Zuricheko Folklore Jaialdian dantzatuko du Kezka dantza taldeak

Suitzara, Zurichera abiatuko da Kezka dantza taldea bihar, osteguna, ekainak 30, eta uztailaren 1etik 3ra bertan ospatuko den Nazioarteko Folklore Jaialdian parte hartuko dute dantzari eta musikari eibartarrek. 35 lagunez osatutako espedizioak lau emanaldi eskainiko ditu ostiraletik igandera Zurichen, Lindenhof parkean ospatuko den folklore jaialdian.

Villach 2013 Kezkako eta Georgiako dantzariak
Kezkako dantzariak Georgiako dantzariekin Austrian, Villach-en, 2013an. Argazkia: Iñaki Zugasti.

Jaialdi handia da Zurichekoa. Hiru urtetik behin ospatzen da, eta antolatzen denean ekitaldi erraldoia izaten da. Eibarko taldearekin batera mundu osoko beste 27 taldek parte hartuko dute bertan. Zerrenda luzea da beraz: Kuba, Grezia, Eslovakia, Kroazia, Mexiko, Serbia, Polonia, Bulgaria, Egipto, Italia, Errusia, Thailandia eta Suizako taldeek parte hartukoInternationales Volkstanztreffen Zürich jaialdian.

Suitzako euskaldunak bitartekari

Suitzako Euskal Etxea aritu da Zuricheko Folklore Jaialdia eta Kezka dantza taldearen arteko bitartekari eta babesle lanetan Eibarko dantza taldea bertan izan dadin. Euskal kultura Zurichen ezagutzera emateko ekitaldiak antolatzen ditu eta horien artean Zuricheko Nazioarteko Folklore jaialdian euskal dantza talde baten parte hartzea bultzatzeko laguntza eskaintzen du.

Kezka dantza taldea Yorken 2008
Kezka dantza taldea York-en (Ingalaterra) katedralaren aurrean. Argazkia: Iñaki Zugasti.

Jaialdia irekiko du Kezkak

Ostiralean, uztailaren 1ean, arratsaldeko 17:00etan hasiko da jaialdia, eta lehen ekitaldi horretan, Kuba eta Poloniarekin batera “Baskenland” iragartzen du programak, beraz, jaialdiaren irekieran parte hartuko du Eibarko Kezka dantza taldeak. Ondoren, beste hiru emanaldi eskainiko ditu asteburuan Kezkak. Larunbatean bi emanaldi egingo ditu, eta igandean azken saioa eskainiko du.

Kezka dantza taldea Villach-en Austria 2013
Kezka dantza taldea Villach-en (Austria) Kirchtag 2013 jaialdian. Argazkia: Iñaki Zugasti.

Nazioarteko ibilbidea

Azken hamarkadetan nazioartean hainbat emanaldi eskaini ditu Kezka dantza taldeak, baina Suitzara iritsi gabe zegoen oraindik. 1980 hamarkada hasieran Olivenzan (Extremadura) eta 90koan San Asension (Errioxa) izan ondoren, azken hamabost urteotan Sint Niklaas (Beljika), Roca Grimalda (Italia), York (Ingalaterra), Southampton (Ingalaterra), Szeged (Hungaria), Krakovia (Polonia), Torredembarra (Katalunia), Villach (Austria), Valladolid (Espainia), edo Miranda do Douron (Portugal) izan da Kezka dantza taldea Eibarko eta Euskal Herriko dantzen erakustaldiak eskaintzen.

Bere ohiko dantza errepetorioa, alegia, Arrateko eta Eibarko dantzak izango dira Kezkaren emanaldiaren ardatza. Arrateko trokeo-dantzak eta San Joan eguneko soka-dantza eskainiko ditu Suitzan Kezkak. Horrez gain, Lapurdiko kostaldeko dantzak eta Zuberoako maskaradetakoak ere agertuko ditu, euskal dantzen aniztasunaren argazki txiki bat ezagutzera emateko asmoz.

Kezka dantza taldea - talde argazkia 2016 dantzari eguna
Argazkia: Felipe Loiola.

33 dantzari eta musikari

28 dantzari eta 5 dantzari, guztira 33 lagunek osatzen dute Kezka dantza taldearen espedizioa. Hauek izango dira zehazki:

  • Dantzariak: Maitane Fariñas, Jone Saez, Miren Hazas, Leire Andikoetxea, Egoitz Blanco, Julene Usobiaga, Oier Araolaza, Ekhi Zugasti, Ainhoa Larrañaga, Nagore Fernandez, Luken Aranburu, Maider Otaola, Eider Agirrebeña, Joanes Plazaola, Oihane Llorente, Maddi Alberdi, Olatz Mandiola, Amaia Gorrotxategi, Irati Egiguren, Ander Garitagoitia, Maier Fernandez, Jone Lahidalga, Idoia Lahidalga, Naroa Arrizabalaga, Unai Txurruka, Esther Kareaga, Olaiz Agirrebeña eta Amaia Rodriguez.
  • Musikariak: Andoni Altzibar, Iñaki Barua, Jose Miguel Laskurain, Andoni Urbieta eta Amaia Baglietto.
Kezka dantza taldea - musikariak 2016 dantzari eguna
Argazkia: Felipe Loiola.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude