango ditugu gonbidatu bereziak: Leire Leza eta Julen Fagoaga. 2009an talde bereko Aritz Ibañez izan genuen gonbidatu, eta bera ere gertu izango dute aurten. Horrez gain, iazko bi gonbidatuak, Aitor Sorazu eta Karmelo Angiozar berriz izango ditugu bakarlari lanetan. Izan ere, iazko Arrate egunean arazo fisikoak izan zituzten dantzan eta ezin izan zituzten prestatutako dantzak nahi bezala osatu, beraz, aurten berriz dantzatuko dituzte.
Ordutegia
Ohi bezala, irailaren 8an, goizeko 11:00etako mezan egingo dute lehen dantza saioa Arrateko Amaren Kofradiako ezpata-dantzariek. Ondoren, prozesioan parte hartu eta Ama Birjina elizara erretiratzen den unean dantzatuko dute bigarren aldiz Arrateko ezpata-dantza. Zelaira etorrita, 12:30etatik aurrera eskainiko dituzte ezpata-dantza osoa eta trokeo-dantzak.